- Zerbitzu teknologiko berria arrakastaz probatu da hainbat astez IMQ Igurco-ko eguneko zentroetako erabiltzaileekin.
- Konponbide digitala adinekoen gaitasun fisiko eta kognitiboei eustera bideratzen da bereziki, zaintzaileei zaintza erraztu eta senideekiko harremana hurbiltzearren.
COVID-19aren pandemia indarka sartu izana bultzagarria izan da adinekoen arreta arloan dauden proiektu eta behar ugarirentzat, egoera berria dela eta, ikertu, berritu eta garatzeko prozesua bizkortu baitute. Horren adibidea da IMQ Igurco euskal talde soziosanitarioak zaintzaileei etxeko zainketetan, taldeko profesional soziosanitarioek gidatuta, berariazko plan pertsonalizatuak garatzea erraztuko dien plataforma teknologikoa sortzeko egin duen apustua.
Etxeko zaintza-plan pertsonalizatuak garatzeko helburu horri laguntzeko, IMQ Igurco-k Ideable enpresa teknologikoaren teknologia eskuragarria txertatu du, adinekoen zaintzarako Kwido izeneko konponbidearen bidez. Izan ere, bai IMQ Igurco-k bai Ideable-k urteak daramatzate konponbide teknologiko bat diseinatzen, etxeko zaintzak zuzendu, monitorizatu eta laguntzeko.
Kwido teknologiak tableta digitalak eta telefono adimenduak ditu euskarri adinekoen gaitasun fisiko eta kognitiboei eusteko, zaintzaileei zaintza erraztu eta senideekiko harremana hurbiltzearren.
IMQ Igurco-ko eguneko zentroetako zuzendari Eneritz Elgezuak azaldu duenez, «tresna hori behar bezain eraginkorra eta erabilerraza den jakiteko, hainbat astetan zehar proiektu pilotu bat garatu dugu gure eguneko zentroetako erabiltzaileekin, eta plataforma berria probatu dugu asteburuetan edo oporretan, esaterako, Aste Santuan, etxean edo kanpoan izandako egonaldietan».
Plataforma teknologiko berriak aukera ematen du, besteak beste, etxean ariketak egiteko, IMQ Igurco-ko terapeuten bideoen bidez, kasu bakoitzerako zehaztu eta pertsonalizatutako zaintza-planen arabera; tableta digitaletan estimulazio kognitiboko zereginak egiteko, gimnasia mentala egiteko eta narriadura kognitiboa prebenitzeko eta moteltzeko; artearen, esaterako, musika-terapiaren, bidezko terapiak egiteko, beharrezkoak diren esku-hartze batzuetarako; bideo-dei eskuragarriak senideekin eta profesionalekin izateko; eta senideek bidalitako argazkiak eta bideoak ikusteko.
Horrela, adinekoek, tableta digitalen bidez, eta zaintzaileek eta senideek, telefono adimendunen bidez, «erabiltzaileei alderdi fisikoetan, kognitiboetan, emozionaletan eta sozialetan laguntzen diete. Hori erabiliz, komunikazioa areagotu egiten da, eta zaintzaileek kalitatezko zaintzak ematea errazten da, IMQ Igurco-ko hainbat jakintza-alorretako profesionalen laguntzarekin eta kasu bakoitzerako zehaztu eta pertsonalizatutako zainketa-planaren arabera. Ez da ahaztu behar eguneko zentroetan medikuntzako, erizaintzako, psikologiako eta gizarte-laneko profesionalek eta erizaintzako zaintza osagarrietako teknikariek lan egiten dutela», adierazi du Eneritz Elgezuak.
Erabiltzaileen iritzi ona
Bestetik, Ideable Solutions-eko zuzendari exekutibo (chiefexecutiveofficer, CEO) Iñaki Bartolomék hau adierazi du: «zerbitzu teknologiko berri horiek hainbat astez erabili ondoren, galdetegiak egin zaizkie erabiltzaileei, zaintzaileei eta senideei, eta emaitzak oso onak izan dira».
Galdetegien erantzunetan emandako iritzien ondorioak hauek izan dira: «erabilerraza izan da sistema adinekoentzat, eta oso erakargarria gainera; izan ere, adineko gehienek plataforma teknologikoa erabiltzen jarraitzeko eskatu dute programa pilotua amaitu ostean. Halaber, zaintzaileen aburuz, sistemak aukera eman die etxean zaintza hobea eskaintzeko beren zereginak edo lan-zama handitu gabe, eta hori oso garrantzitsua da. Era berean, senide gehienek ere adierazi dute sistema adinekoekin erabiltzen jarraitu nahi dutela».
Enpresa teknologiko horren ekintzailearen hitzetan, «datu horien arabera, IMQ Igurco-k eta Ideable-k (Kwido) adinekoei, zaintzaileei eta senideei etxeko zaintzak eskaintzeko teknologiaren erabileraren gainean duten lankidetza areagotzen jarraitzea pentsatu dute».