- IMQ Igurcok bizitzaren amaierako zainketetan espezializatutako arreta ematen du Bizkaiko adinekoen egoitzetan, 2019. urteaz geroztik.
- Gaur egun, badu langileak arlo horretan etengabe prestatzeko programa bat.
IMQ Igurcok 2024an bost urte bete ditu 2019an bizitzaren amaierako zainketetan espezializatutako arreta ematen hasi zenetik, helburu honekin: paziente adinduen eta beren familien konforta eta bizi-kalitatea hobetzea, haien bizitzaren azken fasean, gaixotasun aurreratu eta sendaezina, konplexutasun txikikoa edo ertainekoa, badute eta familia-ingurunearen egoerak etxean arreta ematea eragozten badu.
Harrezkeroztik, Euskadiko talde soziosanitarioak zaintzen dituen dozenaka pertsonak eta beren senideak dira arreta haren onuradun.
Egun, IMQ Igurco Unbe eta IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioetako –biak Bizkaiko egoitzak– instalazioetan ematen ditu IMQ Igurcok bizitzaren amaierako zainketak.
Horren haritik, Naiara Fernández sendagileak, mediku geriatra eta IMQ Igurcoko zuzendari asistentzialak, hau gogorarazi du: «adinekoentzako arreta osoak zainketa aringarriak barne hartu behar ditu. Pertsona xede du arretak, eta pertsonaren bizitzaren bilakaerari egokitzen zaion heinean, haren fisiologian eta osasunean gertatzen diren aldaketei erreparatzen die. Pertsona baten bizitzan hain garrantzitsua den azken etapa, ahultasun handiagoa dagoenean, eta pertsona maiteentzat ere hainbesteko garrantzia duena, ezin da arretarik gabe geratu, eta behar bezala prestatutako profesionalek emandako arreta espezifikoa behar eta merezi du».
Hain zuzen ere, eta, arlo horretan prestatzeak duen garrantziaz jabetuta, IMQ Igurco Unbe egoitzak Jacinto Bátiz doktorea aintzat hartu du —Fundación Pía Aguirreche fundazioaren eskutik—, erakundeko profesionalek gaixotasun aurreratuari aurre egiteko duten gaitasuna hobetzeko, arreta bihozberagoa eta egoitzetako adinekoen banakako beharrak kontuan hartzen dituena emateko behar diren tresnak emanez, pertsonen bizitzaren azken fasea kalitateduna izan dadin.
Horretarako, prestakuntza horrek gai hauek jorratzen ditu: nola zaindu zaintzen den pertsonaren duintasuna, nola zaindu modu bihozberan hurreratzen, nola errespetatu pazientearen balioak eta autonomia edo nola bizi galera.
Zerbitzuaren ezaugarriak
IMQ Igurcok bizitzaren amaieran ematen dituen zerbitzuak ospitale bateko zainketa aringarrien ohiko unitate bat ez bezalakoa da. Naiara Fernándezek azaldu duenez, «lehenik eta behin, IMQ Igurcoren Unbe eta Orue egoitza soziosanitarioetan ematen dugun zerbitzua, gaixotasun sendaezin bat, konplexutasun txikikoa edo ertainekoa, duten eta bizitzaren amaierako fasean dauden pazienteei ematen zaie, familia-ingurunearen egoerak etxean arreta ematea eragozten duenean».
Zerbitzu horren beste bereizgarri bat hau da: «ospitale batean baizik zentro soziosanitario batean egon arren, baditu beharrezko konfort eta intimitate bermeak, eta horiei esker, familiak badu adinduarekin etengabe egoteko aukera».
Bi egoitza soziosanitarioek 24 orduko erizaintzako zerbitzua dute, eta, horri esker, aldi oro bermatzen da osasun-estaldura. Zentro bakoitzean erabilera horretarako lau logela daude, eta horietako bakoitzean, dutxa bat eta asistentziadun bainugela, laguntzailearentzako ohea, oxigenoa eta paziente eta familientzako egongela. Naiara Fernández sendagileak gogorarazi du paziente horien batez besteko egonaldia 18 edo 20 egunetik gorakoa dela.
Zerbitzuaren funtzionamendua
Paziente bat bizitzaren amaierako zainketa-zerbitzuan sartzen denean, «diziplina anitzeko balorazio osoa egiten zaio; hau da, familiaren egoera eta inguruabarrak aztertzen dira. Balorazio horren arabera, pazientearen nahien arabera eta senideen lehentasunak kontuan hartuta, esku hartzeko plan bat ezartzen da, helburu argiak eta pronostiko bat zehaztuta».
Pazientea zerbitzu barruan dagoenean, haren bilakaeraren eguneroko jarraipena egiten da, besteak beste, alderdi hauek kontuan hartuta: «sintomak (mina, disnea, eztula, disfagia, goragalea, gorakoak, idorreria, besteak beste), zainketa bereziak (ahoarena eta larruazalarena, nutrizioa, hidratazioa eta bestelakoak), laguntza psikologikoa eta emozionala, eta esku-hartze espirituala edo erlijiosoa kontrolatzeko protokoloak eta prozedurak aplikatzen dira, adinekoaren lehentasunen arabera».
Horretarako, IMQ Igurcok diziplinarteko talde osoa du, eta hori mediku geriatra batek zuzentzen du eta profesional hauek osatzen dute: erizaintzako, psikologiako, fisioterapiako, gizarte-laneko, lanbide-terapiako eta animazio soziokulturaleko profesionalak, erizaintzako laguntzaileak eta gerokultoreak.
Prestakuntza-lankidetza EHUrekin
IMQ Igurcoren Bizkaiko bi egoitza soziosanitarioek (Unbe eta Orue) Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eskainitako Zainketa Aringarriei buruzko prestakuntza-praktiken zentro gisa parte hartzen dute, duela hainbat urtetatik gaurdaino.