Kontaktatu

Bilboko gazte eta adineko batzuek elkarrekin jardun dute zahartze aktibo eta osasungarriaren alde

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Harrobia Lanbide Heziketako Ikastegi Bateratuko Egokitzapen Fisikoko Teknikariaren Goi-mailako Zikloko ikasleek IMQ Igurco Bilbozar foru-egoitzako adinekoen gaitasun fisikoa ebaluatu dute ariketa-programa indibidualizatuak taxutzeko.
  • Ekimen horren helburua da adinekoek proposatu zaizkien ariketak berengana ditzaten, sasoi onean egoteko, zahartzea aktiboagoa eta osasungarriagoa izan dadin.

Bilbozar auzoak zahartze aktiboaren alde egiten du. Gaur goizean, euskarazko lanbide-heziketa sustatzea eta gizarte-ekonomiako enpresak bultzatzea xede duen hezkuntza-kooperatiba Harrobia Lanbide Heziketako Ikastegi Bateratuko ikasle batzuk, Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko IMQ Igurco Bilbozar egoitza eta eguneko zentrora joan dira eguneko zentroko erabiltzaileen artean zahartze aktiboa sustatzeko ekimen bat burutzeko.

IMQ Igurco Bilbozar egoitzako fisioterapeuta David Estallok azaldu duenez, ekimenak bi fase ditu. Lehenengoan, gaurkoan, «ikasleek erabiltzaileen gaitasun fisikoa baloratu dute, eta bakoitzaren mugak eta gaitasunak modu pertsonal eta indibidualizatuan egiaztatu ahal izan dituzte. Era berean, elkarrizketa pertsonalak egin dituzte adinekoek beren gaitasun fisikoaz duen ikuspegia ezagutzeko, hots, bizitza aktiboa izateak zer esan nahi duen».

Bigarren fasea aste gutxi barru hasiko da, eta horretan, ikasleek gaur ebaluatu eta elkarrizketatu dituzten eguneko zentroko adinekoei hainbat ariketa proposatuko dizkiete, «Egokitzapen Fisikoko Teknikariaren Goi-mailako Zikloko ikasketetan ikasitakoaren arabera, gaurko saioko balorazioetatik atera dituzten ondorioetara bideratuta», azaldu du Estallok.

Ekimen bateratu hori bi erakundeek 2023an sinatu zuten hitzarmen baten arabera egin da. Eta horren helburua da adinekoen gaitasun funtzionala hobetzea, funtsezkoa baita eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak egiteko. Izan ere, hortik dator zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzeko elkarlaneko proiektua, belaunaldiartekoa eta komunitarioa, abian jartzeko asmoa.

Bestalde, Harrobia Lanbide Heziketako Ikastegi Bateratuko Jarduera Fisikoen eta Kirolaren irakaskuntza-familiako irakasle eta ikertzaile Raúl Sánchezek adierazi duenez, belaunaldiarteko esperientzia horiek «ikasleei oso ikuspuntu baliotsua ematen diete ariketa fisikoak pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko egin dezakeenari buruz, kasu honetan, adinekoena, gizatalde garrantzitsua baita eta gero eta ugariagoa baita. Ekimen horren eskutik, aztertzen ari direnaren eta gizarteari egin diezaioketen ekarpenaren balioa egiazta dezakete ikasleek, zuzenean ikusten dutelako, eta, ebaluazio pertsonalizatuen bidez, proiektu horretan parte hartzen duten adinekoek zahartze aktibo eta osasungarriaz gozatzeko gaitasuna nola hobetu dezaketen egiaztatzen dutelako».