- Hitzarmenak, besteak beste, profesionalek eta boluntarioek minbizidun pazienteei eta horien senideei laguntzea jaso du.
- Era berean, bizi-aztura osasungarriak izateko prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak egitea jaso du.
Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearen (aecc) Arabako batzordeak eta IMQ Igurco Araba zentro soziosanitarioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Arabako hiriburuan, minbizia prebenitu, horren gainean informatu eta horrekiko kontzientziatzeko, baita gaixotasunak jotako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ere.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian pertsona hauek bertaratu dira: aecc Arabako presidente Patxi Ormazabal, altxorzain Pablo Jesús Larrabiderekin eta kudeatzaile Ainara Quintelarekin, eta IMQ Igurcoren izenean, zentro soziosanitarioko zuzendari Elena Beristain, IMQ Igurcoko asistentzia-zuzendaria eta Naiara Fernández geriatra.
Aecc Arabako presidentearen hitzetan, «gero eta minbizidun paziente gehiagok ditu gero eta sostengu emozional eta sozialeko behar gehiago, are gehiago egungo testuinguruan, pandemiaren eraginez».
IMQ Igurco Araba zentro soziosanitarioko zuzendariak behar hau azpimarratu du: «patologia onkologikoa duen pertsonari pazientea eta haren familia ardatz dituen arreta ematea. Patologia konplexua da, askotariko ondorioak baititu arlo fisikoan, emozionalean nahiz sozialean, eta familia nabarmen inplikatuta ohi dago. Zainketen testuinguru horretan, aecc Arabaren ezagutza, esperientzia eta baliabideak elkartzea ezin eskertuzko laguntza izan daiteke gure zentroan zaintzen ditugun minbizidun pertsonentzat, eta, era berean, oso aberasgarria gure profesionalentzat».
Hitzarmenaren klausulen artean, gaixo onkologikoari eta horren familiari aecc-ko profesionalen bidez laguntzea jaso da, pazientearen egoerak hala errazten eta gaixo onkologikoak hala eskatzen duenean. Halaber, aecc-ko langile espezializatuen esku-hartzea behar duten eta baliabideak azkarrago bideratzea ahalbidetzen duten beharrak eta egoerak antzematea ere aipatzen da, baita gaixoarentzako eta horren senideentzako animazio edo olgetako jarduerak IMQ Igurco Arabaren barruan egitea ere.
Lankidetza-esparru berriaren barruan, aecc-ko boluntarioek IMQ Igurco Araban parte hartzea ere jaso da. Boluntariotzako langileek egin beharreko lanak hauek dira, besteak beste: gaixo onkologikoari eta horren senideei laguntzea; lehen mailako zaintzailea ordezkatzea; gaixoari eta horren senideei laguntza emozionala ematea; animazio eta olgetako jarduerak egitea; osasun-arloko langileei laguntzea, profesionalen eginkizunen osagarrien bidez, eta langile espezializatuen esku-hartzea behar dezaketen egoerak eta beharrak profesionalengana bideratzea.
Era berean, bi erakundeak elkarlanean arituko dira IMQ Igurco Arabako langileek bizi-aztura osasungarriak har ditzaten sustatzeko, eta, horretarako, enpresan elikadura osasungarria izateko prebentzio-, prestakuntza- eta hezkuntza-programak garatuko dira. Hori gauzatzeko, aecc-k IMQ Igurco Araba ‘Zure osasuna lehenen’ programan sartuko du, langileei aecc-k minbiziari eta bizi-aztura osasungarriei buruz egiten dituen prebentzio- eta informazio-mezuak bidali ahal izateko.
Bestetik, IMQ Igurco Arabak aecc-rekin batera hainbat ekitaldi antolatuko ditu, hala nola solasaldiak, hitzaldiak, ikastaroak, prestakuntza- eta informazio-jardunaldiak edo osasun-foroak, bizi-aztura osasungarriak sustatzeko asmoz. Horretarako, aecc-ren kanpainak eta ekintzak babestu eta zabalduko ditu, baita gaixotasunak jotakoen onerako den edo minbiziaren prebentzioa helburu duen beste edozein jarduera ere.
Bi alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmenak ezarri du alderdi bakoitzak konfidentzialtasun zorrotzari eutsi behar diola eta erabiltzen den informazioa, hori ematen den helburuetarako soilik erabili behar dela, hots, ezin zaiela hirugarrenei zabaldu edo jakinarazi.