- Zeregin neketsua da zaintzea, erantzukizun handikoa, eta sarritan zama fisiko, psikiko eta emozional itzela dakar berekin.
- Euskadin 80.000 pertsona inguruk dute mendekotasuna, eta horiek zaintzaile profesionalek nahiz familiarrek zaintzen dituzte egunero, zentro espezializatuetan nahiz etxeetan.
Azaroaren 5a Zaintzailearen Eguna da, eta horretan, modu profesionalean edo familia-laguntza gisa, adina, gaixotasuna edo desgaitasuna direla kausa mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenak aintzat hartzen dira. 2013an (eskuragarri dauden azken datuak), Eusko Jaurlaritzaren arabera, 173.737 pertsonak zaindu zuten modu informalean Euskadin. Bestetik, 2020ko abenduan, 79.315pertsona inguruk zuten mendekotasuna.
Gasteizko IMQ Igurco Araba egoitzako osasun-psikologo orokor Estela Muñoz Sánchezek hau adierazi du horren harira: «zeregin neketsua da zaintzea, erantzukizun handikoa, eta sarritan zama fisiko, psikiko eta emozional itzela dakar berekin. Zaintzea neke handiko zeregina izan ez dadin, eta zaintzailearengan eta, hortaz, zaintzen den pertsonarengan eragin txarrik izan ez dezan, oso lagungarria izan daiteke oinarrizko bost gomendio, erraz bete daitezkeenak, kontuan hartzea: informazioa bilatzea, astia antolatzea, behar izanez gero laguntza eskatzea, mugak jartzea eta bizi-aztura osasungarriak izatea».
Informazioa bilatzea
Mendekotasuna duen pertsonaren beharrak betetzeko dauden baliabideei buruz (elkarteak, erakundeen laguntza ekonomikoak, edo Euskadin gertatzen den bezala, aholkatze-zerbitzuak, hala nola IMQ Ayuda) informatzea da IMQ Igurcoko adituak eman duen lehenengo aholkua. «Oso lagungarria izan daiteke zaintzen den pertsonaren gaixotasunari buruzko informazioa bilatzea; zainketari hobeto ekiteko eta eguneroko bizitzan birgizarteratzeko aukerak ezagutzeko. Pertsonak transferentziak (esaterako, ohetik gurpil-aulkira mugitzea) eta jarrera aldatzea behar baditu, jarrera-higieneari buruzko aholkuak behar izango ditu zaintzaileak, berak edo zaintzen duen pertsonak kalte fisikorik izan ez ditzaten», azpimarratu du adituak.
Astia antolatzea
Zeregin ugari egin behar bada, «epe laburrera jar daitezke helburuak lorpen txikiak lortzeko», gehitu du Estela Muñozek. «Egitekoak garrantziaren ordenaren arabera antolatzeari eta aldez aurretik hautabideak pentsatzeari esker, prestatuago egongo da zaintzailea, zailtasunik gertatuz gero. Ez ahaztu zure senidearen iritzia kontuan hartzen; hortaz, garrantzitsua da aldaketak senidearekin kontsultatzea, ahal den guztietan».
Laguntza eskatzen ikastea
Batzuetan laguntza behar izaten dela onartzea «ez da ahultasunaren seinalea; aitzitik, zaintzaile eraginkorragoa izaten lagunduko dizu». IMQ Igurco Arabako psikologoaren hitzetan, pertsona bat zaintzea «egoera zaila da; hortaz, utziozu zure buruari sentimendu desatseginak izaten eta adierazten. Eskatu nahi duzuna, utzi beste senide batzuei eta profesionalei zu laguntzen, eta aintzat hartu jasotako laguntza, eta ulertu zereginak egiteko zure modua ez dela bakarra. Gainerakoekin moldakorra izanez gero, errazago lortuko da eskatuko dugun horretan lagun diezaguten. Egia da ezin dela inor behartu beste pertsona bat zaintzeko ardura bere gain hartzera; beraz, onartu bestearen askatasuna eta bilatu laguntza beste pertsona batzuengan, gizarte-baliabideetan eta elkarteetan».
Mugak jartzea
Mugak jartzea ere aholkatu du osasun-profesionalak. «Zaintzen duzun pertsonarekin mugak jartzeko eskubidea duzu, haren eskaerak gehiegizkoak edo desegokiak badira, eta presakoak ez diren eskaerei “ez” esatekoa». Halaber, mendekotasuna duen pertsonarengan mendekotasunik eza sustatzea aholkatzen du: «utziozu egiten dakiena egiten, kontuan hartu lanak egiterakoan. Haren autonomia sustatzea da laguntzarik onena biontzat. Onuragarria da zure mugak ezagut ditzazula, zure autoexijentzia geldiaraztea. Jar ezazu arreta egin dezakezun horretan, ez erreparatu akatsetan bakarrik. Dauzkazun baliabideekin ahal duzun ondoen egiten ari zara. Ez dago zaintzaile perfekturik», azpimarratu du Estela Muñozek.
Bizi-aztura osasungarriak
Estresaren eta nekearen seinaleak antzematea da modu osasungarrian zaintzeko azken gomendioa. «Zaindu zure atsedena eta elikaduraren kalitatea. Batzuetan, zeregin gehiegi egiteagatiko nekeak gure zaletasunetatik eta pertsona maiteengandik urruntzen gaitu. Saihestu bakardadea, egizu zure “ihes-balbulen” zerrenda bat, eta eman astia gogoko dituzun jarduerak egiten: paseatzea, irakurtzea, zaletasunak egitea, zinemara joatea, kirola egitea, lagunekin kafetxo bat hartzea …. Gozatu astiaz presarik gabe, ez duzu zertan errudun sentitu atseden hartzeagatik, zure bizitzan aurrera egiteagatik, zure bizitzaz gozatzen jarraitzeagatik».
Aurreko guztia alde batera utzita, IMQ Igurcok, IMQ Ayuda (946 620 400) zerbitzuaren bidez, sektore publikoan nahiz pribatuan eskaintzen diren konponbide soziosanitarioei buruzko orientabide- eta aholkatze-zerbitzu bat eskaintzen du, eta hori baliagarria izan daiteke zaintzaileentzat adinekoen zainketa-beharrak betetzeko.
IMQ Igurco Arabako psikologoak azaltzen amaitu duenez, «zainketak behar dituen eta mendekotasuna duen pertsona bakoitzaren atzean zaintzaile bat dago, eta horrek ere bere burua zaindu behar du eta gainerakoek zaindu behar dute. Ez ahaztu zure burua. Zaindu zure burua gainerakoak zaindu ahal izateko».