Epistaxia



Sudur hobietan sortzen den edozein odoljario motari epistaxia deitzen zaio. Orokorrean, epistaxia onbera da, erraz sendatu daiteke; baina batzuetan larriagoa izan daiteke, odoljarioa intentsua denean edo odoljario hori behin eta berriz agertzen denean. Horrek guztiak pazientearen arriskua areagotu dezake, hortaz, eraso handiagoa egiten duen tratamendua emango zaio. 

  • Epistaxia honako hauek eragin dezakete: traumatismoak, sudur estaldura narriatzeak edo lehortzeak, rinitis alergikoak, hotzeriek edo sinusitisak. Bestelako eragileak izan daitezke; besteak beste, okertu den trenkada batek edo sudurrean gelditu den objektu batek sudurra buxatzea. Epistaxi mota hau ez da larria eta erraz eten daiteke. Tratamenduaren ondoren 15-20 minutu igaro badira eta odoljarioak jarraitzen badu, medikuarenera joan behar dugu. Hurrengo kasu hauetan ere espezialista baten eskuetan jartzea komeni da: epistaxia berriro agertzen bada, odola modu iraunkorrean drainatzen bada eztarrirantz edo lepoan edota buruan lesio larria dagoela nabaritzen badugu.