- Euskadiko bi enpresa –IMQ Igurco eta Evolv Rehabilitation Technologies– lan egiten ari dira, errealitate birtualaren eta bideojokoen bidez, adinekoei erorikoak prebenitzeko programa bat eskaintzeko.
- Erorikoak prebenitzeko eta tele-errehabilitazioko sistema digital baliozkotua da, adinekoen egoitzetan edo etxean bertan egiteko, beti profesional baten segimenduaz.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Ameriketako Estatu Batuetan bildutako datu batzuen arabera, erori egiten diren adinekoen % 20-30ek lesio arinak edo larriak dituzte, hala nola, hematomak, aldakako hausturak edo garuneko traumatismoak. Izan ere, adina da erorikoen arrisku-faktore nagusienetako bat, eta 65 urtetik gorakoek dute heriotza-tasarik handiena edo lasio larrienak erorikoen ondorioz.
Hori guztia gogorarazi da irailaren 23an, Erorikoen Prebentzioarekiko Sentikortzeko Egunean, hain zuzen, mundu guztian Ameriketako Estatu Batuetako Zahartzearen Batzorde Nazionalak (National Council on Aging) sustaturiko egunean. Batzorde horrek hainbat ekitaldi antolatzen du urtero egun horretan, Erorikoen Prebentzioarekiko Sentikortzeko Egunean, alegia (irailaren 23tik 29ra).
IMQ Igurcoko Geriatriako espezialista Naiara Fernándezek azaldu duenez, “65 urtetik gorakoen lesioekin loturiko ospitaleratzeen % 50 baino gehiago erorikoak dira. Egongaiztasuna –eta, ondorioz, erorikoak– da sindrome geriatriko ohikoenetako bat adinekoen artean. Oso ondorio larriak ditu, esaterako, hausturak edo berriro erortzeko beldurra, mugiezintasuna eragiten duena”. IMQ Igurcoko geriatrak gogorarazi duenez, “65 urtetik gorako pertsona autonomoen % 30 urtean behin erortzen da gutxienez. Ehuneko hori gorantz doa, % 50eraino iristen da, 80 urtetik gorakoen artean. Eta erori egiten diren adinekoen bi herenek berriro eroriko da erori eta hurrengo 6 hilabeteetan”.
Nola prebenitu erorikoak?
Adinekoek egonkortasuna galtzea “zerebeloko funtzio propiozeptibo, bestibular (oreka) eta bisualean gertatzen diren aldaketekin dago loturik, baita egoera kognitiboarekin eta funtzio muskulu eskeletikoarekin ere. Horiek horrela, egiaztatu da muskuluak suspertzeko, malgutasunerako eta martxa eta oreka berrezteko banakako programak egiteak –profesional adituek jarraibideak emanez– errendimendu funtzionala leheneratzen lagun dezakeela”.
Erortzea arazo hedatua da gizatean. “Berri ona da erorikoak prebeni daitezkeela. OMEren arabera, aldizka ariketa neurriz egitea funtsezkoa da erortzeko arriskua murrizteko”. Egoera horren aurrean, IMQ Igurcok eta Evolv Rehabilitation Technologies euskal enpresak Erorikoak Prebenitzeko Programa berria garatzen lagundu dute, adinekoentzat berariaz diseinatutako bideojokoen teknologian oinarritutako osagai anitzeko ariketa baten bidez: VirtualRehab izenekoaren bitartez.
Errealitate birtuala etxean edo adinekoen zentroetan erorikoak prebenitzeko
Erorikoak Prebenitzeko Programak, hardware eta software berriak, adinekoek etxean erraz erabiltzeko moduan berariaz diseinatu direnak, barne hartzen ditu. Osagai hauek dauzka programak: ukimen-pantaila, miniordenagailua, erabiltzailearen mugimendua atzematen duen kamera-sentsorea eta Internet konexioa. “Programaren ariketak beren-beregi hautatu dira erresistentzia eta muskuluen indarra areagotzeko, baita oreka, martxa eta malgutasuna hobetzeko ere, betiere segurtasuna kontuan izanda. ‘Exergames’ bezala ezagutzen direnen –ariketa-jokoak, alegia– diseinuak dibertigarriago egiten ditu ariketak eta, hortaz, adinekoaren motibazioa sustatu egiten da”, adierazi du Amaia Ramos IMQ Igurcoko fisioterapeutak.
IMQ Igurcoko Erorikoak Prebenitzeko Programa, erorikoei aurrea hartzeko hiru euskarri hauetan datza: ariketa, prestakuntza eta dibertimendua. Banan-banako ariketak barne hartzen ditu, bideojokoak, bideotutorialak, ebaluazio errazak eta erorikoak saihesteko aholkuak. “Oso erraz erabiltzen da, botoi bat sakatu besterik ez da egin behar, eta IMQ Igurcoko terapeuta batek prestakuntza eman eta jarraipena egiten du, bera arduratzen baita ariketa-programa erabiltzaile bakoitzari egokitzeaz. Eta programa etxetik egiten bada, terapeuta horrek bideokonferentziak eta bisitak egiten ditu etxean aldian-aldian”, azaldu duAmaia Ramosek.
Amaitzeko, herritar guztiak jasotzaile dituen programa horren helburua hau dela azaldu du IMQ Igurcoko fisioterapeutak: “erortzeko arriskua duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea. Hortaz, IMQ Igurcon dihardugunok, etxean bertan edo zerbitzu soziosanitarioak ematen dituen gure taldeko eguneko zentroetan eta egoitzetan erabiltzeko moduko erorikoak prebenitzeko sistema aurrendaria jartzen diegu eskura. Horretan interesa dutenak 900 107 061 telefonoan edo imqayuda@imq.es helbide elektronikoan lortuko dute nahi beste argibide”.
Esperientzia, 2013. urteaz geroztik
IMQ Igurco aitzindaria da Espainian erabiltzaileen errehabilitazio fisikorako errealitate birtualeko sistemaz baliatzen. Sistema hori 2013ko uztailean hasi zen erabiltzen, IMQ Igurco Unbe egoitzan, hain zuzen. Harrezkeroztik, IMQ Igurcok oreka eta martxa berreskuratu eta errehabilitatzeko erabili ohi du teknologia hori, pertsonen gaitasun funtzionala areagotzearren. Halaber, hauskortasun aurreko egoeran dauden pertsonengan prebentziozko tratamendu moduan erabiltzen da, baita pertsona osasuntsuengan ere, sasoian egoteko ariketen bidez.