- IMQ Igurco egoitzetako adinekoak txano solidarioak trikotatzen ari dira, bakarrik bizi diren adinekoei lagun egiteko gazteen boluntariotza sustatzen duen Adopta Un Abuelo GKE finantzatzeko.
- Txano bakoitzeko diru kopuru bat ematen dio GKE horri konpainia batek, adinekoi entzun eta horiek zaintzeko, eta ikasteko jarduerak finantzatzeko.
- “Bakarrik dauden beste adineko batzuei laguntzen dieten adinekoak dira”.
IMQ Igurco euskal talde soziosanitarioko egoitzetako adineko asko, horien senideak eta egoitzetako langileak, galtzeta-orratzez baliatu dira beste leku batzuetako beste adineko batzuk bakarrik egon ez daitezen. Horrela, ekimen honekin bat egin dute: irabiaki eta zuku konpainia batek (Innocent Drinks) jasotzen duen txano solidario bakoitzeko Adopta un Abuelo GKEri diru kopuru bat emango dio, hainbat autonomia-erkidegotako adinekoei lagun egiteko jarduerak finantzatzeko.
IMQ Igurcoko mediku geriatra Naiara Fernándezek adierazi duenez, “badakigu aurtengoa urte bereziki gogorra izaten ari dela, batez ere adinekoentzat. Senideei dagokienez, denbora haiekin partekatzeko modua mugatu izanagatik, eta etxean bizi diren adinekoei dagokienez, lagun egiteko jasaten ari diren zailtasunagatik eta, bereziki, bakardadean bizi direnengatik. Horregatik, fisikoki lagun ezin ditugun arren, laguntza eman dezakegu beste pertsona batzuek hain beharrezkoa eta terapeutikoa den laguntza izan dezaten. Pandemia honetan, bakardadeak adineko askoren gogo-aldartean eta osasun mentalean dituen ondorioak latzak izaten ari dira”.
Iaz beste herrialde batzuetara bidali ziren txanoak eta 14.000 euro lortu ziren Adopta Un Abuelo elkartearentzat; bakarrik bizi diren adinekoei telefonoz lagun egiteko bi pertsona kontratatzeko erabili zen diru hori.
“IMQ Igurcon dihardugunok kanpaina horretan trikotatzen parte hartzea erabaki dugu. Lanari ekin diogu, gure zentroetako ehuleekin, horien senideekin eta profesionalokin ere”, azpimarratu du Fernández sendagileak.
Adituak ekimen horren ondorio onuragarriak nabarmendu ditu: “alde batetik, adinekoak baliagarri sentitzen dira, egiten badakiten eta eskura duten jarduera baten eskutik bakarrik dauden beste adineko batzuei lagutzen dietelako. Bakarrik dauden beste adineko batzuei laguntzen dieten adinekoak dira. Jarduera hori humanizazio, elkartasun eta norberaren errealizaziorako balio handikoa da”.
Bestetik, “puntua egitean edo trikotatzean egiten den jarduera bera onuragarria da, argi eta garbi. Adinekoak helburu gauzagarria proposatu dio bere buruari, kontzentrazioari eusten dio eta kontuak eramaten ditu puntua egitean; horrela, ikuspegi kognitibotik jarduten da. Era berean, eskuzko trebetasuna jorratzen dute orratzekin puntua egiten duten bitartean. Are gehiago, taldean puntua eginez, beren gizarte-trebetasunak sustatzen dituzte, eta horrela beste onura bat aurkitzen dute”.
IMQ Igurcok nahi duen oro animatzen du ekimen horretan parte hartzera. Amorebieta-Etxanoko IMQ Igurco Orue zuzendari Mercedes de la Sotak adierazi duenez,“zenbat eta partaide gehiago izan, orduan eta errazago izango da bakarrik bizi diren adinekoen bizi-kalitatea hobetzea; anima zaitezte!”.
“Artile-grafitia” delakoan aitzindariak
Ekimen horren aurrekaria da 2019. urtearen erdialdean Bilboko IMQ Igurco Bilbozar egoitzan –Bizkaiko Foru Aldundiaren gizarte-azpiegituren sarekoa– artileaz puntua egiteko taldea. Izan ere, urte hartan, Jendaurrean puntu egiteko Munduko Egunean parte hartu zuen. Harrezkeroztik, egoitza horretan eta Taldeko beste egoitza batzuetan talde joria sortu zen zentroak apaintzeko erabili ohi diren motiboak trikotatzeko.