• eu
Kontaktatu
  • IMQ IGURCOK laguntzen zaitu
  • EHUko Arte Ederretako ikasleak belaunaldien arteko sorkuntza komuneko proiektu bat garatzen ari dira adinekoekin

EHUko Arte Ederretako ikasleak belaunaldien arteko sorkuntza komuneko proiektu bat garatzen ari dira adinekoekin

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultatea eta Erandioko (Bizkaia) IMQ Igurco Unbe egoitza soziosanitarioa elkarrekin lantzen ari dira, 2018aren bukaeraz geroztik, ikasleen eta adinekoen belaunaldiarteko topaketa eta sorkuntza komuneko proiektu bat. Proiektu horren barruan, egoitzako adinekoak Arte Ederren Fakultatera joan dira, bertako espazioak ezagutu eta ikasleekin lantegi batzuk egitera. Han, ikasleek gidatuta, sorkuntza artistikoko modalitate eta teknika batzuk esperimentatu ahal izan dituzte, adibidez: buztina, 3D betaurrekoak, errealitate birtuala, marrazteko tableta grafikoak, biniloen diseinu eta inprimaketa eta risografia. Proiektu osoan, guztira 86 ikasle –horietatik zortzi Erasmuseko ikasleak– eta zentro soziosanitarioko hamabost egoiliar parte hartzen ari dira.

Ione Sagasti Alegría eta Izaskun Álvarez Gainza irakasleak –Arte Ederren Fakultateko Irudigintza Saileko irakasleak–, Nahia Zamanillo Arrestirekin batera –IMQ Igurco Unbeko terapeuta okupazionala–, lantzen ari diren proiektuari buruz honela mintzatu da Izaskun Álvarez irakaslea: “Arte Ederren Fakultateko ikasleen eta zentro soziosanitarioko egoiliarren artean belaunaldien arteko topaketaren eta elkarrekin sortzearen garrantzia azpimarratzen saiatzen da. Belaunaldien arteko topaketa horren bidez, kontakizun pertsonalak lotu eta bizipenak berreskuratu nahi dira, esperientzia komun batean oihartzunak sortzeko”.

Irudigintza I eta Grafika Teknologikoa ikasgaietan, ikasleek aldizka zentro soziosanitarioa bisitatzen dute eta egoiliarrekin askotariko jarduerak egiten dituzte sorkuntza artistikoaren inguruan. “Egoitzako adinekoak, haiek erabiltzen dituzten espazioak, haien biografia eta oroitzapenak hartzen dituzte jardueraren ardatz modura”.

Nahia Zamanillo terapeuta okupazionalak adierazi duenaren arabera, “azterlan askotan frogatu denez, sormen artistikoak ezaugarri terapeutikoak ditu, lantzen duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen du eta pertsona horiek kognitiboki estimulatzen ditu, oroitzapenen bidez, irudimena piztuz, etab. Margolaritzak eta irudigintzak mugimendurako eta komunikaziorako onura asko dituzte, arreta, pazientzia, iraunkortasuna eta sormena lantzen laguntzeaz gain. Onura horiek oso desiragarriak dira adinekoentzat eta, kasu honetan, proiektuan dena eman dute, bai ikuspegi artistikoa kontuan hartzen dutelako, bai gazteekin belaunaldien arteko jarduera bat egiteak ilusioa pizten dielako”.

Azarotik orain arte, fakultateko ikasleek eta egoitzako adinekoek hainbat topaketa egin dituzte. Horietan, bi kolektiboek beren gaitasun artistikoak garatu eta artelan askotan irudikatu dituzte. Lanak IMQ Igurco Unbeko aretoetan ikusgai dagoen erakusketa batean bildu dira dagoeneko.

Grafika Teknologikoa ikasgaiko ikasleak "Súper Vital” izeneko argitalpen bat lantzen ari dira. Esperientzia horri buruzkoa da eta egoitzako adinekoen bizitzako hainbat istorio jasoko ditu. Maiatzaren 10ean aurkeztuko da, 11:00etan, egoitza soziosanitarioan.

Ione Sagasti Alegría irakasleak hauxe nabarmendu du: “Ikasturte honetan abiatu den esperientzia honetatik haratago, proiektuko kolaborazio honi jarraipena emateko asmoa daukagu, ikasleek egoitzako adinekoen eguneroko bizitza hobetzearen inguruko praktikak, gradu amaierako lanak, proiektuak eta jarduerak egitearen bidez, artearen, irakaskuntzaren eta belaunaldien arteko topaketa baliatuta”.