- Klinikoak gaitasun funtzionalaren narriadura antzematen ari dira paziente horiengan sendatu ondoren.
- Lan-protokoloan –ebaluazioa, tratamendua eta jarraipena barne hartzen dituena– arlo kardiobaskularra eta arnasketa arloa landu, muskuluak indartu eta ibilera eta oreka berrezten dira, egoitzetako adinekoen gaitasun funtzioanal hobetu eta bizi-kalitatea areagotzeko.
IMQ Igurco euskal talde soziosanitarioko adinekoen egoitzek, Bizkaian nahi Araban daudenek, protokolo berria abiarazi dute COVID-19a gainditu ostean arrastoak dituzten adinekoak antzeman, ebaluatu eta horiengan esku hartzeko.
Geriatriako espezialista eta erakunde horretako Asistentzia zuzendari Naiara Fernández sendagileak adierazi duenez, «askotan, gaixotasunaren ondorioz gaitasun funtzionala nabarmen murriztu zaien pertsonak antzematen ditugu. Gehienetan, gaitasun funtzionalaren galera hori, adinekoen eguneroko jarduerak egiteko aukerari eragiten diona eta bizi-kalitatea nabarmen murrizten duena, berreskuratu egin daiteke».
Hortaz, IMQ Igurcoko egoitzen protokolo berriaren bitartez, SARS-CoV-2agatiko infekzioa diagnostikatu zaien erabiltzaileak identifikatu egiten dira eta horien balorazio funtzional osoa egiten da, egoera funtzionala eta gaixotasunarekin loturiko ondorio posibleak ebaluatzeko eta, azkenik, neurri terapeutikoak ezartzen dira esku hartzeko, parametro funtzionalak eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Helburu horiek lortzeko, medikuntzako, fisioterapiako, lanbide-terapiako eta erizaintzako profesionalek eta erizaintzako laguntzaileek ere parte hartzen dute modu bateratuan, arlo psikosozialekoek ez ezik.
Ismene Arrindak, Bizkaiko IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioko fisioterapeutak, xehatu duenez, «gaixotasuna igaro duten adinekoak identifikatu ondoren, haien egungo gaitasun funtzionala baloratu behar da, horrek eragina izan baitu, bai kutsatzea prebenitzeko isolamendu-aldian, bai gaixotasunak gorputzean duen eraginean bertan».
Adinekoen balorazio funtzionala egiteko, talde soziosanitarioko egoitzetako fisioterapia profesionalek hainbat parametro ebaluatzen dituzte. «Lehenik eta behin, adinekoaren ibiltzeko gaitasuna zehazten dugu. Ondoren, erortzeko duen arriskua, eta bereiz baloratzen dira oreka eta ibilera gaitasunak. Hirugarrenez, gaitasun fisiko funtzionala aztertzen dugu, eta horretan hainbat test eta ariketa egiten ditugu, hala nola, aulki batetik goiko gorputz-adarren laguntzarik gabe altxatzeko gaitasuna. Halaber, eskuen oratze-indarra neurtzen dugu, horrelako ebaluazioetan parametro estandarra baita. Eta, azkenik, gaitasun kardiobaskularra eta arnasketa-zailtasunaren sentsazioa aztertzen ditugu, adinekoak ariketarekiko duen tolerantzia zehazteko», adierazi du fisioterapeutak.
Alderdi fisikoez gain, egoitzetako arlo psikosozialeko arduradunek adinekoen bizi-kalitatearen pertzepzioa ebaluatzen dute, eta alderdi hauek jorratzen dituzte: funtzio fisikoa, rol fisikoa, gorputzeko mina, osasun orokorra, bizitasuna, funtzio soziala, rol emozionala, osasun mentala eta osasun orokorraren pertzepzioa aurreko urtearekin alderatuta.
Adinekoaren egoera funtzionala ezagutu ondoren, tratamendua jartzen da adinekoaren sasoia hobetzeko. Naiara Fernández sendagilearen hitzetan, «tratamendua hauetara bideratzen dugu: gaitasun kardiobaskularra hobetzera; indar muskularra handitzera, indartzeko lan baten bidez; arnas edukiera handitzera eta neke-sentsazioa murriztera ariketa egiterakoan, eta, azkenik, ibilera eta oreka berreztera, baita eguneroko jarduerak egiteko aurretiazko gaitasuna lehengoratzera ere».
Prozesu horren barruan, «eman beharreko tratamenduaren jarraibideak etengabe eguneratzen dira. Halaber, egoera funtzionala hilero aztertzen da eta unean-unean ematen zaie familiei esku-hartzearen aurrerapenaren berri, baita aldaketa nabarmenik dagoen adierazi ere», amaitu du azaltzen IMQ Igurcoko geriatrak.
SARS-CoV-2agatiko infekzioa gainditu ostean arrastoak dituzten adinekoak antzeman, ebaluatu eta horiengan esku hartzeko protokoloa IMQ Igurcoko egoitzetako erabiltzaileen nahiz paziente partikularren eskura dago.