- Bilboko IMQ Igurco Bilbozar eguneko foru-zentroko adinekoak Museoko profesional baten mintzaldira bertaratu ziren.
- Adinekoak taldean Museoara joaterik ez dutenez, horko teknikariek hurbiltzen diete euskal meatzaritzaren historia zentrora.
Aurrera egiten eta adinekoei aisia aberasgarria sustatzen jarraitzeko, IMQ Igurco Bilbozar egoitza eta eguneko zentroa –Bizkaiko hiriburuan dagoen eta Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-azpiegituren sareko partaide dena–, joan den urte bukaeratik hitzaldi-programa bat garatzen ari da Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoarekin “Zentroetara joateko programa COVID-19a saihestuz” programaren barruan.
Esparru horren barruan, Alazne Zenekorta, Museoko teknikaria, “Bizkaiko emakume langileak” tailerraren eskutik, emakumeek XIX. mendetik Gerra Zibila amaitu eta gutxira arte egindako lanaz ari izan da.
Alazne Zenekorta honela mintzatu da bisitaldiaren ondoren: “hitzaldia oso esperientzia polita, bestelakoa eta dibertigarria izan da. Edukiak garatu ahala, adinekoek beren oroitzapenak eta esperientziak kontatzen dizkigute, eta hori guztiz aberasgarria da. Gaur egun adinekoak arrisku handiko kolektiboa direnez eta horien artean prebentzio-neurriak zorroztu behar direnez, ekimen horrek aukera eman digu Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa eurengana eramateko”.
IMQ Igurco Bilbozar eguneko zentroko adinekoen bizikidetza-unitate baten aurrean, adituak horrela hasi zuen mintzaldia: “Bizkaian, XIX. mendearen lehen erdialdean, emakumeek zituzten lan-rolek ezaugarri desberdinak zituzten herri-moten arabera, hots, landa-herrikoak ziren (egurra eta garraiatzea, ogia egitea,…) edo kostaldekoak ziren (sareak konpontzea, arraina kontserbetarako prestatzea,…)”.
Azaldu zuenez, Bizkaian XIX. mendearen bigarren erdialdean, Bizkaiko meatzaritzan izandako goraldian, gainerako probientzietatik etorritako immigrazioaren fenomenoa areagotu egin zen. Emakumeak ezkongabeak baziren, litekeena zen hiriguneetan etxe-zerbitzuan lan egiten amaitzea, eta ezkonduak eta alargunak, berriz, meatzaldeetara joan ohi ziren. Meatzaldeetan “emakumeek hainbat lan egiten zuten, horietako asko gogorrak eta gaizki ordainduak, hala nola zamak garraiatzea, lehergailuak egitea edo ostalariak hartzea etxean; hori guztia, etxeko ekonomiari laguntzeko”.
Garapen ekonomikoaren eta horren ondoriozko industriaren loraldiaren eskutik, siderurgia sortu zen Bizkaian. “Esaterako, Sestaoko La Iberia lantegian emakumeek latorrigile lan egin zuten, eta La Madalena lehergai-lantegian, Serantes mendiaren hegalean, lehergaiak kartutxoetan sartzen lan egin zuten. Siderurgiako lan horiek hainbat lanekin batera egiten zituzten, hala nola garbitzea eta jostearekin, edo mandatari eta urketari lanekin”.
Jostunak eta jostun-gaiak ere garrantzitsuak izan ziren garai hartan, eta “talde zehatza osatzen zuten eta berezko ezaugarriak zituzten"; izan ere, jantzi landuagoak eskura zitzaketeen erosteko ahalmen handiko familientzat lan egiten zuten.
Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko teknikariak beste talde bat ere nabarmendu zuen IMQ Igurco Bilbozar eguneko zentroan emandako hitzaldian, hain zuzen inudeak edo hazamak: “askotan, emakume horiek landa-ingurukoak ziren eta seme-alabak herrian utzi eta hirietara joaten ziren lanera, familia dirudunen jaioberriak eradoskitzera”.
Joan den mendeko 20ko hamarkadan, “aldaketa materialak eta ideologikoak gertatzen hasi ziren, eta neskek hezkuntza eskuragarriago izan zuten. Era berean, emakumearen irudia edo itxura ere aldatzen hasi zen: janzkera tradizionaletik, hots, gona orkatiletaraino eramatetik eta ile luzea motots batean bilduta eramatetik, ile motza, gona belauneraino eramatera eta makillajea eramatera igaro zen”. Eta sufragisten garaia ere izan zen.
Emakumeek agertu zuten lan-gaitasunari esker, ordura arte maskulinoak ziren zeregin profesionaletan lan egiten hasi ziren, hala nola medikuntzan, farmazian edo irrati-telegrafoan, baita hezkuntzan, erizaintzan edo idazkaritzan ere.
Gerra Zibilaren aurreko urteetan, emakume langileak “sarriago hasi ziren tailerretan, lantegietan eta bulegoetan enplegatzen”, eta fenomeno hori areagotu egin zen gerra-operazioen garapenarekin batera. Hala ere, gerra amaitu zenean, “egoera nabarmen aldatu zen”.