- Adinekoen gaineko datuak denbora errealean eguneratzen dituzte, hala nola, tenperatura, pisua, botiken neurria, jarrerazko mobilizazioak, gaueko atsedenaldia, ahorakina, hidratazioa, libratzea, etab.
- Jarduketen erregistro digitalari esker, zainketak hobeago ematen dira, adineko pazienteentzat segurtasun handiagoa lortzen da eta, larrialdirik gertatuz gero, jarduketa azkarragoa eta zehatzagoa da, besteak beste.
Erizaintzako laguntzaileak dira adinekoei arreta ematen dieten profesionalen artean ugarienak eta, hortaz, egoitzetako adinekoekin harremanik ohikoena eta estuena dute. Pazienteei eman ohi zaien asistentziaren kalitatea eta segurtasuna hobetzeko, erizainek egunero egiten dituzten zereginak errazteko eta adinekoei ematen dieten zainketa modu eraginkorragoan eta efizienteagoan kudeatzeko, IMQ Igurco talde soziosanitarioak erregistroak automatizatzeko programa aitzindari bat abiarazi berri du Euskadin gerokultoreentzat, Bizkaiko eta Arabako egoitza guztietan.
Horrela, asistentzia kudeatzeko sistema zentralizatu bati konektatutako azken belaunaldiko tableta informatikoen bidez, erizaintzako laguntzaile bakoitzak bere asistentziaren alderdi sanitarioekin eta ez-sanitarioekin loturiko hainbat alderdi idatz ditzake.
Amorebieta-Etxanoko IMQ Igurco Orue egoitzako erizaintzako laguntzaileen koordinatzaile Gurutze Zalduegik azaldu duenez, “tableten bidez, gerokultoreok hainbat alderdi jaso dezakegu egunero, hala nola, adinekoen tenperatura eta pisua, baita medikuek agintzen dizkieten botiken kontrolatu eta denbora errealean ahorakina eta hidratazioa, gaueko atsedenaldien iraupena eta ohean dauden pazienteen jarreren aldaketa erregistratzea, besteak beste. Hori guztia, paper bat ere bete gabe, datuak berehala eguneratu eta kontsultatuz”.
IMQ Igurcoko Transformazio Digitala eta Informazio Sistemak taldeko kide Olatz Alonsoren hitzetan, “adinekoentzako asistentziaren transformazio digitalaren prozesurako aurrerapauso berri horren abantailarik baliagarrienetako bat da asistentzia-taldeko edozein kidek –Medikuntzako eta Erizaintzako profesionalek kasu– erregistroko datuak kontsulta ditzakeela eta adinekoaren bilakaera egiazta dezakeela parametro guztietan, lekualdatu eta artxibo fisikoetan bilatu gabe eta, gainera, berehala, baliabide mugikor baten bidez”.
“Paperik gabeko” erregistro-sistema berria erabiltzeko, erizaintzako laguntzaileei prestakuntza teorikoa eta praktikoa eman zaizkie sistema ezarri aurreko asteetan, eta, ondoren, gidatze praktikoa ere, Amorebieta-Etxanoko IMQ Igurco Orue egoitzan, eguneroko lanean tableten erabilerara ohi daitezen.
“Erizaintzako laguntzaileek gehien baloratu dituzten alderdietako bat da larrialdiren bat gertatuz gero adinekoen datu guztiak berehala eskuragarri egon daitezkeela. Era berean, azpimarratu digute tresna berriak denbora aurrezten duela, erregistroak arintzen laguntzen duela eta adinekoekin egiten duten eguneroko lanean mugikortasun eta independentzia handiagoa ahalbidetzen duela", adierazi du IMQ Igurcoko Trasformazio Digitala eta Informazio Sistemak taldeko kide Miguel Ángel Pazosek. “Datozen hilabeteotan tresna hori garatzen jarraitzeko hobekuntzak ere eskatu dizkigute”.
Erregistro-tabletak gailu mugikorrak dira, eta horiek erabiltzeko sarbide-datuak sartu behar dira. Gailu bakoitzak zerbitzari zentral batekin lan egiten du, zeinean egoitza bakoitzaren barne-sare baten barruan informazio guztia gordetzen den; “datuak, beraz, ezin dira kanpotik eskuratu. Gainera, tableta bakoitzak programa bat du, berehala blokeatu ahal izateko eta, behar izanez gero, non dagoen jakiteko. Indarrean dagoen legeriak agintzen duen bezala, pazienteen datuek segurtasun- eta konfidentzialtasun-neurri guztiak dituzte”, amaitu du azaltzen Miguel Ángel Pazosek.