- El Carmelo Ikastetxeko Batxilergoko ikasleek IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzako adinekoekin jarraitzen dute harremanetan mezu elektroniko, bideo eta eskutitzen bidez.
- “Adinekoei kristoren ilusioa egiten die, elkarren arteko harremana oso ona baita, eta ahal duten guztietan erantzuten diete ikasleei”.
2014ko azaroan, IMQ Igurco José M.ª Azkuna adinekoen egoitzak –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko partaide dena– eta El Carmelo Ikastetxeak –biak, Amorebieta-Etxanokoak– ‘Proyecto Alzhéimer’ izeneko belaunaldiarteko ekimena abiarazi zuten. Urteotan nabarmen hazi da ekimen hori, eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailetako umeak eta Batxilergoko lehenengo mailako gazteak buru-belarri ari dira horretan.
COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamenduak ikasleak eta egoitzako adinekoak ikasturte hasieratik, hots, irailetik, egiten ari ziren lana eten egin du, “eta lan horrek onura handiak ekartzen zizkien bi alderdiei, gazteen eta egoitzako adinekoen artean lotura afektiboak sortzen zirelako. Bi alderdietako batek ere ez zuen proiektua amaitutzat eman nahi; hortaz, komunikazioa egokitu egin dugu”, azpimarratu du Ikastetxeko Pastoraltzako irakasle eta arduradun Jon Rojasek.
El Carmelo Ikastetxeko ikasleak etxetik bideoak grabatzen eta eskutitzak idazten hasi ziren adinekoak nola zeuden jakin eta horiei adore emateko. “Gaur egun, ikasle batek adineko batengana jotzen du, eta adineko bakoitzari astero gutun bat idazteko edo bideo pertsonalizatu bat grabatzeko konpromisoa hartu dute ikasleek”, adierazi du irakasleak.
José M.ª Azkuna egoitza eskutitzak eta bideoak hartzaileei emateaz arduratzen da; adinekoen erreakzioak jasotzen ditu eta horiek grabatutako mezuak ikasleei helerazten dizkie, El Carmelo ikastetxearen bitartez.
“Adinekoei kristoren ilusioa egiten die, elkarren arteko harremana oso ona baita, eta ahal duten guztietan erantzuten diete ikasleei”, adierazi du egoitzako gizarte- eta kultura-animazioko goi-mailako teknikari Ziortza Villegasek. “Ikasleak nahiz egoitzako adinekoak poz-pozik daude, baita bihotz-hunkituta ere, hartu-eman berri horrengatik. Urritik martxora bitartean zerbait sortu da lotura afektibo eder hori sor dadin”.
COVID-19aren pandemiaren testuinguruan sortutako gerturatze telematikoko ekimen berri horri “Adopta un abuelo”/”Adoptatu adineko bat” izena jarri diote.
2019ko irailetik pandemia iritsi arte
2019ko irailean, El Carmelo Ikastetxeko Batxilergoko ikasle berriak José M.ª Azkuna egoitzako adinekoekin jarri ziren harremanetan. Egoitzako profesionalek adinekoen egoera ezberdinei eta horien aurrean jokatzeko moduari buruzko prestakuntza eskuratu zuten ikasleek.
Hilabete bat igaro ostean, urrian, ikasleak egoitzako adinekoekin, hain zuzen, komunikatzeko zailtasun gutxiago zituzten horiekin, harremanak izaten hasi ziren eta, pixkanaka, terapiako jardueretan laguntzen, aldi oro egoitzako profesionalek gidatuta.
Asteak igaro ahala, ikasleen eta adinekoen arteko harremana finkatu egin zen eta biek espero zuten ohiko jarduera bilakatu zitzaien, “elkarrengandik ikasten baitute; ez delako bakarrik ikasten norberak ematen duenean, jasotzen duenean ere, eta, egitasmo horren eskutik ikasleek nahiz egoitzako adinekoek asko dute eman eta jasotzeko”, adierazi du José M.ª Azkuna egoitzako kultura-animazioko goi-mailako teknikariak.