• eu
Kontaktatu

Bilboko adinekoek yoga ikasten dute egoitzan pandemia hobeto pairatzeko

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba
  • Lasaitzeko ariketak eta teknikak bateratzen, IMQ Igurco Bilbozar egoitzako adinekoak poz-pozik daude fisioterapeuta batek ematen duen ekimen berriarekin.
  • Jarduera hori Aldauri Fundazioaren “Bilboko auzo garaien denbora-bankua adinekoen zerbitzura” delakoaren barruan egiten da, IMQ Igurco Bilbozar egoitza horren partaide baita.

 

Bilboko IMQ Igurco Bilbozar zentro gerontologikoko –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko kidea– adinekoek “Adinekoei egokitutako yoga-tailerra” izenekoan parte hartu dute, Rocío Barranco Moreno fisioterapeutaren eskutik. Jarduera hori Fundación Aldauri fundazioaren ‘Bilboko auzo garaien denbora-bankua adinekoen zerbitzura’ delakoaren barruan egiten da, egoitza eta eguneko zentroa horren partaide baita, duela urte batzuez geroztik.

“Familiek ontzat eman dute eta zentroko adinekoak poz-pozik daude, beti ikasteko eta esperientzia berriak izateko irrikan baitaude”, azpimarratu du Mónica Cuevasek, Bilbozar-eko animazio soziokulturaleko teknikariak, “eta bizikidetza-unitate bereko zortzi pertsonako talde txiki batekin egiten dugu jarduera. Egoitzako adinekoei eta profesionalei txertoa jarri zaienez eta immunitatea lortu dutenez, pandemiak etendako jarduera soziokulturalen erritmoa berreskuratzen hasi gara”.

Rocío Barrancok adierazi duenez, “tailerrean adinekoen gaitasunetara egokitutako yoga egiten dugu, eta mugikortasun orokorra eta gorputzaren kontzientzia jorratzen ditugu, buruaren eta gorputzaren arteko konexio hobea lortzeko. Gainera, tailerrean indarra, oreka eta kontzentrazioa lantzen ditugu eta, azkenik, meditatzen dugu erlaxatzeko”.

Fisioterapeutak azaldu duenez, “hasiera batean, tailerra lurrean esteratan etzanda egiteko pentsatuta zegoen, baina kontuan hartuta adinekoei zuzenduta dagoela, parte-hartzaileen gaitasun funtzionaletara egokitu dugu, eta, beraz, eserita edo zutik egiten da, aulki baten bizkarraldean bermatuta”.

Adituak oso iritzi ona du “Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalako auzotarrek Aldauri Fundazioaren bitartez martxan jarri duten ‘Bilboko auzo garaien denbora-bankua adinekoen zerbitzurako’ ekimen komunitarioari buruz; gauzen balioa gauzok egiten ematen den denboran dago, diruan beharrean, eta pertsonen arteko ezagutza- eta jarduera-truke oso aberasgarria lortzen da”.

Mónica Cuevasen hitzetan, “egoitzako adinekoek ondo deritzote haiei egokitutako yoga-tailerra egiteari, alde fisikoa nahiz mentala lantzen dituztelako, eta COVID-19aren errealitatetik eta pandemiak eragiten duen estresetik aldentzen dituzte pentsamenduak; halaber, kemena, bizitasuna eta buruaren eta gorputzaren arteko konexioa areagotzen ditu haiengan”.

IMQ Igurco Bilbozar egoitzak ‘Bilboko auzo garaien denbora-bankua adinekoen zerbitzura’ izenekoak antolatu ohi dituen jarduera batzuetan parte hartu du, hala nola, Konekta programan –zentro gerontologikoko adinekoak Interneten eta komunikazioaren teknologia berrien erabileran trebatzen dira–, edo sentsibilizazio-ekimenetan, esaterako, lehengaiak aprobetxatzeaz, hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeaz, edo adinekoen eta auzotarren arteko gutun-trukea.