• eu
Kontaktatu

Tailer batek edertzen irakasten die adinekoei

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Tailer horretan hainbat jarduera egiten dira, esate baterako, aurpegia zaintzekoak; orrazkera;  makillajea; aurpegia, azazkalak, bekainak, ezpain-gaina eta kokotsa txukuntzea; eskuak eta larruazala zaintzekoak; garezurreko masajeak; aurpegiko gimnasia; parafinaz hidratatzea…
  • Norbere irudia zaintzeak estetikako alderdiak nahiz osasuneko eta higiene pertsonaleko azturak barne hartzen ditu, eta nortasuna indartzeko eta autoestimua hobetzeko balio du.

 

Inoiz ez da berandu ongi sentitzeko eta norberaren burua ondo ikusteko. Urteak betetzeak ez du zertan izan behar nork bere burua edertu eta zaintzeko eta norberarekin, barrutik nahiz kanpotik, gustura sentitzeko traba. Eta, jarrera horrekin, Amorebieta-Etxanoko IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzan (Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko partaidea) norbere burua zaintzeko tailer bat abiarazi dute oraintsu, xede honekin, hain zuzen: “norbere irudia zaintzea, hots, estetikako alderdiak nahiz osasuneko eta higiene pertsonaleko azturak barne hartzea”, egoitzako animazio soziokulturaleko teknikari Ziortza Villegasek adierazi duenez.

Azaldu duen bezala, “urteak bete ahala, ez da alde batera utzi behar itxura fisikoa zaintzea, horrek nortasuna indartu eta autoestimua hobetzen baitu, eta, ondorioz, nork bere osasuna eta bizi-kalitatea antzemateko modua positiboagoa da. Egiaztatuta dago nork bere buruari denbora eskaintzeak, bere burua zaintzeak, ongi sentiarazten duela, behatzeko gaitasuna indartu eta gizarte-elkarreragina sustatzen duela”.

Kontuan hartuko beharreko beste alderdi bat da, “txukundu eta apaintzea eguneroko bizitzaren oinarrizko ekintzak dira. Hori dela eta, tailer horrek laguntzen du adinekoek eguneroko bizitzan ahalik eta autonomoen izateko gaitasunak izaten”.

Hilean bi aldiz egiten da tailerra eta, hasiera batean, 26 adinekorentzat –emakume zein gizon– dago pentsatuta. Taldetan antolatzen dira parte-hartzaileak, horien gaitasunen arabera.

Irudi pertsonaleko profesional batek, Nerea Ibarguren Aranak, ematen du tailerra. “Egoitzetako adinekoek, askotan, elkarri laguntzen diote, berez, eta, gainera, tailerrean esku hartzen dugun terapeutok ere laguntzen diegu”, azaldu du Ziortza Villegasek.

Tailer horretan hainbat jarduera egiten dira, esate baterako, aurpegia zaintzekoak; orrazkera;  makillajea; aurpegia, azazkalak, bekainak, ezpain-gaina eta kokotsa txukuntzea; eskuak eta larruazala zaintzekoak; garezurreko masajeak; aurpegiko gimnasia, eta parafinaz hidratatzea, besteak beste.

“Urteak igaro ahala, ez dugu ahaztu behar eder egotea. Garrantzi handia du ez axolagabetzeak, norbere burua maitatu eta onartzeak, edozein adin dela ere, eta urteen joana naturaltasunez onartzeak”, amaitu du adierazten IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzako animatzaile soziokulturala.

Tailer horretan, esandakoak ez ezik, IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzako psikologo Garazi Luzuriagak eta foru-egoitza bereko gizarte-langile Irene Ruescasek ere parte hartzen dute.