• eu
Kontaktatu

Bilboko adineko batzuk arte sorkuntzan murgildu dira AmiArte elkartearen eskutik

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba
  •  “Pertsonak aldatu egiten ditu arteak. Artea tresna itzela da giza garapenerako eta pertsonak gizarteratzeko”.
  • “Egoera, belaunaldi eta maila desberdinak egon izanak taldekide guztiak aberastu ditu. Adineko izatea ez da arterako arazoa izan behar, kontrakoa, baizik”.

IMQ Igurco Bilbozar egoitzako –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa– adineko batzuek arte-prestakuntza eta sorkuntzako jarduera bat hasi dute AmiArte Elkarteko kideen laguntzarekin, Bilboko erdialdean (elkartearen egoitza Gordoniz kaleko 41. zenbakian dago).

Elkarte horretako profesionalek, sorkuntza-prozesuei ekiten esperientzia handia dutenek, arte-teknikak azaldu dizkiete adinekoei, baita artearen hastapenak eta arte-munduan sortzeko oinarrizko ezagutzak irakatsi eta era guztietako zalantzak argitu ere. Esperientzia horretan parte hartu duten adineko batzuk beste herrialde batzuetakoak direnez, kulturartekoa ere izan da jarduera.

IMQ Igurco Bilbozar egoitzako taldea 69 eta 91 urte arteko emakume eta gizon batzuek osatu dute; sorkuntzak “izugarri libre egin ditu adinekoak, eta horiek buru-belarri ari izan dira”, adierazi du Begoña Intxaustegi margolari eta Arte Ederretan doktoreak. Izan ere, emaitzak “harrigarriak” izan dira eta egoitzako hormetan daude ikusgai, haien senideek eta zentroko langileek ikus ditzaten. Proiektu hori abiarazi zenetik, adinekoak astero joaten dira AmiArte elkartera arte-sorkuntza gozatu eta horren bidez beren buruak adieraztera.

Begoña Intxaustegiren aburuz, “artea adiskide ona da bizitzako gatazkekin konektatzeko eta kalteberak izan daitezkeen gizataldeetako pertsonei, esaterako, adinekoei, espazioa emateko. Gure ustez, artea giza garapenerako eta pertsonak gizarteratzeko  tresna itzela da”.

Horrek adierazi duenez, “IMQ Igurco Bilbozar egoitzako adinekoekin burutzen ari den proiektuak ekimen komunitarioa izan nahi du, belaunaldiak elkartzen dituena eta adinekoak auzoko egoera sozialarekin harremanetan jartzen dituena, alegia. Adin eta kultur desberdintasunak alde batera utzi ditu proiektuak, eta taldean egiten da, artearen bidez giza adierazpena errazten duen sorkuntza-lana egiteko”.

Aisia aktiboa, sortzailea eta komunitarioa

Bestetik, Mónica Cuevasek, IMQ Igurco Bilbozar egoitzako animazio soziokulturaleko teknikariak, hauxe adierazi du: “aisia aktiboko eta komunitarioko jarduerek adinekoak estimulatzen dituzte beti. Kasu honetan, motibazioa eta estimulazioa handiagoak dira, ohiko ingurunetik, hots, egoitzatik, irteten direlako eta auzoko bizitza sozialean erabat sartzen direlako eta horren dinamismoaren partaide sentitzen direlako; aldi berean, beste pertsona batzuekin dituzte harremanak, hala nola, AmiArte elkarteko boluntario eta prestatzaileekin (horietako batzuk, beste herrialde eta kultura batzuetakoak), eta ikasteaz gain, harreman sozial berriak sortzen dituzte”.

Proiektua, hortaz, hauxe dakarkie: “arte, pintura eta kolorearekiko pasio ezkutuak azaleratzen dira, baita, sortzen den bitartean, bizirik badaudelako sentsazioa ere. Ekimen horren eskutik, adinekoak beren obren protagonista bilakatu dira”.

Halaber, IMQ Igurcok adituak honi balio handia ematen dio: “AmiArteko artisten laguntza, eskeei eta iradokizunei adeitsuki erantzuten baitizkiete. Gure artelanak egiteko orientazioa ematen digute eta gidatzen gaituzte”.

Aitortu duenez, “adinekoei barruko kezkak ateratzen eta mihisean sentitzen dutena eta haztarazten dietena irudikatzen laguntzen zaie. Lehenengo saioa amaitu denean, mihise markoztatu bat IMQ Igurco Bilbozar egoitzara ekarri dugu, zentroko hormak kolorez janzteko, gureago egiten jarraitzearren”.

Egoitzako animazio soziokulturaleko teknikariaren iritziz, “saioak amaitzean, gogobetetasun, lorpen eta norbera gai delakoaren sentsazioak antzematen dira giroan, eta parte-hartzaile bakoitzaren irribarreak eta begietako distirak harrotasun argia eta ona erakusten dute. Gelatik irtetean entzuten diren esaldi hauek dira horren erakusgarri: «nire adina izanda ere egin dudana» eta «nork esango lidake».