• eu
Kontaktatu

Leioako belaunaldiak eta kulturak elkartzen ditu arteak

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba
  • Baterako jardueren egutegidun proiektu horrek euskal gazteak –horietako batzuk, kultura ezberdinetakoak– eta Leioako adinekoak elkartzen ditu.
  • Artea da jardueren ildo nagusia, eta era askotako ekimen daude, hala nola argazki-erakusketa bat Leioako dendetan, Zabalketa GGKEri eta horren SolidariUp proiektuaren lankidetzari esker.

 

2019ko urrian, pandemia hasi baino lehentxeago, Fidias Fundazioa (arteen bidezko integraziorako eta pertsonen arteko garapenerako fundazioa) eta Leioako IMQ Igurco Estartetxe adinekoentzako eguneko zentroak (Bizkaiko Foru Aldundiaren gizarte-azpiegituren sarekoa) indarrak batu zituzten, integrazioko eta belaunaldiarteko jardueren bitartez, xede dituzten kolektiboei on egiteko, hala nola haurrei, nerabeei eta adinekoei.

Lankidetza hori, harrabots pandemikoaren eraginez arindu beharrean, bultzada handiagoz berrartu da ‘Belaunaldiak-Generaciones’ proiektuaren bidez. Proiektu horren barruan jarduera egutegi biribila dago, eta jarduera horietako batzuk badaude martxan eta uda hasi arte luzatuko dira.

Aurreikusitako ekimenen artean, hauek dira nabarmengarriak: elkarrekin egiten diren tailerrak, argazki-erakusketa bat Leioako dendetan, Zabalketa GGKEri eta horren SolidariUp proiektuaren lankidetzari esker; halaber, bideo-dokumental bat editatuko da, prozesu horren lagungarri, tailerretako lana, parte-hartzaileen artean sortzen diren harremanak eta lehen eskuko testigantzak bilduko dituena.

Era berean, aurkezpen orokorra egingo da Kultur Leioako entzunaretoan maiatzaren 27an, ostiralean, 17:30ean. Ekitaldi horretan belaunaldiarteko proiektuaren edukia azalduko da, bideo dokumentala ikusi ahal izango da eta parte hartzen ari diren gazteen eta adinekoen testigantzak adieraziko dira. Ekitaldia udalerriko bizilagunen eskura egongo da.

Integrazio komunitarioa

Leioako IMQ Igurco Estartetxe adinekoentzako eguneko zentroko gizarte-langile Sonia Roblesek azpimarratu duenez, «eguneko zentroko erabiltzaileen integrazio komunitarioa lortzeko –horixe baita adinekoak zaintzen ditugun zentroen helburuetako bat–, pertsona horiek ordezkaritza izan behar dute bizi diren udalerrian, eta, gainera, ingurune horretako funtsezko piezatzat hartu behar dira. Horrela, beste talde, erakunde eta kolektibo batzuetako pertsonekin batera, norbere balio eta autoestimu zentzua berreskura dezakete, eta elkar aberastu ikaskuntzez, esperientziez eta balioez».

«Gainera, gure ustez» jarraitu du azaltzen gizarte-langileak, «esperientziak partekatzen eta adinekoak zaindu eta horiengandik ikasten dituzten komunitateek gizarte garatuagoak, bidezkoagoak eta enpatikoagoak eratzen dituzte. Horregatik uste dugu ‘Belaunaldiak-Generaciones’ proiektuak, horretan parte hartzen duten kolektiboak gainditzen dituela eta, areago, eragin positiboa duela gizarte osoan, leioatar guztiengan, eta onura komunitarioa dakarrela».

Trebetasun emozional eta sozialerako prestakuntza

Proiektu horretan parte hartzen ari diren Fidias Fundazioko gazte batzuk beste udalerri eta kultura batzuetakoak dira. Fidias Fundazioko Proiektuen arduradun David Aldayen hitzetan, «Leioako udalerrian inpaktu bat sortzea da gure helburua, eta, horretarako, gure kolektiboak ikusarazteko ekintzak egiten ditugu, emozioari eta lan komunitarioari zuzenean hel egiten dien lan baten bidez».

Proiektuaren xedea, azaldu duenez, hau da: «ezagutzak, esperientziak, gaitasunak, balioak eta tradizio kulturalak partekatzea, eta parte-hartzaileen sentsibilitatea parte hartzen duten adin-taldeengana bideratzea. Eta prozesu horretan zehar, arteaz baliatzea, bere adierazpen desberdinen eskutik. Trebetasun emozional eta sozialetan prestatzeak berebiziko garrantzia du pertsona guztien prestakuntzan eta hezkuntzan; izan ere, bizitza osoan laguntzen duten baliabideak eratzen dituzte, eta aipatutako arazoak prebenitzen edo txikiagotzen lagun dezakete».

‘Belaunaldiak-Generaciones’ izenekoaren antolatzaileek adierazitako helburuen artean, hauek aipatu daitezke: adinekoak historia, kultura eta balioak transmititzeko duen rola indartzea; adinekoek beren inguruko prozesu soziokulturaletan parte har dezaten sustatzea, eta belaunaldien arteko elkar ezagutza sustatzea, parte-hartzaileen gizarte- eta komunikazio-trebetasunak indartuta.

Azpimarratzekoak dira, halaber, adingabeek jarrera aldatu izana adinekoaren irudiarekiko, tabuak eta estereotipoak deseraikiz; adinekoen motibazioa eta ohiko jarduera areagotzea; eta parte-hartzaileen arteko loturak garatzea, enpatian oinarrituta eta beste errealitate batzuekiko sentsibilitatea piztuta.

Dinamika hori etorkizunean hedatuko delako itxaropena

Leioako Udaleko Gizarte Ongizate eta Adinekoen Sailekoek, bigarren alkateorde Juan Carlos Martínezen berben eskutik, bi erakundeak zoriondu dituzte, «belaunaldiarteko proiektu hori egin, kudeatu eta garatzean izandako egokitasunagatik eta abileziagatik». Udaleko arduradunak proiektuan esku hartzen ari diren erakudeei hau jakinarazi nahi die: «gure laguntza zintzoa, Udalaren partez behar izan zezaketen guztian laguntzeko, proiektuak bere helburuak lor ditzan. Zalantzarik gabe, gero eta bakartuago dagoen gizarte batean, hain trinkoak ez diren sareak dituen eta gizabanakoek elkarrekintzak berdinkideetara eta, gehienbat, komunikazio-plataforma berrien bidez –eta horrek, azkenean, asegabetasun-dosi handiak eragiten ditu, eta, aldi berean, frustrazioarekiko tolerantzia-dosi txikiak– murrizten dituzten gizarte batean, horrelako ekimenek –harreman estuan oinarritzen direnak eta populazio-piramidean elkarrengadik urrun dauden adin desberdinetako profilen artean sozializatzen saiatzen direnak–, onura itzelak ekartzen dizkiete bi taldeei. Halaber, belaunaldien arteko arrakala txikiagotzen du, adinekoen urritasun kognitiboa moteltzen du eta gazteen eskura aukera interesgarriak jartzen ditu, eta, hortaz, bi taldeei bizi-esperientzia aberasgarriak ematen dizkie. Gainera, artearen eta kulturaren bidez». Juan Carlos Martínezek hau opa die: «zorterik onena bi erakundeei eta, batez ere, dinamika hori etorkizunean hedatuko delako itxaropena».