- Espainiako diabetiko guztien % 40, 65 urtetik gorakoak dira: 2,12 milioi paziente dira.
- Pertsona horien erdiari ez zaio oraindik diabetesa diagnostikatu.
- Diabetesaren tratamenduak adinekoengan zainketa berezia behar izaten du, besteak beste, hauskortasunagatik, sarkopeniagatik edo polifarmaziagatik (botika asko hartzea), patologia horiek pertsona horien artean ohikoagoak baitira.
Diabetesaren Espainiako Sozietatearen XXX. Biltzarra (Sevillan egin berri dena), berriro jarri ditu agerian diabetesak 65 urtetik gorakoen artean dituen garrantzia eta hazkundea.
IMQ Igurcoko mediku geriatra Naiara Fernándezek adierazi duen bezala, “diabetes mellitusa (DM) gaixotasun kronikoa da eta XXI. mendeko epidemiatzat hartzen da, horren prebalentzia oso handia delako, eta 65 urtetik gorako lau pertsonen artean batengan du eragina, eta, gainera, adina zenbat eta handiagoa izan, ehuneko hori gero eta handiagoa izango da; izan ere, 75 urtetik gorakoen herenarengan du eragina”.
Izan ere, Geriatria eta Gerontologiako Espainiako Sozietateak adierazi dituen datu batzuen arabera, Espainiako diabetiko guztien artean % 40, 65 urtetik gorakoak dira; horrek esan nahi du patologia hori 2,12 milioi pazientek dutela, eta gainera, “pertsona horien erdiari ez zaio oraindik diabetesa diagnostikatu”.
Fernández doktoreak hauxe azpimarratu du: “adinekoen kasu gehienetan, DMren oinarri fisiopatologikoa, pankreak jariatzen duen intsulinaren hartzaileen erantzuna murrizten delako glukosa zeluletan ez bezala sartu izana da. Hori dela eta, glukosa kopurua handitzen da odolean, eta horrek bihotzean, giltzurrunetan edo erretinetan patologia bat izateko arriskua handitzen du, baita narriadura funtzionala eta kognitiboa izatekoa ere, besteak beste”.
IMQ Igurcoko mediku geriatrak azaldu duenez, DMrekin loturiko konplikazioak saihesteko lehenengo aukera hau da: “diagnostiko goiztiarra egitea. Horregatik, garrantzitsua da adinekoak aldian-aldian bere lehen mailako arretako medikuarengana joatea eta horren argibideei jarraitzea (analitika egitea, tabakoa erretzeari edo edari alkoholdunak edateari uztea …). Behin diagnostikatu ondoren, arreta berezia jarri behar zaie dietari, jarduera fisikoari eta tratamendu farmakologikoari”.
Dieta, jarduera fisikoa eta medikazioa
Dietak bat etorri behar du egoera funtzionalarekin, kognitiboarekin eta adineko pertsonak egiten duen jarduera fisikoarekin. "Oro har, karbohidrato prozesatuak (opilak, azukreak, kakaoa …) mugatu behar dira, batez ere, pertsona sedentarioa bada. Garrantzitsua da adineko pertsonengan proteinak hartzeari eustea, DMa duten adineko gaixoek hauskortasuna garatzeko arrisku gehiago dutelako”, adierazi du adituak.
Bestalde, jarduera fisikoa DMaren tratamenduaren beste "funtsezko oinarri” bat da, hainbat mekanismoren bidez: "glukosa zeluletara eta kontsumora sartzea sustatzen da; beraz, gluzemia odolean murriztu egiten da. Gainera, batez ere adineko pertsonengan, ariketak sarkopenia (muskulu-kalitate eta funtzioaren galera) eta mendekotasun funtzionala agertzea prebenitzen du”.
Diabetesa kontrolatzeko botika bat agindu bada, mediku endokrinologoak, lehen mailako arretako medikuak, geriatrak edo barne-medikuntzako medikuak adierazitako gomendioak bete behar dira, eta “hori arduratuko da ondoren tratamenduaren helburua betetzen dela kontrolatzeaz, hemoglobina glikosilatua, profil lipidikoa (kolesterola, triglizeridoak) eta tentsio arteriala monitorizatzen, horiek baitira arrisku baskularreko faktore gehigarriak, konplikazioak agertzearekin loturikoak".
Konplikaziorik ohikoenak
Adineko pertsonei, DMaren ohiko konplikazioez gain —besteak beste, kardiopatia, garuneko hodietako gaitza, nefropatia, neuropatia, gaixotasun arterial periferikoa, eta erretinopatia diabetikoa—, bizi-kalitate okerragoa ekar dezaketen beste batzuk gehitzen zaizkie.
Alde batetik hipogluzemia dago. "Odoleko glukosa baloreak 70 mg/dl-tik behera jaistean datza; izerdia, zorabioa, nahasmena eta, bereziki adinekoengan, erorikoak (ondorioz, aldaka hausteko eta mendekotasun funtzionala izateko arriskua); hortaz, saihestu beharrako konplikaziorik larrienetako bat da hori".
Bestalde, diabetesak gertaera zerebrobaskularrak (iktus) gertatzeko arriskua areagotzen du, eta horien ondorioz, edo hipergluzemiaren (odolean azukre gehiegi egotea) zuzeneko eraginez, "DMa duten adinekoek narriadura kognitiboa eta nahasmendu animikoa izateko arrisku handiagoa dute. Horregatik, komeni da arlo horien urteko balorazioa egitea diagnostikoa eta tratamendua ezartzeko, hala badagokio".
IMQ Igurcoko mediku geriatrak ondorioztatu duenez, DMa duten gaixoek urteetan zehar patologia berriak ager daitezkeela ikusita, "baliteke adineko pertsonak bost botika baino gehiago hartzea. Horregatik, eta glukosa-mailak, arteria-tentsioa, lipidoak, eta abar kontrolatzeko, aldian aldiko mediku-azterketak ezinbestekoak dira. Horrela, medikuak agindutakoak optimiza daitezke, polifarmaziari dagokionez eragin kaltegarriak ager ez daitezen".