Informazioa

IMQ Igurcoko eguneko zentroek adinekoentzako leku publikoak eta pribatuak eskaintzen dituzte, bizimodu aktiborako dituzten zerbitzuen eskaintza oso zabala da eta zaintzaileei eurei ere laguntzen diete.

Gure eguneko zentroetan, eguneko arretarako lekuak daude astelehenetik ostiralera, arduraldi osoan (8 orduz) edo arduraldi-erdian (4 orduz), garraioarekin edo garraiorik gabe. Badago egunka, asteka edo hilabeteka kontratatzerik, 60 urteko edo hortik gorako pertsona autonomoentzat, arazo fisiko edo kognitiboak dutenentzat edo familia-babes urria dutenentzat, baita bakarrik daudenentzat, gaixondoko ahulentzat... ere. Zentro horiei esker, adinekoak badauka bere ohiko ingurunean bizitzen jarraitzerik.

IMQ Igurcoko eguneko zentroetan, nahierako banakako zerbitzuak eskaintzen ditugu. Arreta hori profesional espezializatuen diziplina anitzeko taldeak ematen du, eta honako hauexek dira taldekideak: mediku geriatrak, neuropsikologoak, erizainak, psikologoak, fisioterapeutak, gizarte-langileak eta erizaintzako laguntzaileak.

Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditugu; esate baterako, otorduak (gosaria, bazkaria eta askaria), eta, horretarako, gure diziplina anitzeko taldeak arretarako egindako banakako planetan oinarritzen gara. Horrez gain, pertsona bakoitzaren premietara egokitutako zerbitzu espezializatuagoak ere eskaintzen ditugu, adinekoen autonomia eta bizi-kalitatea ahalik eta handienak izan daitezen. Horrela, narriadura kognitiboa geldotzen da, edo, beste kasu batzuetan, prebenitu ere egiten da. Helburu horiek lortzeko, era guztietako programak garatzen ditugu IMQ Igurcoko eguneko zentroetan. Hona hemen zenbait adibide:

Programak

JARDUKETA SANITARIORAKO PROGRAMAK: nutrizioa kontrolatzea eta elikadura zaintzea; bihotz-hodietako arriskua kontrolatzea; diabetea kontrolatzea; mediku geriatrak farmakoak ikuskatzea (preskripzioa eta depreskripzioa); larruazalaren osotasuna zaintzea (presioagatiko ultzerak); gernu-ihesa prebenitzea eta esku-hartzea; eta hauskortasuna zein sarcopenia antzematea, prebenitzea eta esku hartzea (muskulu-masa galtzea).

FUNTZIOEI EUSTEKO ETA ESKU HARTZEKO PROGRAMAK: eroriak prebenitzeko programak, mantentzeko gimnasia, psikomotrizitatea lantzeko prozesua, jarduketa dualerako programa (faktore kognitiboak eta faktore fisikoak lantzen dira)...

JARDUKETA PSIKOLOGIKORAKO PROGRAMA: psikoestimulazioa, erreminiszentzia, zentzumenen estimulazioa eta beste batzuk.

JARDUKETA AFEKTIBORAKO PROGRAMAK: antsietatea eta depresioa prebenitzea.

JOKABIDEAREN NAHASMENDUETAKO JARDUKETARAKO PROGRAMAK: agresibitatea, nora ezeko ibilera, inhibiziorik gabeko jokabideak...

GIZARTE ETA KULTURA ARLOKO JARDUKETARAKO PROGRAMA: ergoterapiako tailerra (eskuko terapien bidez laguntzen zaie; esate baterako, pinturaz, oihalez, egurrez zein hareaz egindako lanak eta beste batzuk) eta ludoterapiako tailerra (jokoaren bidez egindako terapia da; esate baterako, mahai-jokoak...), hileko jarduerak (urtebetetzeak) eta tematikoak (Aste Santua, Gabonak, aratusteak, herriko jaiak), txangoak eta beste batzuk. Horrez gain, adinekoen bakardadeari aurre egiteko asmoz, IMQ Igurcoko eguneko zentroetan zeresan handia daukate aisialdi bateraturako programek. Hori dela eta, zentro irekiak direnez, kokagune duten udalerriko zenbait erakunderekin eta elkarterekin lan egiten dute, eta haiekin ere badaude elkarreraginean. Horren adierazgarri, honako programa hauek garatzen dira bertan: Musikaz gozatuz (aisialdi bateratu honetan, musika da nagusi), Elkarrekin ikasten (ikastetxeekin egindako belaunaldi arteko tailerrak) eta Ingurua ezagutuz (gazteen taldeekin ingurua ezagutzeko egindako bisitaldi turistikoak).