Kontaktatu

IMQ Igurco Bilbozarrek 15 urte bete ditu eta 1500 pertsona artatu ditu

Sala de prensa - Residencias para mayores y centros de día
  • 2011n ireki zenetik, 1.100etik gora pertsonak jaso dute arreta egoitzan, eta 380k baino gehiagok, eguneko zentroan. Hurrenez hurren, 137 eta 50 leku ditu zentroak.

  • Hamabosgarren urteurrena ospatu du, eta jendaurreko omenaldia egin die zentroaren ibilbidean parte hartu duten guztiei: adinekoak, erabiltzaileak, senideak, profesionalak eta gizarte-erakundeak.

  • Ospakizunaren esparruan, zortzi ibilaldi egin dira Bizkaiko hainbat herritara –BILBOZAR hitzaren hizkiak kontuan hartuta–, erabiltzaileekin eta familiekin.

IMQ Igurco Bilbozar egoitza eta eguneko zentroak, Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sarekoak, 1.100etik gora adineko artatu ditu, 2011ko martxoan zabaldu zenetik, zentroko egoitza unitatean, eta beste 384 gehiago, eguneko zentroan. Gainera, urteotan, ehun urtetik gorako 21 pertsonari eman die arreta, 2.160 jarduera soziokomunitariotan parte hartu du eta senideen 205.500 bisita jaso ditu.

Egoitzak berak 137 leku ditu, eta eguneko arretarako, 50 leku, eta zentroan 89 profesionalek lan egiten dute. Zentroak hamabosgarren urteurrena ospatu du, adinekoak eta erabiltzaileak, haien familiak, profesionalak eta haien ibilbidean lagundu duten gizarte-erakundeak aintzat hartzeko jendaurreko ekitaldi baten eskutik. Izan ere, zentroak 72 lankidetza-hitzarmen ditu indarrean hainbat erakunde eta elkarterekin.

‘15 urtez komunitatea sortzen, etxea eraikintzen’ lelopean, atzo arratsaldean, Bilboko Mariaren Bihotza Plazako Gizarte Etxean egindako ospakizunak aukera eman zuen zentroaren bilakaera gogora ekartzeko eta zaintza soziosanitarioak eta autonomia pertsonalarekiko errespetua, familien laguntza eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako bizitza komunitarioan parte hartzea uztartu dituen arreta/ereduaren balioa nabarmantzeko.

Patricia Sastrek, IMQ Igurco Bilbozar zentroko zuzendariak, ekitaldi horretan hauxe adierazi zuen: «hamabost urteotan 1.500 adineko ingururi lagundu izana erantzukizuna da, baita pozik egoteko moduko arrazoia ere. Adineko bakoitzaren atzean istorio pertsonal bat, familia bat eta hainbat premia daude. Gure konpromisoa izan da arreta profesionala, pertsona ardatz duena, eskaintzea, pertsonen autonomia, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzen laguntzeko, inoiz ere ahaztu gabe tratu bihozberaren eta pertsonek kide diren komunitatearekin dituzten loturen garrantzia».

Bestetik, Santiago Canalesek, IMQ Igurcoko zuzendari nagusiak, IMQ Taldearen izenean, eskerrak eman zizkien erakunde guztiei eta auzotarrei, egoitzako adinekoek komunitatean parte hartzen jarrai dezaten emandako laguntzagatik. Ekitaldian eskerrak eman zitzaizkien, halaber, duela hiru bosturtekotik errealitate horri argi berdea eman zioten erakundeei: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta IMQ Taldea.

Omenaldia Bilbozar eraiki dutenei

Ospakizunak egoitzako adinekoak, eguneko zentroko erabiltzaileak, senideak, profesionalak eta erakunde laguntzaileetako ordezkariak bildu zituen, hamabost urteotako oroitzapenak, irudiak eta esperientziak gogorarazita. Gainera, Beti Gazteak Abesbatza arduratu zen musikaz, ekitaldiaren uneak girotzeko.

Omenaldirik esanguratsuenetako bat zentroarekin lotuta denbora gehien daramaten adinekoei eskaini zitzaien, hala nola Olga Nocedal Galdona erandiotarrari, egoitzan 2011ko martxoaren 31n sartu zena, zentroa zabaldu eta gutxira; hortaz, Bilbozarren ia ibilbide osoa bizi izan du.

Halaber, María Isabel CatarechaIzaolak bizi izandakoa azpimarratu zen: eguneko zentroan antzinatasun handiena duen erabiltzailea da. Andrearen ibilbide pertsonalak erakutsi du zein garrantzitsuak diren norberaren independentzia eta ekimena, nortasuna eta lehentasunak aintzat hartu eta errespetatzea.

Urteurrenak balio izan zuen, era berean, familiei konfiantza eskertzeko eta zentroa ireki zenetik zentroko kide izan diren profesional guztien arduraldia aintzat hartzeko. Patricia Sastre IMQ Igurco Bilbozarreko zuzendariak adierazi zuenez, «hamabost urteotan, familien konfiantza, hurbiltasuna, parte-hartzea eta laguntza funtsezkoak izan dira. Familiak Bilbozarreko eguneroko bizitzaren parte dira, eta funtsezko pieza dira egoitzako adinekoei eta eguneko zentroko erabiltzaileei ematen zaien asistentzian. Denboran zehar izandako konfiantza hori aintzat hartu nahi du urteurrenak, eta eskerrak eman nahi dizkie familia guztiei, bai gaur egun zentroko kide direnei, bai hamabost urteotako uneren batean izan direnei, beren bizitzaren zati handi bat Bilbozar egoitzarekin partekatu izanagatik».

