Kontaktatu

IMQ Igurcok eta Argibe Elkarteak boluntariotza proiektu bat abiarazi dute adinekoen bakardadea arintzeko

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Ekimena programa pilotu baten eskutik hasiko da IMQ Igurco Unbe egoitzan, eta haren asmoa da boluntariotza IMQ-ko asegurudunen artean ere sustatzea.

  • Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuen arabera, Euskadiko 65 urtetik gorakoen % 24 bakarrik bizi dira, eta 85etik gorakoen % 40.

Euskal Estatistika Erakundearen arabera, munduko bizi-itxaropen handienetako bat du gaur egun Euskadik, 84 urte inguru (81,2 urte, gizonek eta 86,5 urte, emakumeek). Lehen begiratuan, ordea, datu on horrek kontrako fenomeno bat du barruan, nahi gabeko bakardadea, eta horrek bizitzaren etapa ahul batean milaka pertsonari eragiten die.

Nahi gabeko bakardadea milaka adinekok pairatzen dute Euskadin. Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuen arabera, Euskadiko 65 urtetik gorakoen % 24 bakarrik bizi dira, eta 85 urtetik gorakoen % 40.

Pertsonak zahartu ahala, hainbat faktorek, hala nola mugikortasuna mugatzeak edo gizarte-elkarreraginak murrizteak bakardade sentimendua eragin dezakete. Egoera horrek adinekoen ongizate emozionalean ez ezik, osasunean ere badu eragina, eta depresioa edo gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitzen du.

Egoera horretaz arduratuta, IMQ Igurcok, Argibe Elkartearekin elkarlanean, boluntariotza-ekimen bat abiarazi du, esperientzia pilotu moduan, talde soziosanitarioak Bizkaian eta Araban dituen egoitzetako batean adinekoei lagun egiteko, hain zuzen, Bizkaiko adinekoen Erandioko egoitza den IMQ Igurco Unbe zentro soziosanitarioan.

IMQ Igurcoko Estrategia zuzendari Iñigo Elorzak azaldu duenez, «adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko tresna eraginkor gisa finkatu da boluntariotza. Lagun egiteko programen eta jarduera soziokulturalen bidez, boluntarioek laguntza emozionala eta konpainia ematen dizkiete adindunei, eta, hala, horietako askok pairatzen duten bakardade sentimendu suntsitzailea arintzen dute eta komunitatearekin dituzten gizarte-loturak berrezartzen laguntzen diete, pertsonei gizarteko partaide izatearen zentzua itzuliz eta, azken batean, autoestimua eta balio-pertzepzioa hobetzen lagunduz, bizi diren eta oraindik ere partaide diren gizartearen barruan».

Zehaztu duenez, Grupo IMQ-k «babestu egin du» ekimen hori, «lehen unetik, garrantzitsua, pozgarria eta beharrezkoa dela uste dugulako eta, gainera, sozialki arduratsua den enpresa gisa dugun konpromisoaren parte delako».

Euskadin, 30.000tik gora pertsonak ematen dute beren elkartasuna adinekoei zuzendutako boluntariotza-programetan. «Grupo IMQn dihardugunok uste dugu guk ere, erakunde eta gizabanako gisa, proiektu ilusionagarri horretan lagundu ahal eta behar dugula, hurbilenetik hasita, hots, gure egoitzetan bizi diren pertsonengandik. Elkarrizketa batek, keinu batek edota konpainiak berak marka dezake aldea beren egunerokoan eta gurean. Esperientzia horretara IMQ-ko asegurudunak ere gonbidatuko ditugu, gure interes-talde garrantzitsuenak inplikatuko dituen komunitate solidario handi bat sortu nahi dugulako», azaldu du Iñigo Elorzak.

Bestetik, Josu Altuna, Argibe elkarteko presidenteak, boluntarioen laguntzaren garrantzia gogorarazi du: «gure gizartearen arazo larrienetako eta, batzuetan, isilduenetako bat (bakardadea) arintzeko gizarte-ekintza da. Gure elkartean, elkartasunerako bide eta eragile izan nahi duen irabazi asmorik gabeko erakundea denez, modu profesionalizatuan jarduten dugu boluntariotzaren ekintza sustatu, prestatu eta koordinatzeko kalteberatasun-egoeran dauden guztien mesedetan, eta, horrela, gizarte solidarioago bat lortzen laguntzeko».

Boluntariotzaren inpaktua noranzko bikoa da, azaldu du Josu Altunak. «Egoitzako adinekoentzat, konpainia eta laguntza emozionala sentitzea eta ongizate orokorra hobetzea esan nahi du. Boluntarioentzat, hazkunde pertsonaleko esperientzia bat da».

Boluntarioek egin ohi dituzten ekintzen artean, hauek aipa daitezke: «elkarrizketa esanguratsuak, hala nola haien istorioak entzutea eta esperientziak partekatzea; aire zabaleko paseoak, ingurune naturalaz edo hiriko inguruneaz elkarrekin gozatzeko; jokoak eta jolas-jarduerak, haien adimena suspertzeko eta dibertimendua sustatzeko; eta, oro har, keinu txikiekin konpainia ematea, adibidez, liburu bat elkarrekin irakurtzen edo, besterik gabe, bertan egoten».

Boluntariotzaren bidez adinekoen bakardadadea arintzeko ekimen horretan interesa duten pertsonek, ekimenaren arduradun diren IMQ Igurcoko eta Argibe elkarteko pertsonekin jar daitezke harremanetan helbide elektroniko hauen bidez: voluntariadoimq@igurco.es edo proyectosargibe@gmail.com.