- Txomin Aresti eskolako (Lehen Hezkuntzako 4. maila) ikasleak dira parte-hartzaileak, eta adinekoak, 70 eta 90 urte artekoak, Leioa-Estartetxe eguneko zentroaren erabiltzaileak.
- “Adinekoentzat nahiz gazteentzat hain aberasgarria den esperientzia horren bidez, etorkizuneko gizarte inklusiboago eta errespetutsuago baten oinarriak finkatu ditugu”.
- Proiekuak ikasleei nahiz adinekoei dakarzkie onurak.
Leioako Txomin Aresti herri-eskolak eta Leioa-Estartetxe eguneko zentroak (Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoa eta IMQ Igurcok kudeatzen duena), belaunaldiarteko truke-programa bat abiarazi dute. Programa horretan Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek eta eguneko egoitza horren erabiltzaile diren 70 eta 90 urte arteko adinekoek parte hartzen dute.
Programa horren esparruan, eskola horretako ikasle talde joriak eguneko zentroko adinekoei bisita egin die gaur goizean, elkarrekin jarduera bat egiteko. Oraingo honetan, jokoaren garrantzia azpimarratu dute, eta euskal joko tradizionalak nahiz teknologia berriekin loturikoak egin dituzte.
Eguneko zentroko profesional soziosanitarioek eta eskolako irakasleek egin dute elkarrekin programa hori, “ikasleei nahiz adinekoei onurak ekartzeko taxutu da programa, elkarrekin lan egituratua eginez”, azaldu du IMQ Igurco-ko psikologo Susana Vidaurrazagak.
Adierazi duenez, belaunaldiarteko proiektu horren jatorria “gizartea adinekoen eta gazteen arteko elkarrekintzak, lankidetzak eta ezagutza- eta balio-trukeak duten garrantziarekiko sentikor bihurtzeko beharra da. Adinekoentzat nahiz gazteentzat hain aberasgarria den esperientzia horren bidez, etorkizuneko gizarte inklusiboago eta errespetutsuago baten oinarriak finkatu ditugu”.
Onurak, ikasleentzat nahiz adinekoentzat
Txomin Aresti eskolako irakasle Jaione Elguezabalek adierazi duenez, “helburu asko lortu nahi ditugu belaunaldiarteko programa horretan parte hartzen ari diren ikasleengan, hala nola, norbere konfiantza eta gizartearekiko ardura areagotzea, ikaskide eta senideekiko elkarbizitza hobetzea, etorkizunean ibilbide akademikoaz hartu beharko dituzten erabakiak hartzen laguntzea, adinekoekiko trebetasun praktikoak garatzea eta, batez ere, eskola-kolektibo guztian adinekoekiko balioak aldatzen laguntzea”.
“Adinekoak umea hezten du bizitzaz, hamarkada eta afektibitate-elementu anitzeko historiaz. Umeak onespena, jakingura eta itxaropena eskaintzen ditu”, adierazi du irakasleak.
Bestetik, Susana Vidaurrazagak, IMQ Igurco-ko psikologoak, belaunaldiarteko programak eguneko zentroko erabiltzaileei dakarzkien onura batzuk aipatu ditu: “adinekoek ikasleekin harreman hertsia dutenez eta ezagutzak eta balioak elkarri jakinarazten diotenez, ekimen horrek balio terapeutiko handia du. Programatu diren jardueren bitartez, adinekoen gogo-aldartea hobetu egiten da, biziago daude, autoestimua areagotu egiten da eta bakardadezko sentimendua txikitu egiten da, eta horrek guztiak garrantzi handia du haientzat”.