Kontaktatu

Bizkaiko Gizarte Ekintzak adinekoen duintasuna aintzatesteko IMQ Igurcoren proiektu bat saritu du

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día

IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroak –etxeTIC eredu berria martxan jarri duen lehenengo zentroa– ikerlan bat egin du adinekoak etxean zaintzeko Dignity Therapy bultzatzeko helburuz.

Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan egindako ikerketa-egitasmo horren emaitzen arabera, terapia horretan parte hartu duten adinekoen duintasunaren zentzua eta bizi-kalitatearen pertzepzioa areagotu egin dira.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak, gaur Bilbon ezagutarazi diren Iraupen Luzeko Zainketak Pertsonalizatzeko Jardunbide Egokien Aintzatespenen esparruan, aipamen berezia eman dio ‘Adinekoei etxean ematen zaizkien zainketetan Dignity Therapy bultzatzen’ proiektuari. Egitasmo hori Bilboko IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroak garatu du –Bizkaian etxeTIC eredu berria martxan jarri duen lehenengo zentroa–. Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan egindako ikerketa-egitasmo horren emaitzen arabera, terapia horretan parte hartu duten adinekoen duintasunaren zentzua eta bizi-kalitatearen pertzepzioa areagotu egin dira.

Azken urteotan, duintasunaren kontzientzia gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan da osasuna zaintzeko eztabaida etikoan, hain zuzen, adinekoen zainketan. «Ulertu behar dugu zahartzaroa bizi-ziklo bat dela eta horretan beherakada nabarmena gertatzen dela autonomia funtzionalean, psikologikoan eta afektiboan eta, batzuetan, ekonomikoan eta sozialean ere. Hortaz, azpimarratu beharra dago gure zentroetara etortzen diren adinekoen duintasun eta bizi-kalitatearen zentzua bultzatzea, zainketen funtsezko aldea baita», adierazi du IMQ Igurco eguneko zentroetako psikologo eta ikerlanaren egile Selene Sánchezek.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren aintzatespena duen proiektua IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroan hasi zen, 2022ko otsailean, era aintzindarian Dignity Therapy aplikatzeko, zeina, hasiera batean, bizitzaren amaierako zainketen eremuan garatu zen, narriadura kognitibo arina duten adinekoen artean.

«Terapia horrek aukera ematen die adinekoei, alde batetik, beren historia pertsonala kontatzeko, eta, bestetik, pertsona maiteekin beren esperientziak partekatzeko eta gomendioak emateko beren bizi-egoera txarrera egiten duenerako. Horrek terapian parte hartzen duten adinekoen zentzua, helburua eta duintasuna indartzen ditu», azpimarratu du IMQ Igurco eguneko zentroetako psikologoak.

Hori gauzatzeko, terapiaren oinarri den egitura elkarrizketa erdiegituratu batean oinarritzen da. Elkarrizketa hori grabatu, transkribatu eta editatu egiten da, ondoren, adinekoari agiri idatzi gisa itzultzeko, zeinean pertsonaren edukia, nortasuna eta zerizaina jasotzen diren.

Halaber, agiri horren asmoa da «pertsonaren sortzailetasun eta legatuaren balioa aintzat hartzea. Aldi berean, esanahiaren zentzua eta eguneroko bizitzarako helburua bultzatzen ditu», azaldu du Selene Sánchezek.

Emaitzak

Jardunbide egoki horren emaitzek erakutsi zuten DignityTherapy proiektuan parte hartu zuten adinekoen duintasunaren zentzua eta bizi-kalitatearen pertzepzioa areagotu egin zirela.

 

Besteak beste, adineko horiek adierazi zuten terapia lagungarria gertatu zitzaiela, gogobetegarria iruditu zitzaiela, senideei lagungarria gertatu zitzaiela –edo gertatuko zaiela– eta pozik geratu zirela jasotako arreta psikosozialarekin.

 

Era berean, gehienek adierazi zuten duintasun-sentsazio handiagoa zutela, bizi-zentzu eta bizi-helburu handiagoa ere, eta osasun-langileek artatzeko zuten modua aldatu egin zela nabarmendu zuten.

 

«Emaitzak oso onak badira ere, parte-hartzaileek terapiari buruz dituzten iritziak oso garrantzitsuak dira, terapiaren balioaren benetako ikuspegia ematen baitigute», adierazi du IMQ Igurco-ko psikologoak.

 

Duintasuna zaintzea, pertsonak bere kabuz ezin duenean

Ikerlanaren emaitzetatik, adituak hauxe nabarmendu du: «Dignity Therapy gerontologiako terapia berritzaile eta berritzat jotzen dugu, gai baita adinekoen historia pertsonalari garrantzia eta balioa emateko; etorkizunean erabiltzeko informazio-iturri eta zainketen funtsezko zati izango den agiri bat eskaintzen die, eta, hortaz, duintasuna zaintzeko, pertsonak bere kabuz ezin duenan».

 

Amaitzeko, Selene Sánchezek hau azaldu du duintasunaz: «kontzeptu konplexua eta anbiguoa da, eta, zenbaitetan, definizio kontraesankorrak ditu. Haatik, kontsentsu orokorra dago giza eskubide guztien ardatz nagusitzat hartzeko, oso alderdi baloragarriak aipatuta, hala nola zintzotasuna, errespetagarritasuna, zuzentasuna, buru-maitasuna, begiramena, harrotasuna, ohorea, begirunea eta jatortasuna».