- 65 urtetik gorako helduengan ohikoagoa da pneumonia, arnas erreserba txikiagoa eta ahalmen immologiko murriztua dituztelako.
- Nola prebenitu: gripearen eta pneumoniaren aurka txertatzea, higiene-ohitura osasungarriak izatea (eskuak, ahoa, musuzapiak…), ez erretzea (birikak) eta edari alkoholdunik ez edatea (immunitate-sistema).
Jakina izateak ez du esan nahi arriskutsua ez denik. Pneumoniak 65 urtetik gorako ehun pertsonatatik hiruri eragiten die denboraldi bakoitzean. Hortaz, Euskadin, non 65 urteko eta hortik gorako 500.000 biztanle baino gehiago dauden, 15.000tik gora kasu egongo direla aurreikusi da.
Naiara Fernández sendagileak, IMQ Igurco talde soziosanitarioko mediku geriatra eta asistentzia-zuzendariak, adierazi duenez, «65 urtetik gorako helduengan, pneumonia-kasuak ohikoagoak dira, arnas erreserba txikiagoa eta ahalmen immologiko murriztua dituztelako. Egunotan tratamendu medikoetan aurrerapen teknogiko eta berrikuntza ugari badaude ere, pneumoniak adinekoengan oso gaitz larria izaten jarraitzen du, eta ondorio arriskutsuak izan ditzake».
Pneumonia arnas infekzio akutu modu bat da, eta birusek edo bakterioek eragin ohi dute. Gaixotasun arin bat edo hilgarria izan daitekeen gaixotasun bat eragin dezake adin guztietako pertsonengan. Birikak albeolo izeneko zakutxoek osatzen dituzte, zeinak airez betetzen diren pertsona osasuntsu batek arnasa hartzen duenean. Pertsona batek pneumonia duenean, aldiz, albeoloak zornez eta likidoz betetzen dira, eta, ondorioz, arnasa hartzea mingarria da eta oxigenoa hartzea mugatzen du.
Infekzio horiek kutsatutako pertsonekin zuzeneko kontaktua izanez transmititzen dira. Biriketako ehuna handitzen duen germen infekziosoa hainbat bidetatik irits daiteke: arnasbideetatik, faringetik eta odoletik. Pneumokokoa pneumonia sortzen duen bakterio ohikoena da, eta arnas egituren funtzioak alda ditzake, hala nola gas-trukea.
Adinekoengan larriagotu daiteke pneumonia, hainbat kausa dela bide. Naiara Fernández doktoreak azaldu duenez, «adinekoengan birika-elastikotasuna eta arnas muskuluetako indarra murriztu egiten dira adindu ahala eta, ondorioz, airea gehiago atzematen da. Gainera, mukosen segregazioa txikiagoa denez, askoz zailagoa da partikulak bide horretatik kanporatzea. Eta, aurrekoaz gain, komeni da gogoraraztea adinekoen immunitate-sistemak erresistentzia txikiagoa duela, eta, beraz, infekziotik babesteko gaitasuna txikiagoa dela».
Prebentzioa
Osasun-arloan prebentzioa «funtsezkoa da», are gehiago, adinekoengan, «askoz ere kalteberagoak» direlako. Horiengan pneumonia gertatzen bada, komeni da prebentzio-neurri batzuk hartzea gaixotasun hori kutsakorra baita.
«Lehenik eta behin, gogorarazi behar da gripearen eta pneumoniaren aurkako txertoa jartzeko gomendioa. Pneumonia gripe-prozesu baten ondorioz sor daiteke; horregatik, oso gomendagarria da gripearen aurkako txertoa jartzea. Gaur egun, pneumokokoen aurkako txerto bat dago, gaixotasuna garatzeko arriskua murrizten duena», azaldu du IMQ Igurcoko geriatra eta asistentzia-zuzendariak.
Higiene-ohitura onak izatea da kontuan hartu beharreko beste prebentzio-neurrietako bat. «Eskuak maiz garbitzeak, zintz egin ondoren musuzapiak behar bezala botatzeak eta ahoko higiene egokia edukitzeak gaixotasun infekzioso horiek ez barreiatzen laguntzen dute, pneumonia arnasketarekin lotuta baitago eta, beraz, ahoan sor baitaiteke».
Azkenik, adituak tabakorik ez erre eta alkoholik ez edateko gomendioa azpimarratzen du. «Birikek infekzioetatik babesteko duten gaitasuna kaltetu egiten du tabakismoak, eta alkoholak immunitate-sistemaren funtzioak murriztu egiten ditu».
Pneumoniaren sintomak adinekoengan
Gaixotasun hori duten paziente guztiek sintoma berdinak ez badituzte ere, adinekoengan pneumoniako gaitzek badituzte sintoma berdinak, hala nola sukar handia; mina bularraldean; eztul handia, zornea eta odola eta guzti batzuetan; hotzikarak eta ondoeza ere. Ohiko beste sintoma batzuk zefalea, muskuluetako mina eta gastroenteritisa dira.
Tratamendua eta sendabidea
Adinekoengan pneumonia-sintomei aurre egiteko lehen urratsa da «ahalik eta lasterren mediku batengana joatea; horrek diagnostikoa egin eta pazientearentzako tratamendurik onena aurkituko du, kasu bakoitza banan-banan aztertu ondoren». Oro har, terapia antibiotikoa da adinekoengan pneumonia tratatzeko modurik ohikoena. Batzuetan, beste neurri osagarri batzuk hartzen dira, esate baterako, oxigenoterapia edo serumterapia, deshidratazioa badute.
Paziente larrienak ospitaleratu egiten dira. «Adinekoentzako pneumonia-tratamenduak ospitalean egin ohi dira, konplikazio gehiago dituztelako eta pazientearen egoeraren jarraipen zehatza egiteko modurik onena delako».
Ospitaleratzeak luzeak badira, gerta daiteke adinekoak oso ahul egotea alta hartzen dutenean, eta lehen egiten zituen jarduera batzuei berriro ekiteko zailtasunak izatea. «Kasu horietan, pertsona batzuek nahiago dituzte egonaldi laburrak errekuperazio funtzionaleko unitateetan, ahalik eta autonomiarik handiena berreskuratzeko eta etxera itzultzeko», amaitu du azaltzen IMQ Igurcoko asistentzia-zuzendariak.