- 27 urte zituela, alargun geratu zen sasoia baino lehenago eta pentsiorik gabe.
- “Bizi eta gozatu bizitza ahalik eta gehien” da bere sekretua.
- Omenaldian Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkariak egon dira, baita Barakaldoko alkate Amaia del Campo ere.
María Concepción Bernaola Sarachuk, Alonsotegin 1919ko urriaren 23an jaioak, Barakaldoko Burtzeña auzoan hazitakoak eta, gaur egun, IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzan (Bizkaiko Foru Aldundiko azpiegitura-sarekoa) bizi denak, ehungarren urtetebetzea ospatu du gaur goizean. Conchitarekin senide batzuk izan dira egun berezi horretan, hala nola, Arantza eta Conchi Bernaola lobak, Iñaki Fernández eta Kepa Ugarte ezkon-lobak, eta Endika eta Alazne Fernández eta Irune Ugarte senideak. Txema Botella Bernaola lehengusua ere izan da, hain zuzen, IMQ Igurco Zorrozgoiti eguneko egoitzan ere bizi dena.
Ospakizun horretara, hainbat erakundetako ordezkari asko ere bertaratu dira. Barakaldoko Udaleko alkate Amaia del Campok eta Jonathan Martín zinegotziak Barakaldoko hirigunearen irudiaren zeramikazko grabatu bat eman diote Conchitari. Bizkaiko Foru Aldundiko Erakunde Jardueren zerbitzuko Iciar Echevarríak lore-sorta ederra eta Jesús Lizaso artistaren A salvo de cien tempestades litografia, eman dizkio omenduari. Halaber, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Arloko Marta Baradok Mirasol Kondearen zubiko farola baten estatuatxoa oparitu dio, Bilboko Udalaren izenean.
Egoitzako profesionalek beren estimua adierazi nahi izan diote emakumeari eta, hortaz, Iñaki Isasik, IMQ Igurcoko Eragiketa zuzendariak, bufanda bat oparitu dio Conchitari eta IMQ Zorrozgoiti egoitza eta eguneko zentroko zuzendari María Urrozek, Bilboko kaleen plaka bat eman dio eguneko protagonistari, atzealdean omenduaren izena eta testu gomutagarria zituenak.
Omenduaren bizitzaren azalpena
María Concepción Bernaola Sarachu, Conchita hurkoentzat, 1919ko urriaren 23an jaio zen, Alonsotegin (garai hartan, Barakaldo barruan zegoen) eta, haurtxoa zela, familia Barakaldoko Burtzeña auzora joan zen. Han hazi zen, lehenengo, aititeren eraikinean (etxebizitza bat libre geratu zen) eta, ondoren, aitak eraiki zuen eraikin berri batean.
Aita aiurri txarrekoa eta zorrotza zen; harakina zen (garai batean, “tablajero” deitzen zieten harakinei) eta familiak hiru harategi zituen. Hortaz, haurtzaroaz oroitzapen onak ditu: hiru neba (Rafael, Arturo eta Víctor) zituen eta bera gazteena zen, alaba bakarra gainera, eta nebek oso babestu zuten. Burtzeñan bizi baziren ere, Alonsotegin denbora asko ematen zuten, amaren familia ugariarekin.
Behin, Portugaleten lagunekin zegoela, Andoni izeneko “oso mutiko politak” dantzatzen nork irakatsiko ote zion galdetu zien, eta Conchitak bere burua eskaini zuen irakasle, baina azkenean ez zuten dantzatu eta kafe bat hartzera joan ziren. Harreman ederra sortu zen handik, eta ezkondu ziren, bera 20 urterekin eta Andoni 26 urterekin. Andoni bulego batean lan egiten zuen eta askotan bidaiatzen zuen. Conchita senarrarekin joaten zen bidaietara eta hiri asko ezagutu zituen eta igandeak elkarrekin ematen zituzten. Ezkondu eta zazpi urte geroago, Andonik bakarrik egin zuen bidaia batean, bat-batean hil zen. Emakumearentzat oso esperientzia latza izan zen. Gizon zintzo, maitekor eta oso senar on bezala gogoratzen du Andoni, eta elkarrekin bizi izandako bizitza hain laburra izateak oso penatzen du Conchita.
Hortaz, 27 urte zituela alargun geratu zen, pentsiorik gabe (ez zituen 30 urte), eta aita-amaginarrebak zaintzen eman zuen denbora, gurasoak balira bezala maite zituelako, eta Alonsotegiko apaizak antolatzen zituen bidaietara joaten zen. Alonsotegiko lehengusinek bidaia baten berri ematen zieten bakoitzean, Conchita “banoa” erantzuten zien. Berdin zitzaion helmuga, eta horrela mundu-erdia ikusi du. lkusitako hirien artean, Viena du gogoena.
Bizitzan zehar, lagun minak izan ditu Conchitak, eta oso gogoko izan du kuadrillarekin txokora joatea. Gaur egun, hiztuna, eskuzabala eta pinpirina izaten jarraitzen du. “Bizi eta gozatu bizitza ahalik eta gehien” da bere sekretua.