- 65 urtetik gora izanda ohikoagoa bada ere, iktusaren intzidentzia % 25 handitu da azken urteetan 20 eta 64 urte artekoengan.
- Neurologiak koordinatutako diziplinarteko taldeek azkar eta modu espezializatuan jardun ondoren, fisioterapiak eta terapia okupazionalak funtsezko zeregina dute garuneko infartu batetik bizirik atera direnek autonomia berreskura dezaten.
2023an, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) datuen arabera, 1.280 pertsona hil ziren Euskadin gaixotasun zerebrobaskularren eraginez, eta horien artean 733 emakumeak izan ziren eta 547, gizonak. Lurraldeka, 648 Bizkaian gertatu ziren; 442, Gipuzkoan eta gainerako 190ak, Araban. Espainia osoan, urtean, 120.000 pertsona inguruk dute iktus bat, eta 2023an 23.173 pertsona hil ziren, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) erregistroen arabera, 2022an baino % 6,1 gutxiago.
Osasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoek, aurtengo apirilean, Osasun Sistema Nazionalaren Iktusari buruzko Estrategia eguneratzea onartzean, oraintsu adierazi zuten bezala, iktusa edozein adinetan gerta daiteke. Izan ere, 65 urtetik gora izanda ohikoagoa bada ere, iktusaren intzidentzia % 25 handitu da azken urteetan 20 eta 64 urte artekoengan. Horren ondorioz, iktus baten ondoren errehabilitazioa egiten duten pazienteen batez besteko adina gero eta txikiagoa da.
Bizkaiko zentro soziosanitario IMQ Igurco Unbeko Errekuperazio Funtzionaleko Unitateko Oihana San Juan fisioterapeutak eta Nahia Zamanillo terapeuta okupazionalak, urriaren 29an gogora ekartzen den Iktusaren Mundu Eguna dela eta, hau gogorarazi dute: «fisioterapiak eta terapia okupazionalak funtsezko zeregina dute garuneko infartu baten ondoren errekuperatzeko».
Istripu zerebrobaskularra da iktusa, eta garuneko odol-fluxua eteten denean gertatzen da, bai odol-hodi bat buxatzen delako (iktus iskemikoa), bai zabaltzen delako, odoljarioa eraginez (iktus hemorragikoa). Lesioaren eremuaren eta tamainaren arabera, sintoma batzuk edo beste batzuk izango dira.
Errekuperazio Funtzionaleko Unitate horretako profesionalentzat –horri Amorebietako IMQ Igurco Orue zentro soziosanitariokoa gehitu zaio– gaixotasun hori «mugarri» da, eta aldaketa itzela dakarkio pazientearen eta bere senideen bizitzari. «Lehenengo urratsa da ulertzea, jasandako kaltearen arabera, errekuperazioa erabatekoa edo partziala izan daitekeela. Gaixotasunetik bizirik atera ondoren, errekuperatzeko bide luzea eta trinkoa hasten da, ahalik eta ondorio gutxien izateko eta eguneroko bizitzako jardueretan (EBJ) autonomia handiagoa lortzeko».
Konplikazio nagusietako bat mugikortasun-galera da (paralisia edo paresia), baina ez da bakarra. Sentikortasunean eta hizkuntzan asalduak gertatzeak eta nahasmendu psikologiko eta sozialak agertzeak ere garrantzi berezia dute eguneroko jarduerak egiten jarraitzeko. Horren haritik, pazienteak mugitzeko gaitasuna gal dezake goiko gorputz-adarretan, beheko gorputz-adarretan edo gorputz-erdi batean, partzialki edo osorik. Enborraren eta lepoaren muskulatura kontrolatzeko ezgai ere izan daiteke, eserita edo zutik egoteko gaitasuna eragotziz.
Oihana San Juanek eta Nahia Zamanillok azaldu dutenez, «errekuperazio-denbora faktore askoren araberakoa izango da: garuneko lesioaren larritasunaren, pazientearen aldez aurreko egoeraren eta iktusarekin lotutako konplikazioen araberakoa (hala nola arnasbideetako infekzioak (disfagiagatik izan daiteke) edo gernu-infekzioak). Baina, betiere, errekuperazio-prozesua ahalik eta azkarren eta diziplina anitzen bitartez egin behar da».
Errekuperazio-prozesua
Errekuperazio-prozesuaren hasieran, fase akutua gainditu ondoren, pazientearen ingurunea egokitu beharko da (logela, etxea...), haren autonomia errazteko. «Arreta jarri behar zaie kaltea jasan duten gorputz-atalei, eta arreta berezia jarri behar da gorputz-adarrak egoki lerrokatuta egon daitezen, ohean eta eserita posizio txarrak saihesteko, artikulazio-finkatzeak, deformazio iraunkorrak, funtzionalitatearen mugak eta mina sortzea eragiten duten bigarren mailako nahasmenduak saihesteko, esaterako sorbalda/eskua sindromea. Oso ohikoa da iktusa izan duen eta esku bat kaltetuta duen paziente batengan modu desegokian kokatuta ikustea, esaterako besoa aulkitik zintzilik. Hori dela eta, fisioterapia eta terapia okupazionalaren arlotik hori guztia behar bezala maneiatzen irakatsiko zaie senideei eta zaintzaileei, ikasitako guztia beren benetako ingurunera estrapolatzeko eta orokortzeko», azaldu dute IMQ Igurcoko profesionalek.
Garuneko infartuaren ondorengo lehen egunetan, pazientea asko neka daiteke, eta ia ezinezkoa da eserita egotea. Prozesu horretara pixkanaka itzuliko da, denborak luzatuko dira, oheratzea murriztu arte. «Fisioterapiako eta terapia okupazionaleko metodo asko daude kalte zerebrala duen pazientea errekuperatzeko, hala nola Bobath kontzeptua, zereginetara bideratutako kontrol motorra edo ispilu-terapia, baina horietan guztietan funtsezkoa da pazientearen ikuspegi globala», adierazi dute.
Tratamendua paziente bakoitzaren egoera indibidualera egokitu beharko da, «agindu errazekin hasita: interpretatzeko errazak eta beti helburu bat izango duten zeregin funtzional txikiak egitera bideratuta. Zailtasuna pixkanaka areagotuko da, pertsona harik eta lan motore eta kognitibo ugari interferentziarik gabe egiteko gai izan arte».
Terapia okupazionalaren bitartez zuzenean esku hartuko da eguneroko bizitzako jardueretan, eta goiko gorputz-adarra berriro integratuko da benetako testuinguruetan eta beneteako objektuekin. «Berriz hezi eta entrenatu beharko da gorputz-adarra erabiltzeko modua, jarduera erreflexurik eta patroi patologikorik agertu gabe. Egonkortasuna, koordinazioa, trebetasuna eta indarra dira eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko beharrezko euskarria», azpimarratu dute IMQ Igurco Unbe zentro soziosanitarioko Errekuperazio Funtzionaleko Unitateko fisioterapeutak eta terapeuta okupazionalak.
Tratamendua funtsezkoa da garuneko kaltearen ondorengo lehen sei hilabeteetan. Horregatik, denboraldi horretan, «garrantzitsua da pazienteak patroi normal baten antzekoak diren mugimendu-ereduak izatea. Ezin dira beti lortu, eta, askotan, pazienteek bizitza osorako fisioterapiako esku-hartzeak behar izaten dituzte, espastikotasuna (zurruntasuna) murrizteko eta konplikazioak saihesteko», amaitu dute azaltzen Oihana San Juanek eta Nahia Zamanillok.