• eu
Kontaktatu

Eguneko zentroak baliabide eranginkorra dira adinekoen gaitasun funtzional eta kognitiboa iraunarazteko

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba
  • Eguneko zentroak ezinbesteko laguntza dira zaintzaile askoren eguneroko lanean, eta zerbitzu profesional oso espezializatua ematen dute.
  • Zentroetan arreta soziala, psikologikoa eta sanitarioa ematen dira eta, gainera, milaka adinekoen bakartze soziala eta bakardadea saihesten duten baliabidea dira zentroak, beti, segurtasun-neurri guztiekin.

 

Lehenengo uhin pandemikoak etxeko konfinamendua ekarri zuen milioika lagunentzat,  baita adinekoen eguneko zentroen itxiera ere, Estatu osoan. Azken hamarkadotan parerik izan ez duen osasun-egoera batek eragindako egoera hori dela eta, milaka adinekok ez dute profesional soziosanitarioen arreta jasotzen, nabarmen murriztu dira adinekoen gizarte-harremanak eta laguntza, eta zaintzaileengan utzi da pertsona horiek eguneko zentroetan jasotzen zituzten zaintza-mota desberdinen pisua.

Zaintzaileen Eguna dela eta –Geriatria eta Gerontologiako Espainiako Sozietateak ezarritakoa– Aitorrek (Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko IMQ Igurco Aiboa Getxo adinekoen eguneko zentroaren erabiltzaile baten semearen gezurrezko izena) hau adierazi du: “adinekoak askoz orekatuago egon daitezen balio dute eguneko zentroek. Askotan, etxean daudenean, eserita egon eta telebista ikusi besterik ez dute egiten eta, beraz, mugikortasun eta gaitasun kognitibo handia galtzen dute; izan ere, etxe askotan, adineko pertsonen behar jakin batzuei erantzuteko ditugun gaitasunak eguneko zentro batean dituztenak baino mugatuagoak eta ezagutza gutxiagokoak dira”.

Senide horren aburuz, “pandemiaren lehen hilabeteetako konfinamendua egin zenean, nabaritu egin nuen amak mugikortasun handia galdu zuela, ezin baitzuen kalera irten, ezta eguneko zentroan egiten zuen gimnasia egin ere. Eta kognitiboki ere okerrera egin zuen. Seme naizen aldetik, nire aburuz —eta, agian, zuzena ez den zerbait esaten ari naiz —, hobea da eguneko zentroak duen eragina, nahiz eta etxetik irteteak izan dezakeen nolabaiteko arriskua hartu. Uste dut, eguneko zentroetako segurtasun-protokoloak egiten ari diren bezala, arrisku onargarria dela. Arriskuen eta onuren artean, aztertzekoa baita”.

“Nire ama bezalako pertsonengan, hots, jendea nekez ezagutzen duten horiengan, ikusten duzu denbora aurrera doan heinean gurpil-aulki batean geratuko direla, jarduerarik egiten ez badute, zeren eta etxean, korridorean aurrera eta atzera, mugikortasun handia galtzen baitute. "Kasu horretan, etxetik irteteak arriskua dakar, arazoren bat izateko arriskua, bizitzan denak bezala, baina, nire ustez, agian, atrofiatuta geratzeko arriskua okerragoa izan daiteke. Neure ikuspegia da. Ulertzen dut beste pertsona batzuek bestelako moduan ikustea”, adierazi du eguneko zentroaren erabiltzailearen semeak.

Baliabide eraginkorra, martxan badagoena

IMQ Igurcoko Getxoko eguneko zentro horretako gizarte-langile Sonia Roblesek, bestetik, hau adierazi du: “eguneko zentroak baliabide eraginkorrak dira adinekoen gaitasun funtzional eta kognitiboa iraunarazteko. Adineko pertsonak zaintzen oso espezializatuta dauden profesional soziosanitarioen jakintza-alor anitzeko talde batek egiten duen lanaren bidez, zaintzaile askoren zaintza-karga arintzen dugu, lana eta familia bateragarri egiteko arrazoiak direla eta, senidea zaindu ezin dutelako edo beren ardurapeko adineko pertsonek behar dituzten zainketak zailak edo gogorrak direlako, eta gure laguntza dute haien senideen beharrak betetzeko”.

Halaber, hauxe esan du gizarte-langileak: “gaur egun, eguneko zentro guztiek segurtasun-protokolo zorrotzak betetzen dituzte, koronabirus berriak eragindako infekzio-arriskua ahal den neurrian murrizteko. Inoiz ez dago zero arriskurik, ezta etxeetan ere; horregatik, egoera bakoitza bere osotasunean baloratu behar da, banan-banan, eta adineko bakoitzari ondoen datorkiona erabaki behar da”.

IMQ Igurco Aiboa Getxo eguneko zentroko gizarte-langilea honetaz ere ari izan da: “eguneko zentro batera joateak onurak dakartza, etxean beti dauden adineko asko pasatzen ari diren bakardade eta isolamenduarekin alderatuta. Prebentzio-neurri hori eragin iatrogeniko nabaria izaten ari da adinekoentzat eta, oraindik ere, ez da behar bezala baloratu zientifikoki”.

Azaldu duenez, “eguneko zentroan, profesionalek adineko pertsonen osasuna zaintzen dute, modu presentzialean zein birtualean. Adibidez, gure psikologoak modu telematikoan jarraitu eta ebaluatzen ditu gogo-aldartea eta gaitasun kognitiboak, bideo-deien bidez, modu pribatuan. Gerokultore, mediku, erizain, psikologo, fisioterapeuta, gizarte-langile eta garbiketako langileek osaturiko taldea gara, eta gure izateko arrazoi bakarra da guregan konfiantza duten pertsonei eguneko zaintzarik onenak ematea”.