Historias - Klinika - Home - Zorrotzaurre
Loading

IMQk bere zein hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu, zuri nabigatzea erraztu eta arreta pertsonalizatu bat emate aldera. Atari honetan nabigatzen jarraitzen baduzu, IMQk ulertuko du gure Atariko cookien erabilera onartzen duzula. Pribatutasun-politika eta Cookieak .

ILUSIOA, INDARRA ETA BORROKA, “BIZI NAHI DUT”

Neurozientzian eta psikologian izandako aurrerapenek erakusten digutenez, inguruneak eragin handia dauka gure pentsamendu, emozio eta jokabideetan, pazienteak eta familiak barne hartuta.

Zurekin proiektuaren bidez ingurune baikorra ematearen alde erakutsi dituzten interes eta ahaleginari esker, IMQ Zorrotzaurre Klinika finalistetako bat izan da ‘Hospital Optimista’ (‘Ospitale Baikorra’) sariaren Estatuko bigarren ediziorako. Epaia apirilaren 28an eman zuten, Madrilgo Medikuen Elkargoan. Ospitale Baikorra izeneko sariaren xedea ospitaleratutako pazienteen osasuna hobetzen laguntzea da, ingurune baikorra sortzen laguntzen duten ekimen eta praktikak sustatuta.

Sarien banaketarako, Zorrotzaurre Klinikak ez zuen nahi izan bere ordezkaria zuzendaria, kudeatzailea, mediku gailenetakoa edo IMQ Taldeko goi arduradunen bat izatea, baizik eta bertako pazientea aukeratu zuen helburu horretarako, izan ere, berak badaki Ospitale Baikorra izateko burututako jarduera behar bezala ezagutarazten. Marije Okamika, oso paziente berezia. Borrokalaria, baikorra, bizipoza dauka.

 

Bularreko kartzinoma topatu zioten Marijeri 2012ko azaroan. Abenduan ebakuntza egin zioten, erradioterapiaren bitartez eta Tamoxifenoa 5 urtez hartzeko agindu. 4 hilean behin onkologoarengana joan da eta 6 hilean behin ginekologoarengana. Tumorearen ezaugarriek ez zuten ematen oso gogorrak zirenik... Arazoa amaitu da.

2014ko irailean errutinazko proba batean tumorezko markagailuek apur bat gora egin zuten. “Ez dago zertan kezkatu baina, badaezpada ere, OTA egingo dugu”. Ez zen kezkatzeko moduko ezer ikusi, baina lau hilabete geroago errepikatu zuten, badaezpada ere. Oraingo honetan arazoak ez zuen itxura onik eta ekoendoskopia nahiz ondorengo biopsia eskatu zuten, metastasia baieztatuta.

Ez zegoen ezer egiterik. “Tratamendu hormonala eta emaitzen zain geratu” gogorarazi du Marijek.

2015eko martxoaren 27an ingresatu zuten Zorrotzaurre Klinikan. Ondo hausnartutako erabakia izan zen. 42 urtez Basurtuko Ospitaleko erizain ibilitakoa eta medikuntza publikoaren aldekoa, Osakidetzaren funtzionamenduaz harro dago, baina “etsipenezko adierazpenik eta elkarrizketa ezerosorik ikusi nahi ez zuela" erabaki zuen. Ez nuen lankideen hizpide izan nahi ezta tratu berezirik jaso ere". Beste norbaiten modukoa izan eta era anonimoan tratatua izatea erabaki zuen.

Ospitaleratu zuten egunean bazeukan likidoekiko eta solidoekiko erabateko intolerantzia. Hori dela eta, elikadura parenteralean oinarritutako tratamendua ematen hasi ziren.

Lehenengo fasean, ebakuntza egiten ahalegindu ziren, deribazio gastrojeiunala egiteko asmotan, duodenoko buxadura sendatzeko, baina ez zen egon ezer egiterik. Aukera horrek huts eginda, kimioterapia ezarri zioten duodenoaren hantura sendatzen ahalegintzeko eta pazienteak, horrela, jan ahal izateko. Terapia hau eraginkorra izan zen, izan ere, berehala ekin ahal izan zion likidoak edateari. “Azkenik, 43 egun ospitaleratuta eman ostean, etxeratu nintzen. Noiz edo noiz patatazko tortilla jango nuela esanda adore ematen zidaten…”.

Eta, egia esan, patatazko tortilla, xerrak eta denetariko elikagaiak jan ahal izan zituen, baina tumoreak aurrera egiten jarraitzen zuen eta kimioterapiak anemia handia eragiten zion.

