Klinikako Istorioak - Klinika - Home - Virgen Blanca
Loading

IMQk bere zein hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu, zuri nabigatzea erraztu eta arreta pertsonalizatu bat emate aldera. Atari honetan nabigatzen jarraitzen baduzu, IMQk ulertuko du gure Atariko cookien erabilera onartzen duzula. Pribatutasun-politika eta Cookieak .

ALTXATU, BORROKATU ETA ADOREA IZAN

MITXEL LOLO dut izena eta hauxe da nire istorioa IMQ Virgen Blanca Klinikako hemodialisi paziente moduan. 2009. urtera jo behar dugu. Esan zidaten goranzko kolonean tumore bat izateaz gain, giltzurruneko gutxiegitasun kronikoa neukala. 42 urte nituen. Etxean amesgaiztotzat hartu genuen, baina gaur egun esan dezaket esperientzia gogorra izan den arren, neure mugak gainditzeko aukera eman didala. Nire familia etsita ikusten nuen, gaixotasun amaigabea eta une gogorregi gehiegi. Nik zer esango dut ba, mugitu ezinik gelditu nintzen eta nire familia egoera hartan ikustea, ezin nuen jasan. Orduan konturatu nintzen jaiki eta borrokatu behar nuela, lehendabizi, nigatik eta ondoren, etxekoengatik. Ekainean koloneko minbizia kentzeko ebakuntza egin zidaten eta dena ondo atera zen. Baina ebakuntza ostean, zegozkidan kimioterapia saioetara joan behar nuen. 21 egunean behin bertaratu behar nintzen 6 saio bete arte. 5 saio baino ezin izan nituen hartu, giltzurruneko gutxiegitasun kronikoagatik nire giltzurrunek ezin zutelako jasan kimioterapia saio horiek. Garai batez atsedena hartzen utzi ninduten. Gainera, dialisia hartzera joan eta besoan fistula ipini behar izango nuela jakinarazi zidaten. Dena zen ezezaguna niretzat, ez nekien zer zen dialisia ezta dialisirako fistula ere ez. IMQ Virgen Blanca Klinikako Nefrologia ataleko deiaren zain egoteko esan zidaten tratamenduari hasiera emateko.

Denbora tarte horretan senideak gogoan izan eta betidanik izan naizena berriro izateko erabakia hartu nuen. Horretarako, nire baitatik indarra atera eta "gaixo" modura ibili barik, senide eta adiskideen "bultzagile" bilakatu behar nuen, beti irribarretsu, nahiz eta batzuetan oso bakarrik sentitu... baina inoiz ez beraien aurrean. Beti izan naiz etxeko txantxazalea, txirenea... eta horregatik denek sufritzen zuten gehiago apalduta eta etsita ikusten baninduten. Orduan hasi zen nire borroka, kemena sakon-sakonetik atera nituen eta hala hasi zen neukan gogo osoarekin bizi nuen egoera gainditzeko asmoa. Orduan ez nuen ezagutzen, baina izugarria da, borrokalaria izatea da garrantzitsuena eta horixe ikasi nuen tratamendua izandako urte guzti horietan. IMQ Virgen Blanca Klinikako Nefrologia Zerbitzutik deitu zidaten handik aste batzuetara. Iribar eta Roman doktoreek jarraitu beharreko prozesuaren berri eman zidaten: elikadura, dialisira heldutakoan hartuko nuen pisua, likidoak, medikazioa, ariketa fisikoa…. eta etorri beharreko egunak (niri zegokidanez astelehen, astearte eta ostiraletan). Eta hortxe hasten da beste mugarri edo aldaketa bat zeure bizimoduan, orain hemodialisian dagoen paziente batek duenera moldatu behar duzu zure burua. Adi egon behar duzu jaten eta edaten duzunarekin,... ez hartu lar gauzarik (gero aste osoan soberazko kiloekin ibili behar duzu eta!), baina, lehenik eta behin... lasai ibili eta zentzuz jokatu egin ahal duzunarekin eta egin behar ez duzunarekin eta, batik bat, medikuen aholkuei erreparatu eta... eutsi gogor! Ez dut ezkutatuko lehenengo hilabetea gogorra dela, zuretzako zerbait berria eta aldaketak dakartzala, eta egunerokoan... nik ez nekien borrokatu behar zenik, burua ez zela makurtu behar, atzera ez begiratu, baizik eta beti... aurrera! Eta ez zaude bakarrik, izan ere, bertan topatu nuen profesional talde handiarekin sorpresa ona hartu nuen: medikuak, gainbegiralea, erizainak... nola zaintzen zaituzten eta nola adore ematen dizuten eta denetariko azalpenak edo argibideak eskaintzen dizkizuten, hala behar duzunean.

