- IMQ Igurco Etxaniz eguneko foru-zentroan elkartu diren adinekoak eta senideak Aldundiaren etxeTIC programaren erabiltzaile dira, mendekotasuna duten adinekoak nahiz zaintzaileak.
- Selene Sánchez psikologoaren hitzetan, «familia pertsonen euskarri fisikoa ez ezik, haien babes emozionalaren iturri nagusia ere bada».
Urtero, 1994. urtetik, Familien Nazioarteko Eguna ospatzen da maiatzaren 15ean, gizartearen funtsezko muin horri eragiten dioten prozesu sozial, ekonomiko eta demografikoak hobeto ezagutzeko eta horrekiko kontzientziatzeko. Gainera, 2024an ospatzen ari da Familien Nazioarteko Urtearen 30. urteurrena.
Hori dela eta, IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroak –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa–, Bilbo erdialdean dagoenak, hainbat ekitaldi antolatu ditu gaur, hala nola dantzaldi bat eta hamaiketako bat.
Ekitaldietara 120tik gora pertsona bertaratu dira, esaterako, eguneko zentroko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren etxeTIC doako zerbitzuko –etxeko zainketak ematen dituena– erabiltzaileak, mendekotasuna duten pertsonak, senideak eta zaintzaileak.
Horren harira, IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroko psikologo Selene Sánchezek hau adierazi du: «familiak zeregin garrantzitsua du zaintzen diren pertsonen ongizate psikologikoan; izan ere, pertsona seguru sentitzea eta bere autonomiari eustea sustatzen du, eta horrek duintasun handiagoa lortzen laguntzen du. Beraz, familia pertsonen euskarri fisikoa ez ezik, babes emozionalaren iturri nagusia ere bada».
Zentzu berarekin mintzatu da eguneko foru-zentro horretan artatutako mendekotasuna duen pertsona baten senide bat ere: «niretzat, familia da gizartearen funtsezko euskarria; klasiko ematen du, baina familia falta bazaigu, zer geratuko zaigu? Seme-alaben babesak, anai-arreben babesak, gurasoen baldintzarik gabeko laguntzak, horrek guztiak, bizitza osoan irauten du».
Jai-elkarraldian parte hartu duen beste erabiltzaile batek, alderaketa baten eskutik adierazi du zer den familia: «erortzen ez den etxe baten gatzaria bezalakoa da. Egiturari eusten dio; hori gabe, ez gara ezer».
EtxeTIC
IMQ Igurco Eguneko Zentroen zuzendari Eneritz Elgezuak hau gogorarazi du etxeTIC programaz: «etxean zainketa-planak sortzeko plataforma teknologiko baten garapen aitzindariari esker, IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroak etxeTIC programa abiarazteko pribilegioa eta ardura izan zituen; programa horrek etxeko zainketa-planen plataforma teknologikoa erabiltzen du».
EtxeTIC zerbitzu berritzailea Bizkaiko Foru Aldundiak sortu du, eta xede du adinekoak beren etxeetan geratzen laguntzea, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen eta horien zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko. Prestazio teknologikoak eta harreman-prestazioak, presentzialak eta telematikoak elkartzen ditu, erreferentziazko eguneko zentro batek antolatuta. Programa abian jartzeak izan duen arrakastaren ondorioz, hedapen-plan handinahia egin da Bizkaiko lurralde historikoko eguneko beste zentro batzuetan zehar.
Familia, gizartearen oinarrizko unitatea
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gogorarazi duenez, urtero, maitzaren 15ean, Familien Nazioarteko Eguna ospatzen da, lehen haurtzarotik seme-alaben hezkuntzan familiek duten funtsezko eginkizunaz eta haurrek eta gazteek etengabeko ikaskuntzarako dituzten aukerez jabearazteko.
NBEren aburuz, familia «gizartearen oinarrizko unitatea da». Hala, testuinguru horretan, Familien Nazioarteko Egunak aukera ematen du familiaren garapenean eta bilakaeran eragina duten gai sozialak, ekonomikoak eta demografikoak ezagutu, identifikatu eta aztertzeko.