Erretzeari utzi eta hiru aste geroago, Biriketako funtzioak % 30era arte egiten du gora
30/05/2017

Maiatzaren 31, Tabakorik gabeko Mundu Eguna
- IMQ Prevención enpresak egutegi bat argitaratu du, aztura kentzeko neurri gisa, denboran zehar tabakismoari uzteak osasunari dakarzkion onurak erakusteko
- “Erretzeari uztea ez da erraza, baina lortzen bada, 15 urte barru, gorputza inoiz erre ez balu bezain osasuntsu egongo da, eta norberaren nahiz inguruko pertsonen osasunari on egingo zaio”
Maiatzaren 31 oro, Osasunaren Mundu Erakundeak Tabakorik gabeko Mundu Eguna ospatzen du, tabakismoarekin loturiko osasun-arriskuak agerian jartzeko. Osasun-ondorioak suntsitzaileak dira: tabakoaren kontsumoak 6 milioi pertsona inguru hiltzen ditu urtero, eta kopuru hori, aurreikuspenen arabera, 8 milioitik gorakoa izango da 2030ean. Halaber, tabakoa da lan-arloko gaixotasunen kasua nagusienetako bat, baita laneko gaixotasun askoren larriagotzearena ere.
Euskadiko prebentzio-sektoreko lider den IMQ Prevención enpresako aditu Esther Enalesek adierazi duenez, “tabakoa da hainbat gaixotasun kronikoen –hala nola, minbizia eta biriketako gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak– arrisku-faktore nagusienetako bat. Arriskutsua bada ere, horren kontsumoa oso hedatuta dago. Erretzeari uztea ez da erraza, baina lortzen bada, 15 urte barru, gorputza inoiz erre ez balu bezain osasuntsu egongo da, eta norberaren nahiz inguruko pertsonen osasunari on egingo zaio”.
Horiek horrela, IMQ Prevención enpresak egutegi bat zabaldu du, hiru Lurralde Historikoetan, denboran zehar tabakismoari uzteak osasunari dakarzkion onurak erakusteko. Egutegiak erretzeari uzteak osasunari dakarzkion onurak aurkeztu ditu:
- Erretzeari utzi eta 20 minutu geroago
Tentsio arterialak balio normalak berrekuratzen ditu eta bihotz-maiztasuna normaldu egiten da.
- 8 ordu geroago
Odoletik dabilen nikotina desagertu egiten da eta odoleko karbono monoxido eta oxigenoaren mailak normaldu egiten dira. Suminkortasuna eta antsietatea agertzen dira.
- 48 ordu geroago
Bihotz-infartua izateko arriskua txikiagotzen da. Dastamen eta usaimenean desberdintasunak nabaritzen hasten dira.
- 2-3 aste geroago
Zirkulazioa hobetu egiten da. Biriketako funtzioak % 30era arte egiten du gora. Antsietateak irauten du, baina gero eta txikiagoa da.
- 1-3 hilabete geroago
Hobekuntzak nabaritzen dira, esaterako, eztula, sudurreko kongestioa eta nekea desagertu egiten dira. Arnas infekzioak txikiagotu egiten dira.
- 6 hilabete geroago
Zirkulazioa eta arnas funtzioa nabarmen hobetzen dira. Mendekotasun fisikoa ia desagertzen da, eta larruazalak elastikotasuna eta berezko distira berrekuratzen ditu.
- Urte 1 geroago
Gutxiegitasun koronarioa izateko arriskua erretzaileena baino % 50 txikiagoa da. Erretzaile ohiez mintza daiteke, eta erretzeari berriro ekiteko probabilitateak txikiak dira.
- 5 urte geroago
Bihotzeko gaixotasunen bat izateko arriskua ez erretzaile batena izango da. Biriketako gaixotasun baten ondorioz hiltzeko arriskua erdira txikiagotu da.
- 10-15 urte geroago
Biriketako minbizia izateko arriskua ez erretzaileenen antzekoa da. Gorputza inoiz erre ez balu bezala sentitzen da.
50.000 pertsona hiltzen dira behar baino lehen Espainian tabakoaren eraginez
Tabakismoa Prebenitzeko Batzorde Nazionalak (CNPT) ohartarazten du, urtero 50.000 pertsona baino gehiago hiltzen direla Espainian behar baino lehen tabako-kontsumoaren eraginez eta, horien artean, % 50ek 20 urte galdu dituzte tabakoren eraginez.
Tabakismoa da 29 gaixotasunen (horien artean, 10 minbizi-mota) kausa aitortua. Halaber, bronkitis kasuen % 90 baino gehiago sortzen ditu, baita biriketako minbizien % 95 eta kardiopatia koronarioen % 30 ere. Era berean, esofago, gernu-maskuri, aho-barrunbe eta laringeren minbiziaren eragilea da. Azturari ekiteari dagokionez, 10 eta 14 urte arteko umeengan gertatzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko Osasun Inkestaren (ESCAV) datuen arabera, 2002an gizonen % 25 eta emakumeen % 18 zeuden tabako-kearen eraginpean lantokietan; gaur egun, aldiz, gizonen % 6 eta emakumeen % 3 bakarrik.