- Ekimena zentroko langile batzuek proposatu dute eta ASOVENALA elkartearekin (Asociación de Venezolanos en Álava) lankidetzan gauzatzen ari da.
- Oraintxe hauek dira lehentasunezko beharrak: material medikoa eta sanitarioa, proteina ugariko elikagaiak, haurren eta bularreko umetxoen nutriziorako elikagaiak, eta maskarak.
Arabarren Zainketa Zentroak (Gasteizko Blas de Otero kalea 33) ASOVENALA (Asociación de Venezolanos en Álava) elkartearekin lankidetzan, kanpaina solidario bat abian jarri du, ekainaren 24an Venezuelan gertatutako lurrikara suntsitzaileek kaltetutako pertsonei laguntzeko. Ekimena berez sortu zen zentroko hainbat profesionalen artean, eta hartan parte hartzeko aukera eman zaie zentroko erabiltzaileei, beren familiei, Arabarreneko langile guztiei eta Arabako hiriburuko herritarrei.
Hala, Arabarrenek berariazko bilketa-gune bat prestatu du zentroko harrera-lekuan, lanegunetan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eskatutako produktuak bertan utz daitezen. ASOVENALA elkartea astero bertaratuko da emandakoak hartzera, eta, ondoren, horiek Venezuelara bidaltzeaz arduratuko da, elkarteak ezarritako antolaketaren arabera. Kanpaina hori uztailaren 15era arte egongo da martxan.
Premiazkoenak
Lehenengo egunetan herritarren erantzuna itzela izan denez, ASOVENALA elkarteak premiazko beharrak eguneratu ditu. Oraingoz, ez da jantzi eta ur gehiagorik bilduko, elkarteak gaur egun horiek aski eta sobera baititu.
Kanpainak, egun, material medikoa eta sendaketak egiteko materiala bildu nahi ditu, hala nola gazak, eskularruak, xiringak, serumak eta oinarrizko ekipamendu medikoak; proteina ugariko elikagaiak, besteak beste, gehigarriak, proteina-barrak, esne-hautsa eta beste produktu batzuk; haurrentzako formulak eta elikagaiak, esaterako haurtxoentzako eta haurrentzako esnea, ahiak eta haurren nutriziorako eta garapenerako produktu bereziak; eta maskara kirurgikoak, K95 edo babes handikoak, osasun-langileentzat zein kaltetutako komunitateentzat.
Diruzko laguntzari dagokienez, elkarteak Bizumen bidez bildutako dohaintza-kopuru handia dela eta, sistema hori gainezka egon da, eta, beraz, ASOVENALA elkarteak ekarpenak banku-transferentzia bidez egitea gomendatzen du. Hortaz, diruzko ekarpenik egin nahi dutenek zuzenean egin ahal izango dute, elkarteak ezagutarazitako kontuan (ES35 3008 0284 0145 9995 0120 (Rural Kutxa)) dirua sartzen edo banku-transferentzia bat egiten, “Lurrikarengatiko dohaintza” kontzeptua eta emailearen izena adierazita. Arabarren elkartea ez da ekarpen horien bitartekari izango; ekimena zabaltzeaz eta nahi duenak horretan parte hartzea errazteaz arduratuko da.
Sentsibilizazio soziala
Arabarren Zainketa Zentroko zuzendari Alberto García-Santiustek hau adierazi du zentroko langileek egindako lankidetza-proposamenaz: «Arabarreneko giza taldeak sufrimendu bereziko egoerak gertatzen direnean konpromisoa, sentsibilitatea eta elkartasuna erakutsi ohi ditu». Eta horiek erabat bat datoz erakundearen «lankidetza, elkarrekiko laguntza eta erantzukizun sozialaren balioekin».
Arabarren elkarteko kideek, era berean, laguntza helarazten diete venezuelarrei, kaltetutako familiei eta Venezuelan senideak, lagunak edo pertsona maiteak dituzten komunitateko pertsonei. «Edozein ekarpenek, txikia badirudi ere, premia larrian daudenei lagun diezaieke», azpimarratu du zuzendariak.
Arabarren zentroaz
Arabarren zainketa-zentroa 2023tik dago martxan. Arabarren gizarte-ekimeneko kooperatibak kudeatzen du zentroa, eta Arabako sare soziosanitarioko 150 leku publiko ditu, horiek guztiak Arabako Foru Aldundiarekin itunduta baitaude. Kooperatibaren partaide dira bazkide langileak, Krean kooperatiba (Mondragón Korporazioa), eraikina diseinatu eta eraikitzeaz arduratu zena, eta IMQ Igurco, Euskadin zerbitzu soziosanitarioak kudeatzen erreferentzia den enpresa.