• eu
Kontaktatu
  • IMQ IGURCOK laguntzen zaitu
  • UPV-EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du IMQ Igurco euskal talde soziosanitarioarekin

UPV-EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du IMQ Igurco euskal talde soziosanitarioarekin

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Geriatriarekin eta ariketa fisikoarekin loturiko irakaskuntza, derrigorrezko curriculum-praktikak adineko pertsonen zentroetan, curriculumetik kanpoko praktikak eta “Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa” beka sartzen dira hitzarmen horren barruan.
 
 
COVID-19aren lehenengo epidemia-uhinean konfinatuta egon izana eta horren ondorioz adinekoen egoitzetan mugikortasun-murrizketak ezarri izana benetako erronka izan dira adinduen gaitasun funtzionalerako. Geriatria arloan dihardutenek hainbat hamarkada daramatzate adinekoentzat ariketa fisikoak duen garrantzia azpimarratzen, eta, aldi berean, jarduera fisikoko eta kiroleko profesionalek gero eta jende adindun gehiagori ematen diote arreta.
 
Bi premia horietaz jabetuta eta ebidentzia zientifikoaren erabilera eta sorrera oinarritzat hartuta, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateak eta IMQ Igurco euskal talde soziosanitarioak lankidetza-hitzarmen mamitsu bat sinatu berri dute, jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez adinekoen osasuna, bizi-kalitatea eta autonomia pertsonala bultzatzeko helburuarekin.
 
UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako doktore Sara Maldonado-Martínek azaldu duenez, “horrelako lankidetza-hitzarmenek Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasleen ezagutza adinekoengan zuzenean aplikatzeko aukera ematen dute, ariketa fisikoko esku-hartzeen bitartez, hori baita haien lan-gaitasunaren esparrua”.
 
Geriatriako espezialista eta IMQ Igurcoko asistentzia-zuzendari mediko  Iñaki Artaza, bestetik, hau azpimarratu du: “ariketa fisikoak adinekoen osasun eta ongizateari nahiz haien gaitasun funtzionalari eusteko eta, ondorioz, autonomia pertsonalari eusteko, dakarzkien onurak arras egiaztatuta daude literatura zientifikoan. Aldizka ariketa fisikoa egiteak eragin positiboa du mugikortasunaren esparruan ez ezik, bihotz-funtzioan, arnas funtzioan, digestio-funtzioan, funtzio metabolikoan eta baita funtzio kognitiboan eta afektiboan ere”.
 
Horretarako gaitasun nahikoa duten adinekoek egunero edo ia egunero gizakiaren gorputzarentzat funtsezko diren lau alderdi hobetzera bideratutako ariketak egitea gomendatzen du mediku geriatrak, hain zuzen ere, “erresistentzia (alderdi kardiobaskularrak eta arnasketakoak lantzea); muskuluen sendotasuna, martxan segurtasuna ematen dutenak eta adinekoen gorputz-egiturari eusten diotenak; oreka, erorikoak prebenitzen dituena eta hainbat modutan landu daitekeena; eta, azkenik, elastikotasuna, adinekoei eguneroko bizitzako ohiko zeregin asko errazago egitea ahalbidetzen diena, hala nola, janztea, zapatak lotzea edo lurretik zerbait jasotzera makurtzea. Horrek guztiak hauskortasuna agertzea atzeratzen laguntzen du; izan ere, desgaitasunaren eta mendekotasunaren ataria izan arren, itzulgarria izan daiteke”.
 
Hitzarmena
UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateak —Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako atala— sinatu duen hitzarmenak hainbat alderdi barne hartzen du. Sara Maldonado doktoreak aipatu duenez, “lehenik eta behin, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko laugarren mailako ikasleentzako derrigorrezko curriculum-praktiken hitzarmen bat barne hartzen du, eta bi plaza ditu libre: bata, Gasteizen eta bestea, Bilbon. Bigarrenez, lankidetza-hitzarmen bat dago graduondoko titulu propioan, "Ariketa Fisikoa eta Bizimodu Osasungarriak" gaian unibertsitate-espezialista gisa, zeinaren barruan “Geriatria: fisiopatologia, ariketa fisikoaren onurak eta beharra”, Iñaki Artaza doktoreak ematen duena, izeneko mintegia dagoen. 
 
Halaber, bi erakundeen arteko akordioak curriculumetik kanpoko praktiken lankidetza-hitzarmena ere barne hartzen du, “Ariketa fisikoa eta bizimodu osasungarriak” gaian unibertsitate-espezialista gisa, graduondoko titulua duten ikasleentzat, bai eta “Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa” beka duen ikasle bat hiru hilabetez onartzeko akordio bat ere, UPV/EHUren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arteko akordioaren barruan”.
 
IMQ Igurcoko instalazioetan egin beharreko jarduera guztiak, adinekoekin esku hartzeko osagai anitzeko ariketa fisikoari buruzko programen garapenarekin lotuko dira.