Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) AgeingOn taldeak, ariketa fisikoen programa telematiko bat diseinatu, eta abian jarri du Covid-19ak eragindako egoitzetako adinekoentzat. Programa IMQ-Igurco-UNBE egoitzan garatu dute, non zenbait egoitzatako kutsatuak bildu baitituzte krisi sanitario honetan.
Bi astez, hamar egoiliarrek ariketa fisikoko taldeko saio telematikoak egin dituzte egunero. Berrogeita bost minutuko saio horien helburu nagusia haien funtzionaltasuna eta bizi kalitatea hobetzea izan da, jatorrizko zentroetara itzuli aurretik.
Esku hartze horren gakoetako bat baliabide pertsonalak eta materialak kudeatzea izan da, saioak telematikoki gauzatu ahal izateko. IMQ-Igurco-UNBE egoitzako lantalde profesionala arduratu da espazioa, materiala eta parte hartzaileen lekualdaketa kudeatzeaz, parte hartzaileen eta saioak gidatzen zituzten profesionalen artean ikusi eta entzuteko komunikazio bide egokia ezartzea lortzeko. Behin baliabideak prestatuta, honela egin da proiektua: parte hartzaileen aurretiko balorazio fisikoa eta psikoafektiboa, ariketa fisikoko interbentzioa, eta ondorengo balorazio fisiko eta psikoafektiboa, Covid-19ko diagnostiko negatiboa izan ondoren.
Hobekuntza nabarmenak parte hartzaileen artean
“Ariketak hasi ditugunetik ia ez dut nabaritzen ziatikako mina”; “indar handia nabaritzen dut hanka honetan, arazorik gabe lortzen dut altxatzea”, azaldu dute programan parte hartu duten batzuek. Proiektuaren alde on bat pertsona horiek erakutsi duten motibazioa izan da. Ariketek oso-oso harrera ona izan dute eta komunikazio bikaina lortu da parte hartzaileen eta saioak gidatzen zituztenen artean, ariketa bakoitza nola egin ulertzeko. Horri dagokionez, zentroko lantaldearen inplikazioak ere eragin nabarmena izan du esku hartzea arrakastatsua gerta dadin.
"Alderdi fisiko-psikoafektiboaren eragin positiboaz gain, pazienteek asko eskertu dute bakarraldiko errutinara horrelako jarduera bat gehitu ahal izatea. Beren buruaz seguruago sentitzea lortu dute”, nabarmendu dute Julene Saornil-ek eta Naiara Fernándezek, IMQ-Igurco-UNBE egoitzako sendagileek. “Erronka nagusietako bat izan da ingurunea egoitzan dauden baliabideetara egokitzea eta zentroaren eta kanpoaldearen arteko konexioa lortzea, bai eta esku hartzea modalitate telematikora egokituta diseinatzea ere. Esperientzia bikaina izan da, eta egokitzeko ahalmen handia dugula frogatu dugu”, azaldu dute AgeingOn taldeko Garbiñe Lozanok eta Miriam Urquizak. Proiektua amaitzeko azken urrats gisa, lortutako datuak aztertzea dago, bai eta bi erakundeek gogoeta egitea ere, antzeko egoeretan etorkizunean egin litezkeen jarduerei begira.
AgeingOn UPV/EHUko ikertalde bat da, ariketa fisikoak bizitzan zehar eta zahartze osasuntsuan zer eragin duen aztertzen duena. Ariketa fisikoak dakartzan onurak zein ariketa egiteko dauden zailtasunak aztertzen ditu bere proiektuetan, baita zailtasun horiek gainditzeko dauden irtenbide sozial eta teknologikoak ere. AgeingOn ikertaldeak honako hau egiten du, besteak beste: ariketa fisikoko esku hartzeak diseinatu, gauzatu eta aztertu ospitale, geriatria zentro eta gizarte zentroetan; exoeskeletoak erabiltzen ditu mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenen lesioak prebenitzeko, baita esklerosi anizkoitza duten pazienteek ariketa egin ahal izateko ere.
Hauek dira AgeinOn ikertaldeko kideak: Ana Rodriguez-Larrad, Jon Irazusta, Miriam Urquiza, Garbiñe Lozano (AgiengOn); Naiara Fernández, Julene Saornil, Jon Gago, Maria Urien eta Diego Espina (IMQ-IGURCO).