• eu
Kontaktatu
  • IMQ IGURCOK laguntzen zaitu
  • Disfagiak dakartzan arriskuak murrizteko Beazek eta IMQ Igurcok abiarazitako erronka lortu du Trak ‘startup’ak

Disfagiak dakartzan arriskuak murrizteko Beazek eta IMQ Igurcok abiarazitako erronka lortu du Trak ‘startup’ak

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día

Trak da Beazek eta IMQ Igurcok BIOK! programaren esparruan abiarazitako berrikuntza irekiko erronkaren enpresa irabazlea. Disfagiak dakartzan arriskuak murrizteko egin duen proposamenak epaimahaikideak gogobete ditu, ikuspegiagatik nahiz berrikuntza teknologikoagatik.

Disfagia edo elikagai likidoak eta solidoak irensteko zailtasuna nagusi da adinekoengan; hortaz, Bizkaian zahartzearen erronka garapen ekonomiko eta sozialerako aukera bilakatu nahi duen Nagusi Intelligence Center proiektu estrategikoan kokatu da BIOK! erronka.

BIOK! erronkaren hurrengo etapa izango da proiektu pilotu bat egitea datozen 6 hilabetetan,Trak enpresak proposatutako konponbidearen emaitzez jabetu ahal izateko.

Fisioterapia digitala adimen artifizialari esker

Adimen artifizialaren bidez pazienteen errehabilitazio digitalean eta jarraipenean  aditua den startup horren konponbidea honetan datza: fisioterapia digitaleko aplikazioa, pazienteei ariketa terapeutikoa egiteko tratamenduak agintzeko eta urrutiko tratamenduaren jarraipena egiteko.

Adimen artifizialeko algoritmo baten bidez eta gailu mugikor edo eramangarri baten kamera bakarrik erabilita, plataformak pazienteak ariketa bakoitzean egiten dituen mugimenduak detektatzen ditu, denbora errealean zuzenketak eskaintzeko. Gainera, profesional sanitarioak minutu batean baino gutxiagoan ariketa pertsonalizatuak egiteko protokoloak sor ditzake eta pazientearen bilakaera monitorizatu, ariketen metriken bitartez.

Disfagia, ohiko egoera adinekoen artean

IMQ Igurcoko sendagile geriatroko eta asistentzia-zuzendari Naiara Fernándezek azaldu duenez, «disfagia adinekoen artean nagusitzen den egoera da eta, askotan, gaixotasun neurodegeneratibo batekin eta, besteak beste, desnutrizio eta sarkopeniarekin (muskulu-gaitasunaren galera) lotuta ohi dago. Erronka horren eskutik, likidoen ehundura edo elikagaien sendotasuna egokitzetik haratago modu aktiboan esku hartzeko konponbide bat lortu nahi genuen. Espero dugu esku-hartze neuromuskular horrek artatzen ditugun adinekoengan irenstea hobetzea, nahi gabeko xurgapenekin lotutako arnasbideetako infekziorik ager ez dadin eta adinekoen nutrizio-egoera hobe dadin».

Geriatrak positibotzat jo du «logopediako eta fisioterapiako profesionalek koordinatutako esku-hartze telematikorako proposamen bat garatu izana. Proposamen horrek, adimen artifizialaren laguntzaz, banakako ariketak egitea ahalbidetzen du, zuzenketak denbora errealean eginez, tratamenduaren eraginkortasun handiagoa bermatzeko».

Aplikazio horrek, halaber, «ludifikazioan edo “gamifikazioan” oinarritutako teknikak biltzen ditu, hau da, jokoen berezko teknikak edo dinamikak erabiltzen ditu, besteak beste, betetze terapeutikoa sustatzeko eta, ondorioz, disfagia duten adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko».

Berrikuntzako eta lankidetza publiko-pribatuko ekosistema

Trak enpresaren zuzendari exekutibo Jon Vitalek proiektuarekin «oso pozik» dagoela adierazi du: «IMQ Igurco eta BEAZ bezalako izen handiko erakundeekin lan egite hutsak harrotasuna dakarkigu. Aurrerapena baita hori, arlo publiko eta pribatuko erakundeek beren baliabideak pazienteen eta gizartearentzat hain garrantzitsua den osasungintzaren bilakaeraren zerbitzura jartzen dituztenean».

Izan ere, hori azpimarratazen du  Beazko zuzendari Olatz Goitiak, gogorarazi baitu, «BIOK! erronkaren helburua da Bizkaian erreferentzia diren enpresak berrikuntza-ekosistemarekin lotzea  berrikuntza irekiko erronken bitartez. Beazen dihardugunok sinetsita gaude lankidetza funtsezko baliabidea dela bizi ditugun eraldaketei aurre egiteko, besteak beste, biztanleriaren zahartzeari».

Ariketa terapeutikoak hainbat patologiaren errehabilitazion duen zereginaz jabetuta, Trak-en taldeak plataforma hobetu egin du, «edozein paziente-profili erabat egoki dadin, disfagia dutenei hasita bihotz-patologia baten ondoren sendatzen ari direnei», adierazi du Vitalek.

Pertsona xede duen arreta baterako berrikuntza

IMQ Igurcoko Berrikuntza arduradun Olatz Alonsoren hitzetan, Trakek proposatu duen konponbideak, «esku-hartze pertsonalizatua eskaintzen du adimen artifizialaren bitartez, eta, hortaz, errehabilitazio-prozesua azkarragoa eta seguruagoa da erabiltzaileentzat. Pertsona xede duen arretan aurrera egiten jarraitzea da etorkizuneko joera, eta adierazitako konponbidea beste urrats bat da ikuspegi hori lortzeko. Adimen artifiziala adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko aplikatzea errealitate bat da. Poz-pozik gaude disfagia bezalako prebalentzia handiko patologia batean aplikatzen aitzindari izateaz».

Adierazi duenez, «gogo handia dugu gure zentro soziosanitarioetan proiektu hain berritzalea gidatzeko eta teknologia eta berrikuntzaren bidez adinekoen bizitza hobetzeko jarraitzeko».