- Adinekoei arreta emateko eredu berri batek erdian jartzen ditu adinekoak eta horien senideak, horiek egiten baitute arreta- eta bizitza-plana egoitzako diziplinarteko taldearekin eta erreferentziazko profesionalarekin batera.
- Halaber, tratu txar posibleak kontrokatzeko nahiz erabiltzaileen segurtasuna eta duintasuna bermatzen dituzten protokoloak sustatzeko hainbat ekimen lagungarriak dira adinekoen tratu ona bultzatzeko.
Aurten bi hamarkada bete dira, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren ekimenez, ekainaren 15a Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarraren kontzientzia hartzeko Munduko Eguna ospatzen hasi zenetik. Izan ere, erakunde horrek honela definitu du adinekoen kontrako tratu txarra: «behin egindako edo errepikatutako ekintza, edo erantzunik egokirik eza, kaltea edo larritasuna eragiten diena adineko pertsona bati, eta konfiantza izatea espero den edozein harremanetan gertatzen dena». Tratu txarra hainbat modutakoa izan daiteke: tratu txar fisikoa, psikikoa, emozionala edo sexuala, eta konfiantza-abusua kontu ekonomikoetan. Axolagabekeriaren ondorio ere izan daiteke, nahita edo nahi gabe.
Egungo testuinguruan, zeinean adineko biztanleria etengabe hazten ari den, arreta soziosanitarioan espezializatutako erakundeek, hala nola IMQ Igurco taldeak, arazo horri bi modutan ekitea mahaigaineratu dute. Alde batetik, adinekoak eta horien senideak erdian jartzen dituen arreta-eredu berri baten bidez, zeinaren arabera, adinekoek eta senideek prestatzen dute arreta- eta bizitza-plana egoitzako jakintza-alorrarteko taldearekin eta erreferentzia-profesionalarekin batera. Eta, bestetik, pertsonaren duintasuna bermatzea xede duten tratu txarren prebentziorako eta zainketarako protokoloen bidez.
Tratu onaren sustatzaile
IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzako neuropsikologo Ainara Castañosek azaldu duenez, «erakundeen eta horietako profesionalen lan egiteko modua tratu ona sustatzen duen arreta-eredu baterantz eboluzionatzen ari da. Eredu horren arabera, pertsona bakoitza bakarra dela baloratzen da, bere osasun-egoera eta adina edozein direla ere, eta, beraz, pertsonaren berezitasunak kontuan hartuta tratatu behar da, bere ongizate subjektibora egokitzen diren esku-hartze malguen eskutik (adinekoentzat hobea dela uste duguna ez da beti horrela izaten), eta ezinbestekoa da, hortaz, pertsonaren bizi-ibilbidea eta eguneroko bizitza ezagutzea».
Adituak adierazitakoak ez du esan nahi asistentzia-zentroetan orain arte banakotasuna kontuan hartuta lan egin ez denik, hau baizik: «lehen, zainketei buruzko erabakiak batez ere profesionalek hartzen zituzten, eta helburuak eta esku-hartzeak patologietan, arriskuetan eta gabezietan oinarrituago zeuden, indarguneetan eta gaitasunetan baino. Orain, aldiz, pertsonak berak edo horren ordez jarduten duen senideak prestatzen du arreta- eta bizitza-plana, diziplinarteko taldearekin eta erreferentziazko profesionalarekin batera. Adinekoaren bizitzaren historia, haren lehentasunak eta nahiak, helburuak eta itxaropenak izan behar dira egoitzetan pertsonei ematen diegun arretaren ardatz nagusia», azaldu du neuropsikologoak.
Pertsona xede duten zainketak, euskailurik gabe
Tratu onaren sustatzaile horiek protokolizatu egin daitezke, IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzan bezala; izan ere, Fundación Cuidados Dignos fundazioaren Libera-Care Arauaren arabera ziurtatu da zentroa.
Zentro horretako zuzendari María Urrozek adierazi duenez, «zaintzen den pertsonaren duintasunaren inguruan sortutako zaintza-eredua da, asistentzia-maila eta zaintzan esku hartzen duten maila guztietarako, espezialitate guztietarako eta zaintzen diren mendeko pertsonen profil guztietarako baliagarria dena. Erakundeak lor ditzakeen adierazleak identifikatzeko, kuantifikatzeko eta baloratzeko aukera ematen du, pertsona eta horren harremanak ardatz dituen arreta edo plangintzara hurbiltzen duten tresnen bidez; gainera, zainketan ez da euskailu kimikorik edo fisikorik erabiltzen».
Adituak xehatu duen bezala, «zentroko profesionalek egoitzako adineko bakoitzaren banakako azterketak egiten dituzte, eta, horretarako, pertsona bakoitzaren aukera fisikoak aztertzen dituzte, erabiltzaileen segurtasuna, autonomia eta duintasuna bermatuko duen diagnostiko pertsonalizatua egiten dute, pertsonen zaintza leuntzearekin dugun konpromiso sozialarekin jarraituz. Egoitzako adinekoekin eta horien senideekin lotura zintzoak eta gertukoak sortzen ditugu, eta, aldi berean, pertsona maiteak zaintzen gogoz parte har dezaten sustatzen dugu».
Prebenitu eta detektatzeko protokoloak
IMQ Igurcon tratu txarra prebenitzeko eta horri ekiteko protokoloa egin da, tratu txar fisiko, ekonomiko edo oinarrizko beharrizanetako arreta faltaren ondoriozko egoerak detektatzeko.
«Adinekoa IMQ Igurcoko zentroren batean sartzean balorazioa egiten denean edo zentroan dagoen bitartean gizarte-laneko arduradunak erabiltzaileak tratu txarrik jasotzen duen seinaleak aurkitzen baditu aktibatzen da protokoloa. Une horretatik aurrera, tratu txar fisikoen eta ekonomikoen arrisku-faktoreak behatu egiten dira prebentzio-galdetegi baten bidez. Arrisku-faktore bi edo gehiago aurkitzen badira, egin beharreko esku-hartzeak diziplina anitzeko taldearekin koordinatuko dira, erabiltzailearekin adostuta, eta dagokion Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio. Halaber, detekzio-galdetegi bat egiten da arrisku-maila jakiteko eta emaitzaren arabera esku hartzeko. Jarraibideak ezarri ondoren, arrisku-maila balioesten da aldian-aldian, prozeduraren jarraitutasuna zehazteko. Protokoloa arrisku-faktorerik aurkitzen ez denean eta erabiltzailearen segurtasuna eta ongizatea bermatu direnean amaitzen da», amaitu du azaltzen IMQ Igurcoko gizarte-langile Irene Ruescasek.