Bizitza sano errazten digute paziente guztioi. Gizalegez jokatzen dute gurekin eta beti pazienteetako bakoitzarenganako arreta bikainarekin. Horrek arazoei aurre egiten laguntzen digu. Familia berria sortzen dugu. Hainbat kontu ospatzeko aukera dugu: Jonen semeak matematikak gainditu dituela (1); edo lehengo igandeko futbol partiduan 3-10 galdu zuen Mirenen semearen haserraldia (1); edo Iñakiren urtebetetzea nola ospatu duten (1)... Egia esan, adiskidetzeko aukera dago. Gaur egun, tratamendua amaituta ere, haietako askorekin nuen harremanari eutsi diot eta Klinikara joan ohi naiz talde osoari agur egitera. Daukagun beste familia da.

A! Eta ez ditut ahaztu behar Dialisiaren croissant-ak! Zein gozoak diren! Onenak dira eta! Inoiz ez dut hain ondo pasa izango horrelako jakiekin.

Bost urte eta erdiz partekatu dut nire bizitza haiekin guztiekin. Haietako baten bat besaulkian ikusten ez nuenean, beti beldur nintzen ea zerbait jazoko ote zitzaion. Baina sarritan justifikazio ona zuen bertan ez egoteak, transplantea egiteko deitu zituztelako. Eta... hain pozik nengoen orduan! Halakoetan, ez nuen pentsatzen ni ez nindutela eraman, baizik eta, azkenean gaixoaldiko lagun horrek beste aukera bat eduki zezakeela. Cada vez que llamaban a compañeros para el trasplante, lo sentía como si me llamaran a mí, me emocionaba de alegría ,porque les coges cariño y te olvidas que tu también estás esperando un trasplante y te pones feliz por ellos . Haien zoriontasuna partekatzen nuen nire bihotzaren baitan.

Urte haietan, oporraldiez gozatzeko aukera eduki nuen. Ez nuen gaixotasunaren aurrean amore eman eta ez nintzen makinari lotutako bizi izango. Virgen Blanca Klinikako medikuen eta ALCER Giltzurrunetako Gaixoen Elkartearen bitartez aldez aurretik kudeatzen nituen nire bidaiak, oporretan ibiliko nintzen lekuetako ospitale atxikietan dialisia jaso ahal izateko. Eta Dialisia eta guzti eduki arren.... udan ondo pasatzen nuen lagun eta senitartean.

Neuri ere deitu zidaten. 5 urtez Dialisiarekin egon ondoren, Transplanteen Zerrendan sartu ninduten, niretzat hori oso pausu garrantzitsua izan zen. Beste pausu bat nire bizitzan. Amets egindako guztia berreskuratzen hasi nintzen.

Eta maiatzean, Dialisia hasi eta 5 urte eta erdira, giltzurruneko transplantea egiteko deitu zidaten. Hemodialisiko paziente bakoitzak atsedena hartu barik egin beharreko borrokaren ordaina izan zen. Ez etsi! Eutsi gogor!!!
Gaur egun, 2016ko azaroan, transplantea egin zidatenetik urte bat eta erdi igaro denean, bizimodua goitik behera aldatu da, baina beti zuhur eta lasai jokatuta.

Bizimodu arrunta eduki dezakezu... baina beti ondo zainduta, medikazioa behar den eran hartuta, gehiegikerietan jausi barik eta medikuen aholkuei erreparatuta.

Azkenik, idazki honen bitartez, Virgen Blanca Klinikan hemodialisia jasotzen dabiltzan pazienteei konfiantzazko mezua helarazi nahi diet, izan ere, profesional bikainez osatutako giza taldea topatuko duzu bertan eta aparteko maitasunez zainduko zaituzte.

Bertan dauden lagunei eta Virgen Blanca Klinikan dialisia hartuko duten guztiei.. mezu hau:

Aurrera, ekin gogor!!

Mitxel.

(1)Alegiazko izenak.