• eu
Kontaktatu

Mendeko pertsonen 50 senide zaintzaileri egin die omenaldia Getxok

Residencia de ancianos. Residencia para mayores y tercera edad en Bilbao Bizkaia y Vitoria Gasteiz Araba
  • Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Elena Coriak, Getxoko Udalaren izenean, jendaurrean aintzat hartu du zaintzaileen lana mendeko pertsonen Senide Zaintzaileen I. Topaketan.
  • Topaketan IMQ Igurco-ko Naiara Fernández mediku geriatraren hitzaldia izan da. Geriatrak zaintzailearen gehiegizko lana prebenitzeko alarma-seinaleak adierazi eta osasuna zaintzeko aholkuak eman ditu.
  • Ekitaldi horretan Getxoko San Ignacio Eskola herri-ikastetxeko hainbat ikasle egon dira, udalerrian aurrera eramaten ari den belaunaldien arteko lanaren adierazpen gisa.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Elena Coriak, Getxoko Udalaren izenean, jendaurrean aintzat hartu ditu mendeko pertsonen 50 senide zaintzaileri. Senide horiek, Zaintzaileen Nazioarteko Eguna dela eta (azaroaren 6a), Erromoko Kultur Etxean antolatutako mendeko pertsonen Senide Zaintzaileen I. Topaketan parte hartu dute.

Ekitaldiari hasiera emateko, udal-esparruaren kanpoaldean bilera bat egin zen omenaldia jasoko zuten zaintzaileekin eta Getxoko San Ignacio Eskola herri-ikastetxeko ikasleekin eta irakasleekin —herriko eguneko zentroan belaunaldien arteko jardueretan parte hartzen dutenak—, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariekin, IMQ Igurco-ko arduradun eta profesionalekin eta Topaketaren programaren edukian interesa duten guztiekin.

Bertaraturikoen argazkia atera ondoren, lehenengo jarduerari ekin zitzaion, hots,  IMQ Igurco-ko Naiara Fernández mediku geriatraren hitzaldiari: “Diario de un camino contigo”. IMQ Igurco-ko Eguneko Zentroetako zuzendari Eneritz Elgezuak aurkeztu zuen aditua.

Mintzaldian, geriatra bertaraturiko Getxoko zaintzaileei, gehiegizko lana dagoelako alarma-seinaleez aritu zitzaien, hala nola: “suminkortasuna, ohiko haserrealdiak, tolerantziarik eza, neke iraunkorra, atsedenik eza eta atseden kaskarra, denboraldi jakin batean hainbat gaixotasun agertu izana (maizago joaten da osasun-zerbitzuetara) eta gizarte-harreman gutxiago izatea, besteak beste”.

Era berean, adituak hainbat aholku baliagarri eman zizkien zaintzaileei beren buruak hobeto zaintzeko, esaterako, “jarduera fisikoren bat egitea, posible bada, behar beste lo egitea eta loa indarberritzailea izateko baldintzak jartzea, etxetik kanpo lan egiten bada ondo antolatzea eta, behar izanez gero, etxeko zainketa-plan batez baliatzea eta laguntza teknikoren bat izatea (gurpil-aulkia, …)”.

Era berean, baliagarri gerta daiteke “behar izanez gero, senideei, Administrazioei eta enpresa espezializatuei laguntza eskatzea; oporrak edo atseden hartzeko denboralditxoak ez baztertzea eta, azkenik, mendeko pertsonaren eboluzioagatik errurik ez leporatzea, zaintzaile izatea oso zeregin zaila baita, zaintzailearen menpean ez ezik, faktore askoren menpean baitago”.

Ondoren, Getxoko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Elena Coriak mendeko pertsonen zaintzaileei etxean laguntzeko programaren sorrera eta ezaugarriak azaldu zizkien bertaraturikoei. Programa aitzindari hori Udalak abiarazi du, eta IMQ Igurco da horren laguntzaile.

Zaintzaile batzuen hitzen eta mintzaldien ostean, erakundeak omenaldiari ekin zion eta bertaraturiko zaintzaileei opari bana eman zien, hots, landare eder bana, egunero mendeko pertsonei ematen dioten zainketaren ikur gisa.

Omenaldiaren bukaeran, bertaraturikoek indarrak berritu zituzten Getxoko Erromo auzoko Kultur Etxean, mokadu batzuen eskutik. Arratsaldean, Mendeko pertsonen Senide Zaintzaileen I. Topaketa bukatzeko, Cuidadores filma bota zen.