• eu
Kontaktatu

Egoitza bateko adinekoek lagun berriak egiten dituzte postaz bilboko auzo garaietako auzotarren artean

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • SARS-CoV-2aren kutsadura prebenitzeko adinekoei jarri zaizkien mugikortasun-murrizketen harreman-hautabidea da.
  • Eskutitzek, egoitzako adinekoek eskuz idatzi dituztenek, pertsonen arteko harreman berriak sortu dituzte, eta ongiztasun,  baliagarritasun eta zoriontasunezko sentimenduak eragin dituzte adinekoengan.
  • Gutun horien emaitza gisa, egoitzako adineko Josu Rodríguezek eta Luisa Argentina Íñiguez auzotarrak elkar ezagutu dute.

 

SARS-CoV-2aren kutsaduraren prebentzio-neurriek mugikortasuna-murrizketak ekarri dizkiete egoitzetan bizi diren adinekoei. Egoera horretaz jabetuta,  Bilboko Bilbozar auzo peto-petoko IMQ Igurco Bilbozar zentro gerontologiko –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa– profesionalak, egoera arintzeko konponbideak bilatzen hasi ziren, adinekoek gainerako auzotarrekin  harremanak izan zitzaten eta komunika zitezen.

Hortaz, IMQ Igurco Bilbozar zentro gerontologikoak, bertako adinekoek eta eguneko zentrokoek “Bilboko auzo garaien denbora-bankua” delakoaren jardueretan parte har dezaten, Fundación Aldauri fundazioarekin sinatu duen hitzarmenaren esparruan, zentroko profesionalek ‘Badaukat gutun bat’ programa abiaraztea erabaki zuten.

Horiek horrela, egoitzako adinekoen talde bat eta Bilboko San Frantzisko, Bilbozar, Zabala eta San Adrian auzoetako auzotarrak elkarri idazten hasi dira, hots, postaz elkarri gutunak bidali dizkiote, loturak sortu eta estutzeko, gizarte-harremanak garatzeko eta, egunen batean, elkar ezagutzeko.

IMQ Igurco Bilbozar egoitzako Animazio Soziokulturaleko teknikari Mónica Cuevasek azaldu duenez, “auzotarrei eskutitzak idaztea proposatu zen zentroan, pandemia sortzen ari zen bakardade-egoera zela eta. Horretarako, Bilboko auzo garaien denboraren bankuarekin jarri ginen harremanetan ekimena proposatzeko, eta elkarrekin lanari ekin genion, auzotarrak zentroko adinekoei hurbiltzearren. Lehenengo eskutitzak jasotzen ari gara, eta horietan, auzotarrek, egoitzako adinekoak ezagutzeaz gain, nola sentitzen  diren eta egoera nola igarotzen ari diren jakin nahi dute, beste gauza batzuen artean”.

Zentro gerontologikoko psikologo María Pérez de Eulatek esan duen bezala, “ekimen honetan adinekoek parte hartzen dute, eta horietako batzuek ez dute familiarik, idazteko gaitasunari eusten diote eta ideia horrekin ilusionatuta daude, kalekoekin harremanetan jartzeko eta pertsonen arteko harremanak garatzeko. Inoiz ikusi ez dituzten eta beren bizitzaz eta egunerokotasunaz interesatzen diren beste pertsona batzuek eta beraiek eskutitzak elkarri idazteak, ongitasun, baliagarritasun eta zoriontasunezko sentimendua eragiten die”.

“Lehenengo aurkezpen-gutunean, parte-hartzaile bakoitzak eskuz idazten du nor den eta datu biografiko batzuk; baita non dagoen, zer egiten duen bere eguneroko bizitzan eta jakinarazi nahi dituen pentsamenduak eta nahiak. Era berean, auzotarrek beren erantzunak bidaltzen dizkiete egoitzako adinekoei, eta, horrela, gutun-harreman bat sortzen dute, eskuz idatzitako gutunei esker. Izan ere, eskutitzek hainbeste lagundu dute historian zehar pertsonak elkarrengana hurbiltzen”, adierazi du Mónica Cuevasek.

Eskutitz bidezko adiskidetasun horren ondorioz, esaterako, auzotar batek bere eskutitzen jasotzaile den adinekoa zuzenean ezagutzea erabaki du. Horra hor, gutunkideak: Luisa Argentina Íñiguez —Argentinan jaioa, gurera oporretan duela 40 urte iritsi zen, eta, Kanaria uharteetatik eta Sevillatik igaro ondoren, Bilbon geratu zen, maitasuna zela bide— eta Josu Rodríguez, Zamorakoa, Bilbora familiarekin bi urte zituela etorri zena. Munduan zehar ibilia, mekanikari doitzaile lan egin zuen, eta, gaur egun, IMQ Igurco Bilbozar egoitzan bizi da, eta bertan, eguneroko jardueren artean, bakardadea arintzen laguntzen dioten eskutitzak idazteko astia ateratzen du.