- IMQ Igurco José M.ª Azkuna foru-egoitzako adinekoek aisia-proiektua hasi dute animaliekin.
- Beren kabuz moldatzen direnekin nahiz narriadura kognitibo arina eta larria dutenekin egiten da proiektua.
- Animaliekin egoteak eta horiekin egiten diren jarduerek egoera emozionala hobetzen dute.
“Gaur goizean, txakurrak ikustean, Begoñak irribarre egin du eta poza hartu du”. Agian hori ez da ohiz kanpokoa pertsona askoren bizitzan, baina narriadura kognitibo arina edo larria duten adineko askorengan ez da horrela gertatzen. “Eta adinekoek ez ezik, horien senideek ere gozatzen dute, haiek hain pozik ikustean, arnasa sakon hartzen dute eta poza sentitzen dute barruan”, adierazi du Ainara Castañosek, Zornotzako IMQ Igurco José M.ª Azkuna egoitzako neuropsikologoak.
Zeren eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Zornotzako egoitza horrek “oso emaitza onekin”, animaliekin egiten den aisia ardatz dituen esku-hartze proiektua abiarazi bait. Adituak azaldu duenez, “gaur egun, egoitzan narriadura funtzional eta kognitiboko maila ezberdineko pertsonak bizi dira, hiru asistentzia-unitatetan banatuta: beren kabuz moldatzen direnentzako unitatea, narriadura kognitibo arina dutenentzakoa eta, azkenik, narriadura kognitibo larria dutenentzakoa. Hori dela eta, ezberdintasunak gorabehera, hiru taldeentzat onuragarria izan daitekeen esku-hartze proiektua taxutu genuen”.
Hortaz, giza erronka zail hori gainditzeko, gizakiaren lagunik onena, txakurra, etorri zen laguntza ematera. “Hainbat aukera aztertu genuen, baina, azkenean, aisia animaliekin aukeratu genuen, esku-hartze pertsonalizatuak emateko aukera ederra ematen duelako, hiru moduluetako adinekoekin jarduteko moldakortasunagatik eta egoera kognitibo eta funtzional batera moldatzeko gaitasunagatik. Gainera, bizigarria da egoitzako erabiltzaile guztientzat”, zehaztu du IMQ Igurcoko neuropsikologoak.
Esku-hartzea bi txakurrekin –border collie bat eta artzain-txakur australiar bat– egiten da. “Saioen eskutik, animaliekin harremanak izanez, hainbat alderdi bultzatu nahi dugu, hala nola, ongizate emozionala hobetzea, animaliarekin harreman fisikoak eta bisualak izatea, elkarrekin egiten dituzten jarduerek dakarten zentzumenen estimulazioaren bidez”.
Narriadura kognitibo larria duten adinekoek “elkarri eragiteko gaitasun txikia dute. Hala ere, egiazta dezakegu border collie eta artzain-txakur australiarraren presentzia hutsak estimulatu egiten dituela eta oso onuragarria dela haientzat”.
Antzeko zerbait gertatzen da narriadura funtzional eta kognitibo arina duten pertsonekin. “Kasu horietan, apatia, disforia (euforiaren aurkakoa) edo aztoramena ohi duten pertsonak, nor bere ahalbideen arabera, erreakzionatzen eta txakurrarekin harremanetan jartzen ikus ditzakezu”.
Eta pazienteak bere kabuz moldatzeko gai direnean, harreman hori punturik gorenera iristen da. “Aisia zerbait ludiko bilakatzen da, jolas hutsa. Pertsona horiekin eta txakurrekin jarduerak eta jokoak egiten ditugu, etxean txakurrak dituztenen antzera. Elkarrekin oso ondo pasatzen dute eta, egoera emozionala hobetzeaz gain, askotan, minak eta mugitzeko mugak ahaztu egiten dituzte eta modu jostagarrian egiten dute ariketa, hots, hoberen mesede egiten duen eran”.
Azken finean, “animaliekin esku hartzeko proiektu horrek aisia bestelako moduan bizitzea dakar. Animaliarekin sortzen den loturak harreman pertsonalak errazten ditu, eta talde-sentimendua sortzen du, eta horrek egoitzaren eguneroko bizimoduan irauten du”, laburtu du IMQ Igurcoko neuropsikologoak.
Animaliekin esku hartzeko Igurco José M.ª Azkuna foru-egoitzako aisia-proiektu horretan pertsona hauek ere parte hartzen dute: Miren Niño, zentroko sendagilea; Garazi Luzuriaga, psikologoa; Asier López, fisioterapeuta; Irene Ruescas, gizarate-langilea, eta Ziortza Villegas, gizarte- eta kultura-animazioko teknikaria.