- “Kutsatzeen kurba geldiarazteko ezarritako distantzia sozialak bakardadearen pertzepzioa areagotu egin du adinekoengan, senideekin ez baitute kontakturik eta laguntza-sarerik gabe geratu baitira”.
- Bakardadearen pertzepzioak hainbat ondorio dakarkio adinekoen osasunari, hala nola, presio arterialak gora egitea, iktus bat izateko arriskua areagotzea, sintoma depresiboak izatea, errendimendu kognitiboa okerragotzea eta faktore anitzeko hilkortasun-tasak gora egitea.
Gizateriak birus batek gizarte-ohiturak alda zitzakeela ikasi zuen urtea bezala gogoratuko da beti 2020.a; maskararen erabilera “normaltasun berria” bezala barneratu zen urtea bezala, eta, zoritxarrez, pertsonen arteko aldentzea eta gizarte-harremanen mugatzea koronabirusagatiko infekzioaren kutsatzea geldiarazteko tresna bilakatu ziren urtea bezala. Hala ere, “kutsatzeen kurba geldiarazteko ezarritako distantzia sozial horrek bakardadearen pertzepzioa areagotu egin du adinekoengan, senideekin kontakturik ez baitute eta laguntza-sarerik gabe geratu baitira”, azpimarratu du IMQ Igurcoko mediko pediatra Naiara Fernándezek.
Eustaten 2019ko datu batzuen arabera, 85etik gorako 28.000 adineko (guztien % 10,6) bizi dira bakarrik Euskadin. Adin-talde horrek hiltzeko arrisku handia du SARS-CoV-2ak infektatzen badu, hortaz, martxoan, apirilean eta maiatzean ezarri ziren mugikortasun-murrizketek eragin itzela izan zuten haiengan,“neurri horrek eragin txarra izan du adineko adinduenen osasun fisikoan eta emozionalean, eta arriskuan jarri du haien beharrak betetzea, hala nola, fisiologikoak (elikagaiak eta horiek prestatzea), klinikoak (zuzeneko azterketa medikoak), funtzionalak (etxean bertan jarduera fisikoa egiteko zailtasunak eta bigarren mailako galera funtzionala izatea) eta psikosozialak (afektibotasuna, aintzatespena eta norberaren errealizazioa)”, adierazi du adituak.
Sendagileak adierazi duenez,“adineko asko hil dira COVID-19aren ondorioz, eta galera horiek haien ingurukoek ere jasan dituzte; horrek sare familiarra edo gizarte-laguntzako sarea itzel murriztu dela ikusi dutenen bakardade pertzepzioa aregotzea ekarri du”.
“Egoera horrek”, jarraitu du azaltzen Naiara Fernández medikuak, “kutsatzeko beldurrarekin batera antsietate- eta depresio-nahasmenduak agerrarazi ditu, baita gaitasun kognitiboen narriadura probablea ere, batez ere, gaixotasun neurodegeneratibo (dementzia) baten diagnostikoa badago”.
Gero eta hurbilago gaude pandemia aurreko bizitza berreskuratzetik, baina, iristen den bitartean, seguru bizi behar dugu (distantzia, maskara eta eskuak garbitzea), eta ez dugu ahaztu behar isolamenduak eragina izan dezakeela gure osasunean, eta azterketa goiztiarrak arazoari azkar ekitea ahalbidetuko duela, eta horrek etorkizuneko bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du.
Bakardadearen pertzepzioak adinekoengan dituen ondorioak
IMQ Igurcoko mediku geriatrak ohartarazi du bakardadearen pertzepzioak adinekoengan hau eragin dezakeela: “istripu baskularrak izateko aukera handitzea; arteria-presioak gora egitea; estresa areagotu eta hantura handitzea, immunitate-funtzioan ondorio txarrak eraginez; nutrizio-egoera okerragotzea (desnutrizioa eta obesitatea); jarduera fisikoa eta gaitasun funtzionala murriztea; kontziliazio-loezina eta lo zatikatua agertzea; sintoma depresiboak; errendimendu kognitiboa okerragotzea eta Alzheimer-en gaixotasuna garatzeko arriskua; erakundetzeko arriskua areagotzea; faktore anitzeko hilkortasun-tasak gora egitea; bizi-kalitate kaskarragoa; eta, azken finean, pairamena”.
Isolamendua arintzeko eta horren ondorio txarrak txikiagotzeko aholkuak
Naiara Fernández sendagileak aholku batzuk proposatu ditu adinekoengan isolamendua arintzeko eta, hortaz, horren ondorio txarrak txikiagotzeko. Esaterako, hau iradokitu du: “bakarrik bizi den adinekoari bere beharrez galdetzea eta behar horiek guztiak (elikagaiak eta botikak eskuratu ahal izatea, eguneroko jarduerak egiteko laguntza jasotzea…) bete daitezen ahalbidetzea, baita oraingo egoeraren gaineko emozioak eta kezkak partekatzea, komunikabideen bidez jasotako gehiegizko informazioagatiko beldurra eta antsietatea txikiagotzeko”.
Halaber, aditua honen alde agertzen da: “senitartekoekin eta lagunekin komunikatzeko metodo alternatiboak ezartzea, ahal izanez gero, bideodeien bidez, betiere pertsonak teknologiak erabiltzeko gaitasuna badu, eta hautemandako bakardadearen eragina arintzeko boluntariotza-programei atxikitzea, jarduera fisikoa egitea sustatzea eta maskota bat adoptatzea (adinekoak etxe-animalia zaintzeko gaitasun ekonomiko, kognitibo eta funtzionala badu) kontuan hartzea ere”, amaitu du azaltzen.