Era berean, ekitaldian gizarte-erakunde hauek aintzat hartu ziren: Aldauri Fundazioa, auzoan loturak eta parte hartzeko espazioak sortzen laguntzeagatik; Down-en Sindromea Fundazioa, inklusioarekiko konpromisoa eta parte hartzeko aukerak partekatzeagatik; Peñascal Kooperatiba, Izangai eta Sortarazi, beren lankidetzagatik eta konpromiso sozialagatik; eta Ondoan Taldea, Bilbozar zentroarekin batera ibilitako bideagatik.

Halaber, hauei ere eskertu zitzaien egindako lankidetza: Irakurketa Erraza Euskadi, bere lanak komunikazio ulergarri eta irisgarriagoa lortzeko aurrera egiten laguntzen baitu; Torreurizarreko Pastoral Barrutia, hurbiltasunagatik eta laguntzagatik; eta San Frantziskoko Liburutegia, irakurketa eta kultura hurbiltzeagatik eta istorioak eta esperientziak partekatzeko aukera bihurtzeagatik.

Sormena eta adierazpen artistikoa Dibujatolrato marrazketa-taldearen bidez ordezkatuta egon ziren, eta Asociación Norai, Ángeles Custodios, Miribilla Eskola eta Bizi Bete ere aintzat hartu ziren, lankidetza-sare gisa, topaketak eta parte hartzeko aukerak sortzea eta Bilbozarrek komunitatearekin duen lotura bizirik iraunaraztea ahalbidetzen dutelako.

Era berean, IMQ Igurco Bilbozar zabaldu zenetik, zentroa osatzen eta horretan parte hartzen duten profesional guztiak aintzat hartu ziren ekitaldian: hainbat profil, lanpostu eta erantzukizunetako pertsonak, beren eguneroko lan, profesionaltasun, konpromiso eta hurbiltasunari esker, zentroaren historia eraikitzen lagundu dutenak.

«Hamabost urteko jarduerak milaka laguntza-, zaintza-, elkarrizketa-, jarduera- eta eguneroko keinu txiki ekarri ditu. Horien guztien atzean, helburu bera –pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea lortzea– duen talde baten lana dago. Pertsona horiei, profesional horiei, pertsonak zaintzen buru-belarri ari izan direnei, etapa gogorrenetan ere, esaterako, pandemian, eskerrak eman nahi dizkiegu, guk eta Bilboko eta Bizkaiko herritar guztiek», adierazi zuen zentroko zuzendariak.

Zortzi ibilaldi hamabost urteko bizikidetza ospatzeko

Urteurrenaren ospakizuna ekitaldi instituzionala izateaz gain, hamabost urteotan zehar, Bilbozarrek zortzi ibilaldi antolatu ditu erabiltzaileekin eta senideekin, eta helmugek zentroaren izenaren letrak, BILBOZAR, izan dituzte: Balmaseda, Iurreta, Lezama, Bakio, Urduña (Orduña, gaztelaniaz), Zierbena, Zugaztieta (La Arboleda, gaztelaniaz) eta Erromo (Romo, gaztelaniaz).

Ekimen horri esker, zentroaren ohiko ingurunetik kanpoko esperientziak partekatu ahal izan dira, eta adinekoen, familien eta profesionalen arteko loturak sendotu dira.

Bilbo Zaharreko bizitzan integratutako zentroa

Hamabost urteotan nabarmendu den beste alde bat IMQ Igurco Bilbozar zentroa San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako jarduera soziokomunitarioan inplikatzen dela da, inguruko elkarte eta erakundeekin ekimenak bultzatzen baititu.

Patricia Sastrek adierazi zuen legez, «ospakizunaren bitartez, halaber, arreta-eredu jakin bat nabarmendu nahi izan dugu, non zaintzeak ondoan egotea, entzutea, pertsona bakoitzaren erabakiak errespetatzea, gizartean parte hartzea eta familiekin, inguruarekin eta komunitatearekin harreman estua izatea ere esan nahi duen».

Hamabost urtez adinekoei arreta ematen

IMQ Igurco Bilbozar 2011ko martxoan zabaldu zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta IMQ Igurcoren (IMQ Taldea) arteko lankidetzaren ondorioz. Zentroa abian jartzeak 11 milioi euro inguruko inbertsioa ekarri zuen, eta mendekotasuna duten adinekoentzako baliabide soziosanitarioak ugaritzeko aukera eman zuen Bizkaiko hiriburuan, batik bat, Bilboko goi-auzoetan (San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala).

Vitoria-Gasteiz kaleko 12. zenbakian dago zentroa, Alde Zaharraren eta Erriberako Merkatuaren inguruan. Zentroak bost asistentzia-solairu eta 87 logela ditu, 35 banako gela eta 52 gela bikoitz. Egoitzak 137 plaza ditu, eta eguneko zentroak beste 50, azken horiek, publikoak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren mendekoak.