• eu
Kontaktatu

Arabako diputatu nagusiak Arabarren egoitza berriaren obrak bisitatu ditu, amaitzeko bidean daudenean

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak gaur goizean bisitatu ditu Gasteizko Lakua auzoko Arabarren egoitza berriaren obrak. Obra horiek erritmo onean doaz aurrera. Uste denez, egoitza zentroaren obrak eta altzari horniketa urte amaieran egon daitezke amaituta eta, ondorioz, egoitza datorren urtearen hasieran jar daiteke martxan. Egoitzako plaza guztiak Foru Aldundiak hitzartuko ditu.

Arabarren Blas de Otero kalean dago eta eredu inklusibo baten aldeko apustua egin du, ezaugarri desberdinetako erabiltzaileak artatzeko. Adinekoentzako egoitza eremuak 100 plaza izango ditu eta  bizikidetza unitateetan banatuko da; plaza horiek narriadura kognitiboa duten pertsonentzat eta desgaitasun intelektuala eta gaixotasun mentala duten pertsona zahartuentzat izango dira. Desgaitasun fisiko larria duten pertsonentzako egoitza eremuak 25 egoiliarrentzako edukiera izango du. Eta adinekoentzako eguneko zentroak 25 plaza izango ditu.

Arabarren eraikinean, adinekoentzako moduluetako gelen % 75 banakakoak izango dira, bai eta ezintasun fisiko larriren bat dutenentzako gela guztiak ere. Eraikin bakarra izango da, 7.700 metro koadro baino gehiagokoa, eta berdegune bat ere izango du. Solairuak hiru ekipamenduen arabera bereizita egongo dira eta, gainera, haien guztien eremu erkideak bilduko dituzte.

Eredu publikoan eta sozialean oinarrituta, plaza guztiak publikoak eta Arabako Foru Aldundiak Arabarren gizarte ekimeneko kooperatibarekin hitzartuak izango dira. Entitate horrek kudeatuko du zentroa.

Langile bazkideek partaidetza izango dute egoitza zentroa martxan jarri eta kudeatuko duen kooperatiban. Izan ere, Krean kooperatiba (Mondragon Korporazioa) eraikina diseinatu du eta eraikitzeaz arduratuko, eta IMQ Igurco, zerbitzu soziosanitarioen kudeaketan erreferentzia den enpresa, gai honi buruzko bere jakintzaz lagundu da.

Alberto Gorroñogoitia Mondragoneko lehendakariordeak eta Amagoia Barandiaran Arabarren kooperatibako presidenteak harrera egin diete Arabako diputatu nagusiari eta harekin batera egon den Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuari. Bisitan izan dira, halaber, Jon Berbel Kreaneko zuzendari nagusia, Javier Aguirregabiria IMQko zuzendari nagusia eta Santiago Canales IMQ Igurcoren zuzendari nagusia.

Asier Etxabe Sustapen zuzendariak eta Xabier Rozas Kreaneko arkitektoak, hurrenez hurren, obren bilakaeraren berri eman dute, eta egoitza gunearen ezaugarri fisikoak eta eraikuntza ezaugarriak zehaztu dituzte. Hauek dira zentroaren  ezaugarri batzuk:

Azalerak

  • Egoitzaren okupazioaren azalera:  3.060 m²
  • Kanpoko berdegunearen azalera: 2.001 m²
  • Zerbitzu bidea eta aparkalekua: 1.098 m²
  • Azalera eraikia (beheko solairua, lehenengo solairua eta bigarren solairua): 7.702 m²
  • Horizontalean garatzea planteatu da eta inguruko eraikinek baino altuera txikiagoa du.


Deskribapena

Perpendikularki jarritako bi bolumenetan antolatuta dago, eta horien elkargunean daude komunikazio gune nagusia, egoiliarrei laguntzeko zerbitzuak eta espazio komunak, zerbitzuak, langileak eta egoiliarrak ahalik eta gutxien gurutzatzeko eta horien orientazioa errazteko.

Eraikinaren atari nagusitik abiatzen dira, bakoitza bere aldetik, hiru baliabideetarako sarbideak: adinekoentzako egoitza, eguneko zentroa eta desgaitasun fisiko larria duten pertsonentzako egoitza unitatea.

Oinplanoko konfigurazioari esker, kanpoaldeko azalera handi bat libre geratu da, berdegune handi bat eta zuhaitzak izango dituena, eta horrek ingurune atseginagoa eta aisiarako eremuak errazten ditu.

Pribatutasuna

Lehentasunezkoa izango da intimitaterako espazio propio bat sortzea da, nork bere etxekoaren moduko eta antzeko bizimodua egin dezan.  Egoiliarren pribatutasuna sustatzeko, gela gehienak (76) banakakoak dira eta bainugela dute. Gainerakoak bikoitzak dira (12) eta, ahal dela, familia bereko pertsonek beteko dituzte (bikoteak, anai-arrebak, etab.). Desgaitasun fisiko larria duten pertsonentzako 25 gelak banakakoak dira.

Izaera asistentziala

Egoiliarraren bizitzarako berezko espazioez gain (gelak, komunak, areto partekatuak, office-a eta bisita gelak), egoitzak asistentziarako guneak izango ditu (errehabilitaziorako, mediku kontsultarako, jardueretarako, erizaintzarako …).

Unitatea edo modulua

Zentroa funtzionamendu independenteko unitate edo moduluetan antolatzen da, eta, gehienez, 25 plazako edukiera izango du. Espazio eta elementu komunetan oinarrituko dira, hala nola sukaldean eta garbitegian.

Horizontalean

Unitate bakoitza soilairu batean antolatuta egongo da, bertikalean mugitu behar ez izateko.

Covid osteko neurriak

Airearen kalitatea hobetuko da elementu komunetan eta aireztapeneko aire emaria ere hobetuko da. Klimatizazioan, airea garbitzeko iragazkiak jarri dira.

Efizientzia energetikoa

Egoitzaren eraikuntzarako, energia efizientzia hartu da kontuan, eraikinaren eta haren instalazioen diseinuan hartutako neurrien bidez: energia eskaria murriztea, instalazioetako efizientzia eta, azkenik, in situ sortutako energia berriztagarria.