• eu
Kontaktatu

Euskadiko hainbat egoitzak adinekoen loaren kalitatea hobetzeko programa bat ezarri dute

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba
  • Carlos III Osasun Institutuak (ISCIII), Osasun Zainketen Ikerketa Unitatearen bitartez (Investén-ISCIII), sustatutako SueñOn proiektuari atxiki ostean hartu diren neurriei esker.
  • Neurri materialak, profesionalak nahiz kudeaketarekin loturikoak ezarri dira adinekoen loaldiaren kalitatea hobetzeko.
  • Hobekuntza-prozesu horretan, profesionalek ez ezik, egoitzako adinekoek eta beren senideek ere parte hartu dute.

IMQ Igurcok, Euskadiko adinekoei zerbitzuak ematen dizkieten erakunde nagusienetako batek, egoitzetan SueñOn proiektua abiaraztea erabaki du. Ekimen hori Carlos III Osasun Institutuak (ISCIII) sustatu du, Osasun Zainketen Ikerketa Unitatearen bitartez (Investén-ISCIII), ospitaleratutakoen egonaldia hobetzeko helburuz. Orain, arlo soziosanitarioan sustatzen ari da proiektua, egoitzetako adinekoen atsedenaldi eta loaldiaren kalitatea hobetzearren.

Hortaz, Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioa taldeko lehena izan da Humanizazio proiektuaren esparruan proiektu horri atxikitzen: “SueñOn proiektua funtsezko elementuetako bat da gure egoitzako adinekoen atsedenaldia eta loaldia hobetzeko aldagaiak identifikatu, landu eta faboratzeko”, adierazi du IMQ Igurco-ko mediku geriatriko Naiara Fernandezek.

Medikuak azaldu duenez, 2019an, Humanizazio Batzordea eratu zen osasun-profesionalekin, zuzendariekin eta Kalitate arduradunekin. Batzorde horrek hainbat ildo estrategikotan lan egin du egoitzan, “pertsona xede izanda”, hala nola, “loaldia eta atsedenaldia hobetzeko estrategiari ekiteko”.

Lan horri ekiteko, beraz,“egoeraren diagnostikoa egin da eta elkarrizketak egin dira egoitzako adinekoekin eta beren senideekin, eta hobetu beharreko alde asko aurkitu dira”. Alderdi horien artean, geriatrak jada hartu diren neurri batzuk aipatu ditu, hala nola, “erizaintzako eta garbiketako orgen gurpilak aldatu dira, zaratarik egin ez dezaten; korridore eta alde komunetako argitasuna kontrolatzeko gailuak jarri dira (beti argi nahikoa egon dadin, segurtasunagatik); burkoak eta koltxokiak sistemaz aldatzen dira, adinekoen beharren arabera; gaueko esku-hartzeetan profesionalen beraien zainketa sustatu da, eta egoitzako adinekoei, esnatu gabe, jarrerak aldatzen eta diuresia kontrolatzen zaizkie”.

Adituak dioenez, “Orue egoitzan ezarri diren neurri horiek Taldeko gainerako egoitzetara hedatuko dira datozen asteotan, adinekoen eta beren senideen artean harrera ona izan dutelako”. Adierazi duen bezala, “beste neurri batzuetan lan egiten ari gara, esaterako, txirrinen ozentasuna eta igogailuen zarata jaisten, aurten haien atsedenaldian ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten”.

IMQ-ko kliniketan, 2017. urteaz geroztik

IMQ Taldeko Kalitate eta Pazientearen Segurtasuneko arduradun Isabel Urrutiak adierazi duenez, IMQ Igurco Taldeko egoitzetan jada ezarri den neurri hori, “IMQ Taldeko Humanizazio Planarekin bat dator, horrek, 2017. urteaz geroztik Zorrotzaurre eta Virgen Blanca klinikak SueñOn proiektuari atxikitzea aurreikusi baitzuen”.

Proiektu horri esker, 2018an % 21,8 hobetu ziren IMQ Kliniketan ospitaleratutakoen iritzi onak atsedenaldiari eta lo-orduak errespetatzeari buruzko gogobetetasun-indize orokorrei dagokienez.

2018. urteaz geroztik eta 2019. urtean zehar, “emaitza onak iraunarazteko, hainbat ekintza ezartzen jarraitu da, hala nola, pazienteen oheak aldatu egin dira, ergonomia hobea dakarten burkoak erabiltzen dira, pazienteei tenperatura neurtzeko ordutegiak aldatu egin dira eta ebakuntza programatuak dituzten paziente ospileratuen atsedenaldia hobetu egin da”.

Kalitateko arduradunak azpimarratu duenez,“gure ustez, egoki atseden hartzea oso garrantzitsua da pazienteak azkar senda daitezen; hortaz, gogobetetze-inkesten emaitza onek gure lana babesten dutenez, SueñOn proiektuan lan egiten jarraituko dugu”.