Bera ez zen etsita geratu, baikortasuna azaltzen zuen eta onkologiako taldea lagun izan zuen bide horretan. Ordezko aukerak aztertuta, beste kimioterapia mota bat ezarri zuten.

Tumorea nabarmen murriztu da eta tumorearen markagailuak ia maila egokian daude. Kimioterapia berriak larruazal eta atzazkaletan eragina izan du. Esku ahurreko eta oin zolako sindrome nahiko akutua eragin dio eta horrek esku eta oinen mugimenean eragin nabarmena dauka, batzuetan oso nabaria den minarekin.

Bizitzari buruzko iritzia nahitaez aldatzen da horrelako arazoak izan eta gero. “Orain ez dut planik egiten. Tristezia ematen dit bizirik egongo ote naizen pentsatzen hasteak. Beraz, hobe ezer ez pentsatzea. Unean unekoa bizi dut, hemengo eta oraingo gauzetan pentsatzen dut". Marije itxaropenez, ilusioz, pozez beteta dago, nahiz eta ez jakin zer etorriko zaion eta ustekaberik izango duen. “Gure bizitzan gehiena soberan dago. Betidanik andrazko nahiko arrunta izan naizen arren, orain ohartu naizenez, eder egotea, moda jarraitzea, batekin edo bestearekin harremanetan egotea ez direla kontu garrantzitsuak eta une garrantzitsuetan ez dizutela ezertan laguntzen”. "Orain, senarrarekin, gure seme-alabekin, ilobekin eta sei ahizpekin nahiz adiskideekin ondo pasa gura dut. Jarlekuan jesarrita, eguzkitan zein gerizpean, ederto egoten naiz. Haizeak aurpegian jo, bertatik dabilen jendea ikusi, maite ditudanekin leku atseginean kafetxo bat hartu, hemen eta orain dagoenaren, maitasunaren jabe izatea..."

Oinak bendatuta dauzka baina bihotza sendo. “Iloba etxera datorren bakoitzean, nire oinak horrela ikusita, “amama, pupu?” Eta ezetz diotsat. Ez dut nahi “pupuarena” naizela gogora dezala. Istorioak asmatzen ditut drama puntua kentzeko, niri buruzko irudi hori hartu ez dezan. Ez naiz erraz etsita geratzen”.

Ez da gaixorik sentitzen. Badaki minbizia duela. Min gogorrak ditu esku eta oinetan. “Baina bizirik nago. Oso maitatua sentitu naiz, ezin dut hitzez eskertu senideek eta lagunek eskainitakoa, "Zuk emandako guztiaren zati txiki bat baino ez gabiltza zuri itzultzen..." aitortu didate ahizpek eta seme-alabek".

Zorrotzaurre Klinika finalista izandako Ospitale Baikorra proiektua dela eta, Marijek duen iritzia argi eta garbi dago. Baikortasuna gure baitan dagoela uste du, geure-geurea dela, izan ere, bagara ala ez gara, baina oso lagungarria da gertuko eta errespetuzko giro lasaia edukitzea, atseginez artatzea, entzuna izatea, egia ezkutatu barik arazoa bideratzen jakitea, borroka honetan bakarrik ez gaudela sentiaraztea. “Haiei esker ez naiz inoiz bakarrik sentitu”. “Goraipatu nahi ditut Ricardo Fernandez doktorearen eta Ospitale Onkologikoko Beatrizen profesionaltasuna, dedikazioa, arreta eta atsegintasuna”.

Zurekin proiektuaren ardatza Klinikak burututako ekimenak dira (Gabonetako ekitaldia, parte hartzeari irekitako bideoak, trebetasunei buruzko tailerrak, e-KomuNNika aldizkari berria, musikaren bidezko terapia…). Horren guzti horren xedea, ilusioa, konpromisoa, aitortza, enpatia eta baikortasuna jasotzen dituen ingurunea sortzea da, kalitate, segurtasun eta gizatasun maila handieneko osasun asistentzia eskaini ahal izateko.

Marijek berezko duen hori da Zorrotzaurre Klinikak pazienteei eskaini nahi diena. Baikortasuna, ilusioa, barruko indarra, itxaropena, arreta, gizalegezko tratua eta, batik bat, bakarrik ez daudela jakinaraztea. Hurrengo urtean ez da finalistarik geratuko. Irabazi egingo dute eta.