- Ekainaren 27an eta 28an, Bilboko hirigunean instalatu den kupula garden batean etxeTIC, etxean ematen diren zainketei laguntzeko zerbitzua, nola funtzionatzen duen erakutsiko zaie oinezkoei, etxean gailu teknologikoen bidez laguntza telematikoak jasotzen dituen mendekotasuna duen erabiltzaile baten ikuspegitik.
- Bilboko IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroak, etxeTIC ereduaren arabera funtzionatzen duen lehenak, mendekotasuna duten 160tik gora pertsonari eta horien zaintzaileei ematen die arreta. Eta beste 25 pertsonak baliabide horretan eguneko zentro baten berezko arreta jasotzen dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak mendekotasuna duten pertsonen nahiz horien zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea xede duen etxeTIC zerbitzu berritzailea, etxean ematen diren zainketei laguntzekoa, hurbilduko die herritarrei aste honetan. Horretarako, ekainaren 27an eta 28an, foru-erakundeak erakusgune berritzailea jarriko du Bilboko Ercilla kalean jendeari erakusteko laguntza-zerbitzu aurrendari hori –erreferentziazko eguneko zentro batek antolatuta teknologia- eta harreman-prestazioak, presentzialak eta telematikoak, elkartzen dituena– nola funtzionatzen duen.
Hortaz, 5 metroko diametrodun poliesterrezko kupula esferiko garden eta puzgarri batean ikusiko da nola funtzionatzen duen etxeTIC zerbitzua, zentro batean dauden profesionalen arreta etxeko egongelan bertan jasotzen duen erabiltzaile baten ikuspegitik.
Talde txikietan sar daiteke kupulara, 10:30etik 19:30era bitartean; kanpoaldean zerbitzuari buruzko informazioa jarri da, eta Bilboko IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroko profesionalek ematen dute arreta, zentro hori baita Bizkaian etxeTIC eredua ezarri duen lehen zentroa.
Zerbitzu hori abiarazi zenetik, mendekotasuna duten 160tik gora pertsonak ateratzen diote onura etxetik bertatik. Pertsona horiek etxeko zainketen ekosistemari laguntzeko planak dituzte, hala nola mendekotasuna duen pertsonarentzako eta zaintzaileentzako ekintza pertsonalizatuak, eta horiek laguntza-teknologiekin, tableta informatikoarekin eta jarduerarako eskumuturrekoarekin osatzen dira, aldizkako jarraipen horren bidez, arriskuak monitorizatzen eta prebenitzen laguntzeko. Eta beste 25 pertsonak Etxanizen jasotzen dute eguneko zentro baten berezko arreta.
etxeTIC zentroan eta zentrotik esku hartzea
IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroan mendekotasuna duten erabiltzaileentzat martxan jarri diren esku-hartzeek, IMQ Igurco eguneko zentroetako zuzendari Eneritz Elgezuak azaldu duenez, «online modaliatatea eta presentziala elkartzen dituzte. Online jarraipenak barne hartzen dituen ekintza pertsonalizatuen artean, hauek daude: entrenamendu funtzionalak, entrenamendu kognitiboak, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretako entrenamenduak, jokabide-tratamenduak edo tratamendu afektiboak, besteak beste. Halaber, zentroan tailer presentzialak baditugu, online esku-hartzea osatzeko, adibidez, erorketen prebentzioari, entrenamendu kognitiboari, trebetasun sozialen entrenamenduari eta beste alderdi batzuei buruzkoak».
Eneritz Elgezuaren hitzetan, «zaintzaileek arreta presentziala eta teknologiko pertsonalizatua jasotzen dituzte, prestakuntza- eta autozaintza-tailerretan oinarrituta. Zentroan bertan, laguntza emozionaleko, mobilizazioak egiteko prestakuntzako eta jokabide-nahasmenduak maneiatzeko tailerrak ematen ditugu. Behar duenarentzat, eguneko zentroan bertan atseden hartzeko zerbitzua dugu, mendekotasuna duten pertsonak profesionalek zain ditzaten, zaintzailea tailerrera joaten den bitartean».
Profesional horren aburuz, honelakoa da zerbitzua: «integrala, pertsonalizatua, jarraitua, koordinatua eta familia-ekosisteman integratua, mendekotasun-egoeran dagoen pertsonarentzat nahiz zaintzailearentzat. EtxeTICen bidez, teknologiaren erabilera ez-inbaditzailea egiten dugu, eta pertsona bakoitzaren heldutasun digitalaren mailara egokitzen gara. Halaber, zerbitzu mistoa da; hau da, laguntza digitalaz gain, aldian-aldian aurrez aurre jardun behar da eguneko zentroaren egoitzan. Eta, azkenik, kasu-kudeatzailearen figura badugu, hots, mendekotasuna duen pertsonarentzat eta haren zaintzaileentzat erreferentziazko profesional nagusia dena, eta jakintza-alor anitzeko talde aditu baten partaidea dena eta haren laguntza duena».
Gaur arte, tailer presentzialen 35 saio eman dira, eta horietara 93 pertsona bertaratu dira. Zerbitzua abiarazi zenetik, egiaztatu da tabletak egunean 60 minutuz erabiltzen direla etxeetan batez beste. Hortaz, etxeTIC zerbitzua duten etxeak zentroko profesionalekin konektatuta daude, eta horiekin 100dik gora bideodei egin dituzte, baita 300 mezu eta elkarrizketa idatzi ere.
Bilboko IMQ Igurco Etxaniz zentroaren ondoren, zentro hauek erabiliko dute etxeTIC eredua: Etxebarri, Zalla, Basauri eta Mungia.
Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiak mailaka eta tinko aurrera egiten du etxeTIC laguntza-zerbitzu berri hori (abenduaren 21eko 173/2021 Foru Dekretuan araututa dagoena) hedatzen, ezinbestekotzat jotzen baitu hurbileko zentro komunitario batetik etxeko iraupen luzeko zainketei laguntzeko, teknologia berriek eguneko arreta-zentroetatik aurrez aurreko arretaren bideratzaile eta osagarri gisa duten potentziala erabilita.