• eu
Kontaktatu

Naiara Fernández doktorea, IMQ Igurco-ko Asistentzia zuzendari berria

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Geriatriako mediku espezialista, IMQ Igurcon dihardu lanean orain dela hamarkada batez geroztik, eta lan hori unibertsitateko irakaskuntzarekin eta ikerketa aplikatuarekin batera egiten du.

 

Geriatriako mediku espezialista Naiara Fernández da IMQ Igurco euskal talde soziosanitarioko asistentzia-zuzendari berria. Fernández medikuak Iñaki Artaza sendagilearen eskutik hartu du txanda. Azken horrek duela 20 urte inguru konpainiaren jarduera ia hasi zenetik egin du lan hori, eta Arabako Foru Aldundiko Berrikuntza, Kudeaketa Sistemak eta Ebaluazio zuzendari kargua hartu du.

Naiara Fernández Medikuntzan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eskutik, eta osasun-prestakuntza espezializatua du, 2007tik 2011ra  bitartean Asturiasko Oviedoko Monte Naranco ospitalean burutu zuena. UPV/EHUko irakasle laguntzailea da, baita unibertsitate bereko Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea Masterreko eta Zainketa Aringarrien Arreta Integraleko Master Propioko irakasle elkartua ere.

Asistentzia-zuzendari berria 2011ko ekainean hasi zen lanean IMQ Igurcon, eta harrezkeroztik, besoz beso lan egin du Iñaki Artaza sendagilearekin ia hamarkada batez. Denboraldi horretan, asistentzia- eta kudeaketa-esperientzia itzela bereganatu du IMQ Igurco Unbe eta IMQ Igurco Orue egoitzetan, eta, aldi berean, espezialitate horretako hainbat biltzar, sinposio eta tailerretan parte hartu du, baita Geriatria eta Gerontologiari buruzko argitalpen zientifikoetan ere. Halaber, Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkarteko (Zahartzaroa) eta Geriatria eta Gerontologia Espainiako Sozietateko (SEGG) kide da.

Covid-19aren epidemia-uhinetan, osasun-asistentzia ematen du IMQ Igurco Unbeko unitate espezializatu soziosanitarioan. Unitate hori agintari publikoekin koordinatuta, Bizkaiko adinekoengan koronabirusagatiko infekzio-kasuak artatzen ditu.

Naiara Fernández sendagileak «bokaziozko geriatra»tzat jotzen du bere burua. Adierazi duenez, «txikitatik adinekoekin bizi izan dut, eta gertutik bizi izan ditut oso heterogeneoa den giza talde horren ahuleziak eta indarguneak, eta argi eta garbi arreta bikaina merezi dute, estereotipoetan eta infantilizazioan erori gabe. Arreta hori beti eman behar da prestakuntza jarraituaren bidez eta adinekoen beharrak, hala nola klinikoak, funtzionalak, emozionalak eta sozialak, betetzeaz arduratzen, alderdi horiek beharrezkoak baitira bizi-kalitate handienarekin zahartzeko».

Asistentzia-zuzendari berriak adierazi duenez, «ilusio eta erantzukizun handiz hartu dut kargua, gure eskuetan gizarteko giza talderik ahulenetako baten osasuna eta ongizatea baititugu. Geriatriako azken aurrerapen eta ezagutzetan etengabe prestatzen ari den, goi-mailako prestakuntza duen eta adinekoekin konprometituta dagoen jakintza-alor anitzeko talde baten IMQ Igurcokoa alegia— baterako lanarekin eta familien laguntza eta parte-hartzearekin bakarrik jarraitu ahal izango dugu osasuna gure eskuetan uzten duten adinekoen premia aldakorrei erantzuteko gai den abangoardiako arreta soziosanitario ematen».