Kontaktatu

IMQ Igurcok teknologia berrien aldeko apustua egin du, etxeko zainketen lagungarri izan daitezen

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
      • EtxeTIC foru-zerbitzuan duen esperientziaren, IgurTEK plataformaren edo Bizkaiko herrietan zaintzaileak prestatzeko ematen dituen programen eskutik.
      • Adinekoak beren gizarte- eta familia-inguruan ahalik eta denbora gehien eta autonomia funtzional eta bizi-kalitate handienekin bizi daitezen erraztea da baliabide horien guztien helburua.

Ez da «estatistikoki egiaztatutako kontua» bakarrik pertsona gehienek beren etxean eta ingurunean zahartu eta zaindu nahi izatea, non eroso eta seguru sentitzen diren; izan ere, prestazio soziosanitarioaren ikuspegitik, datozen urteetan, baby-boomaren belaunaldikoak erretiroa hartzen hasten direnean, adinekoentzako arretaren erronka etxeko zainketak indartzea izango da ezinbestean.

«Etxe batean adineko kaltebera bat edo mendekotasuna duen pertsona bat zaintzeko zeregina azaltzen denean, zaintzaileak egiaztatu egiten du zainketak egunero egiteak karga handia dakarrela eta ezagutza, prestakuntza eta laguntza gehiago behar izaten dela, ardurapeko pertsonaren egoera aldatzen doan heinean», adierazi du IMQ Igurcoko Eguneko Zentroetako zuzendari Eneritz Elgezuak.

Premia horri aurre egiteko, IMQ Igurcok apustu irmoa egin zuen, duela urte batzuk, zainketa-lanak errazteko zerbitzuak eta programak garatzeko.

Hortaz, etxean zaintza-planak sortzeko plataforma teknologiko baten garapen aitzindariari esker, Bilboko IMQ Igurco Etxaniz eguneko zentroa –Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa– lehena izan zen etxeTIC programa martxan jartzen; programa hori, Aldundiak sortu duena, adinekoak etxean bizitzen jarraitzeko laguntza-zerbitzua da, eta helburu hauek ditu: mendekotasuna duten pertsonek eta horien zaintzaileek duten bizi-kalitate objektiboa (nola dauden) eta haiek hautematen dutena (nola sentitzen diren) hobetzea, zainketetan erantzunkidetasuna sustatzea, zaintzaileen gainkarga murriztea eta etxean egon nahi duten pertsonak egoitzan ez sartzea edo beranduago sartzea.

Programa hori mendekotasuna duten pertsonen eta horien zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzean oinarritzen da, eta prestazio teknologikoak eta harremanetakoak bateratzen ditu, aurrez aurrekoak nahiz telematikoak, erreferentziazko eguneko zentro batek antolatuta. Abiarazi zenetik, etxean dauden eta mendekotasuna duten ehunka pertsona dira zerbitzu haren onuradun. Halaber, aurten iragarri da EtxeTIC programa beste sei eguneko foru-zentrotara hedatuko dela (horietako batzuk IMQ Igurcok kudeatzen ditu).

IgurTEK

Aurreko garapena eta adinekoei bizi-ziklo osoan arreta emateko konponbideak eskaintzeko bi hamarkadaz baino gehiagoz metatutako esperientzia kontuan hartuta, IMQ Igurcok iaz iragarri zuen ‘IgurTEK, etxeko laguntza’ zerbitzua abiaraziko zela. Zerbitzu berri horren helburua da adinekoak ahalik eta denbora gehien eta autonomia funtzional eta bizi-kalitate handienekin beren gizarte- eta familia-ingurunean egon daitezen erraztea, eta, aldi berean, zaintzaileari ezagutza profesionalak ematea bere lana egin dezan. Hori guztia, erabilera anitzeko plataforma teknologiko propio baten bidez, zeinak urruneko arreta eta etxeko zainketei laguntza emateko aukera ematen duen.

IgurTEK etxeko zainketen planak hainbat etapa edo fase ditu: plataformak zaintza-egoeraren hasierako balorazioa egiten du; datuak aztertzen dira, gaitasunak, sindromeak, beharrak eta arriskuak identifikatzeko; plataformak zaintza-plan indibidualizatu bat sortzen du, eta horretan, adinekoa zaintzeko helburuak eta ekintzak proposatzen dira; esku-hartzeak abian jartzen dira, laguntza-materialaz baliatuta; eta prozesu osoari laguntzen zaio, horren jarraipena egiten da eta hori kontrolatzen da.

Etapa guztiak urrunetik egiten dira, adierazitako plataforma teknologikoaren bidez, zentro soziosanitarioetan aldizkako presentzia izanda. Gainera, kasu bakoitzak badu bere kudeatzailea, hain zuzen, IMQ Igurcoko erreferentziazko profesionala adinekoarentzat eta zaintzailearentzat.

Udal-programak

IMQ Igurcoren ezagutza metatu hori udal-eremura ere iritsi da. Esate baterako, talde soziosanitarioak urteak daramatza Getxoko Udalarekin elkarlanean, Zaintzaileei Laguntzeko Zerbitzuaren bidez. Besteak beste, tailerrak ematen ditu doan, Bizkaiko Foru Aldundiak aitortutako mendekotasuna duten eta zerbitzuaren irizpideak betetzen dituzten herritarrei arreta ematen dieten senideei laguntza emateko. Hala, hainbat tailer eta ikastaro ematen dira, etxean egoten eta zaintzen laguntzen duten gaiak eta edukiak jorratzeko.

Zaintzailea zaintzea

IMQ Igurcoko psikologo Selene Sánchezek gogorarazi duenez, «zaintzaileei gaixotasunaren iraupenak eta progresioak estres fisiko eta emozional handiko egoera eragiten die. Horrek aldaketa nabarmena dakarkio bizitzari, eta, aldi berean, rolak aldatu egiten dira eta tristura, nahasmen eta babesgabetasun sentimenduak sortzen dira, gaixotasuna eta horren zainketak behar bezala ezagutzen ez direlako. Horrez gain, laguntzeko eta zaintzeko erantzukizuna ez da beti partekatzen, eta, ondorioz, gainkarga izateko arriskua handitu egiten da. Hortaz, komeni da zenbait gomendio gogoraraztea».

Izan ere, gomendio hauek adierazi ditu adituak: «zainketa-plan bat ezartzea; zereginak partekatzea edota laguntza eskatzea; babesa bilatzea; nork bere burua prestatzea; mugak jartzea eta “ez” esaten ikastea; nork bere burua zaintzea eta bizitza-erritmo osasungarria izatea; norberaren alarma-seinaleei entzutea eta horiek antzematea; familiako gainerako kideez arduratzea; norberaren mediku-hitzorduetara joatea; eta mendekotasuna duen pertsonaren autonomia sustatzea».