-
Oxfordeko Unibertsitateak Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailari egindako gonbidapen baten esparruan, IMQ Igurco eta NTT Data erakundeetako ordezkariak Aldundiko ordezkariekin batera bertaratu dira.
-
EtxeTIC eredua Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri du era aitzindarian IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroan, eguneko zentro batean adinekoei arreta emateko paradigma berria izanda.
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari batzuek, Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillo buru izanda, Erresuma Batura bidaiatu dute oraintsu, Oxfordeko Unibertsitateak gonbidatuta, Britainia Handiko Gobernuari eta unibertsitate horretako adituei Bizkaian abiarazitako Iraupen Luzeko Zainketetan Trantsizio Plana hedatu izana ezagutarazteko.
Gizarte Ekintzako foru-diputatuarekin batera, agintari hauek ere izan dira: Lourdes Zurbanobeaskoetxea, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizioa Sustatzeko Planaren koordinatzailea eta Eusko Jaurlaritzako koordinatzaile soziosanitarioa; Eneritz Elgezua, IMQ Igurcoko Eguneko Zentroetako zuzendaria, eta Mikel Palazuelos, NTT Datako Zainketa Soziosanitarioen arduraduna. Bi erakunde horiek, Ideablerekin batera, etxeTIC eredua era aitzindarian Bilboko IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroan abiarazi duten aldi baterako enpresa-elkartea eratu dute.
Sarah Harper gerontologo eta demografo buru duen Oxfordeko Unibertsitateko Biztanleriaren Zahartzeari buruzko Institutuak antolatu duen jardunaldian, Bizkaiak, jardunbide egokien atalean, etxeTIC-etxean bizitzen jarraitzeko laguntza-zerbitzua aurkeztu du. Foru Aldundiak martxan jarritako zerbitzu hori publikoa, aitzindaria eta doakoa da, eta prestazio teknologikoak eta harreman-prestazioak, presentzialak nahiz telematikoak, elkartzen ditu, erreferentziazko eguneko zentro batek antolatuta. Halaber, jardunaldi berean, Belgika, Kanada edo Erresuma Batuko jardunbide egokien beste eredu batzuk aurkeztu dira.
Mikel Palazuelosek eta Eneritz Elgezuak Oxfordeko Unibertsitatera bertaratu ziren aditu britainiarrei adierazi zieten bezala, «Bilboko IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroak elkartu ditu lehenen Bizkaian eguneko zentro bateko ohiko laguntza eta laguntza berritzailea, mendekotasuna duten eta beren etxeetan bizi diren pertsona askoz gehiagori emateko, prebentzioko eta etxean bizitzen jarraitzeko teknologia lagungarriei esker monitorizatuta, etxetik hurbil dagoen eguneko zentro bateko arreta presentzialarekin uztartuta».
IMQ Igurco eta NTT Data erakundeetako ordezkariek Bizkaiko «zerbitzu publiko» berritzat jo zuten etxeTIC.
IMQ Igurco Etxaniz, aurrendari
Aurrera dirau Bizkaiko etxeTIC belaunaldi berriko eguneko arreta-zentroaren hedapenak. Orain dela hiru urte aurkeztu zen proiektua, berrikuntzako erosketa publikoko prozesu baten ondoren, merkatuari aldez aurretik kontsulta eginda. Hortaz, lehenengo etxeTIC-etxean bizitzen jarraitzeko laguntza-zentroa Bilboko Etxanizkoa izan zen, 2021ean zabaldu zena.
IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroak arreta espezializatua ematen die mendekotasuna duten pertsonei, eguneko zentroetako 25 tokiren bidez –publikoak nahiz pribatuak. Era berean, Etxaniz eguneko zentroak, azken teknologiaz hornituta, esku hartzeko programa ugari eskaintzen ditu, mendekotasuna duten eta beren etxeetan bizi diren pertsonen eta horien zaintzaileen beharretara egokituta.
Biek dituzte etxeko zainketen ekosistemari laguntzeko plan pertsonalizatuak, etxean laguntzeko teknologiez hornituak (tableta digitalak eta jarduera-eskumuturrekoak) eta horiek zentroan bertan egiten diren jarduerekin osatzen dira, aldizkako jarraipenaren bidez arriskuak monitorizatzen eta prebenitzen laguntzeko.
EtxeTIC zentroetan abiarazitako esku-hartzeek, beraz, online modalitatea eta presentziala elkartzen dituzte, aldizka zentrora bertaratzeko aukera ere dagoela. Eta aurrerago aipatutako 25 pertsonek eguneko zentro batean eman ohi den arreta ere jasotzen dute.
Aurrera dirau etxeTIC hedatzeko ekintzak
Oxfordeko Unibertsitateko ekitaldian, anfitrioi britainiarrei jakinarazi zitzaien etxeTIC eredua Etxebarriko eguneko zentroan abiarazi ondoren herri hauetan ere ezarriko dela: Zallan, Basaurin eta Mungian. Egun, hirurak obra-fasean daude.
Aldundiko ordezkariek adierazi zutenez, Bizkaiko Foru Aldundia modu mailakatuan eta irmoan aurrera egiten ari da etxeTIC-etxean bizitzen jarraitzeko laguntza-zerbitzua hedatzen (abenduaren 21eko173/2021 Foru Dekretuan xedatua), teknologia berriek zainketa errazteko duten ahalmenaz baliatuta eta hori eguneko arretako zentroetako arreta presentzialarekin bateratuta, hurbileko zentro komunitario batetik iraupen luzeko etxeko zainketei laguntzeko funtsezkoa baita.