• eu
Kontaktatu

Bilboko adineko batzuek 80 urterekin ikasten dute igeri egiten

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba
  • IMQ Igurco Bilbozar adinekoen foru-egoitzak ur-terapiako programa abiarazi du  erabiltzaileentzat. Horietako batzuek oraindik ez dakite igeri egiten.
  • Hidroterapiari esker, adinekoek hezur eta muskulu-aparatua indartzen dute, mugikortasuna eta zirkulazio linfatikoa hobetzen dituzte, oreka hobetzen dute, bihotz-biriketako ahalmena lantzen dute eta loaren kalitatea hobetzen dute.
  • Halaber, alde minbera edo hanpatuak arintzen zaizkie eta, uretan dauden bitartean, beheko gorputz-adarren astuntasun-sentsazioa eta min fisiko eta giltzaduretako min asko desagertzen zaizkie.

Bilboko IMQ Igurco Bilbozar adinekoentzako egoitza eta eguneko zentroak –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa– programa berria abiarazi du Miribilla auzoko Bilbao Kirolak erakundeko kiroldegiarekin elkarlanean, ur-terapiaren bitartez adinekoen sustapen fisikorako. Hortaz, egoitza horretako profesional soziosanitarioek berariaz taxututako programa horren bidez, egoitzako erabiltzaileen bi taldek, emakumek nahiz gizonek osaturikoek, udal-igerilekuan ariketa terapeutiko batzuk egiten dituzte, egoitzako fisioterapeuta David Estalloren kontrol eta zuzendaritzapean.

IMQ Igurco Bilbozar egoitzako fisioterapeutak adierazi duenez, “ingurune urtarrak adinekoei  ariketa ugari egitea errazten die, zeren eta, uretan lan egiten denez,  erresistentzia-maila handiago batekin egiten baitira, baina flotagarritasunari esker, pisua arintzen zaiela sentitzen dute eta, hortaz, arintasuna eta mugitzeko askatasun ia osoa sentitzen dituzte”.

Ekimen horren onurak egoitzako adinekoentzat hain erakargarriak direnez, ur-jarduera horietan igeri egiten ez dakitenek ere eman dute izena, eta horietako batek baino gehiagok 80 urtetik gora dauzka, “eta beste batzuek artrosi arazoak eta mugikortasun  urria dituzte”.

David Estallok, IMQ Igurco Bilbozar egoitzako fisioterapeutak, hauxe azpimarratu du: “ariketen intentsitatea txikia izateak eta errepikapen ugari egoteak onura ugari dakartzate, hala nola, hezur eta muskulu-aparatua (bizkarra, zangoak eta besoak) indartzea, mugikortasuna eta zirkulazio linfatikoa hobetzea, oreka hobetzea (erortzeko arriskua txikiagotu egiten da), bihotz-biriketako ahalmena lantzea eta loaren kalitatea hobetzea (adinekoak lehenago lokartzen dira eta loaldiak luzeagoak dira). Halaber, alde minbera edo hanpatuak arintzen zaizkie eta, uretan dauden bitartean, beheko gorputz-adarren astuntasun-sentsazioa eta min fisiko eta giltzaduretako min asko desagertzen zaizkie”.

IMQ Igurco Bilbozar egoitzako animazio soziokulturaleko teknikari Mónica Cuevasek azaldu duenez, “hasiera batean, bi talderekin abiarazi dugu programa, emakume-talde batekin eta gizon-talde batekin. Talde bakoitzak saio bat du, ostiraletan, goizez. Saioen iraupena ordu betekoa da, nekatu ez daitezen”. Adinekoek igerilekuan aritzeko beharrezko guztia dute: txanoak, bainujantziak eta eskarpinak. Eta fisioterapeutaren zuzendaritzapean eta laguntzaile baten laguntzaz, “segurtasun-berme handienekin egiten da jarduera”.

Teknikariaren aburuz, “gogo handiz ekin diogu proiektu horri, eta egoitzako erabiltzaileek guztiz babestu dute gure proposamena, poz-pozik baitaude ekimenarekin. Deigarri gertatu zaigu, batez ere, adineko batzuek beren buruak hobetzeko duten grina: adinekoak badira eta igeri egiten ez badakite ere, ez dute ingurune urtarrera ohitzeko eta profesionalek gidatutako hidroterapiari onura ateratzeko aukera galdu nahi izan”.