- Hitzarmen horri esker, gizarte-inklusioko eta belaunaldiarteko jarduerak egiten dira, sortze- eta arte-jarduerak eginez.
- Fundazioak eta Leioako adinekoen eguneko zentroak bi proiektu artistiko badituzte martxan: antzerkiari buruzko bat eta dantzari buruzko beste bat.
Fidias Fundazioak (arteen bidez gizarteratzeko eta pertsonen arteko garapenerako fundazioa) eta IMQ Igurco Estartetxe Leioa adinekoen eguneko zentroak –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa– lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute oraintsu, sortze- eta arte-jardueren eskutik gizarte-inklusioko eta belaunaldiarteko jarduerak egin daitezen. Hitzarmen horretatik ondorioztatzen denez, pertsonen eta, hortaz, gizartearen bizi-kalitatea hobetzea du helburu lankidetzak.
2019ko urrian sortu zen Leioako gizartean eragin handia duten bi erakundeon (Fidias Fundazioa eta IMQ Igurco Estartetxe Leioaadinekoen eguneko zentroa) arteko lankidetza. Harrezkeroztik, indarrak batzen dituzte xede dituzten gizataldeen –umeak, gazteak, nerabeak eta adinekoak– onerako.
Batera egiten dituzten proiektuei esker, pertsona horiek, «hasiera batean hain ezberdin direnak, elkarrengana hurbiltzen dira, elkarri laguntzen diote eta elkarrengandik ikasten dute, eta, aldi berean, parte-hartzaile bakoitzarengan poztasun eta motibazio handia sorrarazten dute, horiek konturatzen baitira guztiek ekarpen baliotsua egin dezaketela eta, horrekin batera, besteak zoriontsu egin ditzaketela, norberaren egoera edo zailtasunak gorabehera», adierazi du Fundazioko presidente Isabel Pradasek.
Gauzatu ohi diren proiektu horiek artea dute beti oinarri, bi adibideetan egiazta daitekeen bezala. David Alday Fidias Fundazioko Proiektuen arduradunak azaldu duenez, «alde batetik, fundazioaren eta eguneko zentroaren artean antolatutako antzerki-tailer bat dago martxan, adinekoei antzerkia ikasi eta egiteko aukera ematen diena, aktore gazte baten laguntzarekin eta gidaritzapean. Bestetik, dantza-tailer bat ere antolatzen dugu, eta inklusiboa eta partizipatiboa denez, ‘Baila conmigo’ (Dantzatu nirekin) izena jarri zaio. Era berean, beste jarduera batzuk ere egiten ditugu batera, hala nola kontzertuak, inguruko musika-agente batzuekin».
IMQ Igurcoko gizarte-langile Sonia Roblesek azpimarratu duenez, «Leioako eguneko zentroko erabiltzaileen ustez, Fidias fundazioarekin sortutako lankidetza oso onuragarria eta beharrezkoa da, eta horri esker, adinekoek udalean gogoz parte har dezakete eta, gainera, esperientzia eta gaitasunak barra-barra dituztenez, aberastasuna ekartzen dute, eta, bestetik, jarduera komunitarioek eta belaunaldiartekoek onurak dakartzate, gizarteratu eta motibatzeko ahalmena dutelako; izan ere, horiek dira eguneko zentroaren helburu nagusienetako batzuk».