- Pazientea eta bere familia tratamendu-batasuna dira bizitzaren azken uneetako zainketetan. Nahitaezkoa da gaixotasun batek jotako pertsona batek bere bizitzaren amaierari buruz dituen nahiak ezagutzea, bere borondatea betetzen dela bermatzeko.
- «Jakintza-alor anitzeko (medikuntza, erizaintza, psikologia, fisioterapia, lanbide-terapia, gizarte-lana eta arreta espirituala) talde bat osatzen duten profesionalen balorazioak, bete beharreko behar guztiak zein diren jakiten lagunduko digu».
Euskadi da bizitzaren amaierako egoeretan zainketa aringarriak eskuratzea bermatuta duten autonomia-erkidegoetako bat, berariazko arautegi bati eta garapen-plan propio bati esker. Haatik, Zainketa Aringarrien Munduko Eguna ospatu izanak agerian jarri du zein garrantzitsua den egoera horretan dagoen pertsona orok kalitateko zainketa aringarriak eskuratzeko aukera izan dezala, edonon dagoela ere.
Eta zer dira kalitateko zainketa aringarriak? IMQ Igurco talde soziosanitarioko sendagile geriatra eta asistentzia-zuzendari Naiara Fernándezek adierazi duenez, «bizitzaren amaierako egoeretan, sintoma klinikoak (mina, arnasa hartzeko zailtasunak, desnutrizioa, erorikoak, presioko ultzerak…), funtzionalak (hauskortasuna eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko mendekotasuna), neuropsikologikoak (narriadura kognitiboa, deliriuma, antsietatea, depresioa…) eta sozialak (rol soziala galdu izana, familian duen zeregina aldatu izana, mendekotasun funtzionala izateko beldurra, gizarte-baliabidea optimizatzeko beharra …). agertu ohi dira. Horrek guztiak eragin emozional argia dakarkie pazienteari eta bere familia-unitateari».
Aurrekoaren ondorioz, bizitzaren amaierako egoerak iraupen zehaztugabeko baldintza konplexuak izan daitezke, eta horiei jakintza-alor anitzaren bidez ekin behar zaie gaixotasun aurreratua duten pertsonen eta horien familien bizi-kalitatea optimizatzeko prozesu osoan. Geriatrak adierazi duenez, «jakintza-alor anitzeko (medikuntza, erizaintza, psikologia, fisioterapia, lanbide-terapia, gizarte-lana eta arreta espirituala) talde bat osatzen duten profesionalen balorazioak, bete beharreko behar guztiak zein diren jakiten lagunduko digu, pazienteak pairamen fisiko, emozional edota espiritualaren pertzepzioa saihets dezan».
Etxean, egoitzetan edo ospitaleetan
Pertsona batek bizitzaren azken uneetan behar duen arreta jaso behar dituen eremuak erakusten ditu Euskadiko Zainketa Aringarrien Planak: etxean (etxeko ospitaleratzearen bidez), adinekoen egoitzetan, langileekin, prestakuntzarekin eta baliabideekin, eta ospitaleetan, zainketa aringarrien ekipamenduen bidez.
«Pertsona batzuek etxean egotea nahiago izango dute; beste batzuk etxean geratzeko beldur izango dira, ez dira seguru sentituko, eta ospitaleko arreta aukeratuko dute, eta mendekotasun funtzional larria edo narriadura kognitibo eboluzionatua dutenek zentro soziosanitario bateko zainketak aukeratuko dituzte», azaldu du IMQ Igurcoko asistentzia-zuzendariak.
«Asistentzia-mailak ez du baldintzatu behar sintomen estaldura desberdina. Pertsonaren aukera edozein dela ere, profesionalok kalitate tekniko eta onberako arreta eman behar dugu, pazienteari eta bere familia-unitateari azken egunak sufrimendurik gabe igarotzeko bermea emateko, eta hori esku onenetan egiteko konfiantzarekin», adierazi du.
Aurretiazko borondateen agiria
Bizitzaren amaierako egoeretan badago garrantzi handiko beste alderdi bat, hots, «gaixotasun batek jotako pertsona batek bere bizitzaren amaierari buruz dituen nahiak, bere borondatea betetzen dela bermatzeko, eta arreta-taldeak eta senideek bizitzaren amaieran erabaki zailak hartzen errazteko».
Horren haritik, Euskadiko biztanleek eskura dute aurretiazko borondateen agiria egiteko aukera, hau da, osasun-taldeari zuzendutako idazki bat, zeinean pertsona batek etorkizunean jarraitu beharreko jarraibideak idatzirik uzten dituen, une horretan bere borondatea berak adierazterik ez balu. Agiria edonoiz alda eta ezezta daiteke, pertsonak erabakiak hartzeko gaitasuna duen bitartean. Ordura arte, pertsonaren erabakia gailenduko da agirian jasotakoaren gainetik. Adin nagusiko orok, judizialki ezgaitua ez denak eta askatasunez jarduten duenak, egin dezake.
Heriotza, halabeharrezko errealitatea
Euskadiko Zainketa Aringarrien Planean jaso denez, zainketa aringarriak ez dira beti heriotzarekin identifikatu behar; izan ere, heriotza gertatzen denean, «ez da porrot gisa ulertu behar, baizik eta gizakiok eta gizarteak aurre egin behar diogun errealitate gisa».
Horri dagokionez, Naiara Fernández doktoreak hauxe gehitu du: «lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko medikuntzak eskuragarri dituen tratamendurik onenak gaixo horien eskura jarri arren, gaixotasunak aurrera egin dezake, eta fase aurreratu eta sendaezin batera iritsi, non berariazko tratamenduak ez duen tratamendu horren bidea hobetzea lortzen eta biziraupena arriskuan jartzen den. Profesionalek errealitate hori lantzen dute pazientearekin eta horren familiarekin, arretaren hasieratik».
«Gaixotasun kroniko sendaezin bat zaintzeak ibilbide mugatua du; hala ere, “arintzea”, “zaintzea” eta “lagun egitea” distantzia luzeko aditzak dira, lehentasunezkoak, zainketa aringarrietan», amaitu du azaltzen IMQ Igurcoko asistentzia-zuzendariak.