• eu
Kontaktatu

Adineko emakumeen alkoholismoak hezurrak hausteko eta osteoporosia izateko arriskua handitzen du

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • Adineko emakumeen % 11k alkohol-kontsumo arriskutsua du.
  • Alkohol-kontsumo kronikodun adineko emakumeak errekuperazio funtzionaleko unitateetako pazienteen batezbestekoa baino gazteagoak dira; era berean, erosteko ahalmen eta ikasketa-maila handiagoak dituzte.
  • Emakume horiek depresio-sintomak ohi dituzte, psikofarmakoak hartzen dituzte eta malnutrizioa eta gibeleko erasana dituzte.

Euskadin “Alkoholismoa eta hezur-hausturak errekuperazio funtzionaleko unitate bateko adineko emakumeengan” izenburupean egindako ikerlan baten emaitzek (Medikuntza Geriatrikoari buruzko XIV. Biltzar Europarrean aurkeztu dira, Berlinen), datu hau jarri dute agerian: alkoholismoa emakume adinekoengan “errepikazko erorketen eta, ondorioz, hausteren kausa da, eta gainera hezurren osasuna arriskuan jartzen du eta osteoporosia izateko arriskua handitu”. Ikerlan horren egile nagusia IMQ Igurco-ko asistentzia-zuzendari Iñaki Artaza sendagilea da; Vicenzo Malafarina –IMQ Igurco-rekin ikerlanetan elkarlanean ari ohi dena– defendatu du ikerlana Europako biltzar hartan.

Hezurren bat hautsi ondoren errekuperazio funtzionaleko unitate batean sartzean alkohol-kontsumo kronikoa duten emakumeen ezaugarriak zehaztea izan da ikerlan horren xedea. Behaketa bidezko aurrera begirako ikerlana 2017an egin zen eta horren bidez paziente horien ezaugarri sozialak eta demografikoak eta horien egoera kognitiboa, emozionala, nutrizionala eta hepatikoa aztertu ziren. Emakume horiek unitatean sartzean aldakako, pelbiseko, ornoetako, saihets-hezurretako eta behatzetako (metatartsoak) hausturak zituzten.

“Emaitzetan egiaztatu dugunez, unitatean sartu ziren alkohol-mendekotasuneko emakume guztiek alkohol gehiegi kontsumitzeagatiko errepikazko erorketen historia klinikoa zuten. Halaber, ikerlanaren xede ziren emakumeak errekuperazio funtzionaleko unitateko erabiltzaileen batezbestekoa baino gazteagoak zirela ikusi genuen, baita horien erosteko ahalmena eta ikasketa-maila handiagoak zirela ere”, azaldu du IMQ Igurco-ko asistentzia-zuzendariak.

Ikerlan horretatik ondorioztatu den beste alderdi garrantzitsu bat hau da: “ikerlanean onartutako emakume guztiek depresio-sindromeak zituzten eta, gutxienez, bi psikofarmako hartzen zituzten, edari alkoholdun gehiegi edateaz gain”.

Ikertzaileek, hortaz, hau ondorioztatu dute: “adineko emakume hauen alkohol-mendekotasunaren eraginez, malnutrizioa, osteomalazia  (hezurren desmineralizazioa) eta gibeleko funtzioaren asaldua agertu dira. Horrek guztiak, errekuperazio funtzionaleko unitateetan sartzean balorazio kliniko osoa egitea egokia dela azpimarratzen du”, nabarmendu du IMQ Igurco-ko geriatrak.

Profesional hauek ikerlan zientifikoaren egileak ere izan dira: Lucía Barandiarán, María Urien, Noelia Fernández, Nerea Alberdi eta Naiara Fernández mediko geriatrikoa, IMQ Igurco Unbeko (Erandio, Bizkaia) Errehabilitazio Funtzionaleko Unitatekoa.

Adinekoen artean alkohola da gehien kontsumitzen den substantzia; izan ere, gizonen % 17k eta emakumeen % 11k dute kontsumo arriskutsua.